Goierriko udalekuetara ere heldu da teknologia

pnga_erakutsi-4Teknologia, pixkanaka, bizitzaren alor guztietara heldu da. Baita udalekuetara ere. Aurten, lehenengoz, udaleku teknologikoak antolatu dira Ordiziako Goierri Eskolan. 6 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek robotak egin eta mugikorretarako aplikazioak diseinatuko dituzte.

Camp Tecnológico ekimena duela hiru urte sortu zen Zamudioko parke teknologikoan (Bizkaia). Helburua neska-mutilen aisialdia jarduera teknologikoekin uztartzea da, eta horretarako, robotak eta bideo-jokoak egiten dituzte eta animazio digitala lantzen dute.

Angel Bravo enpresaria da ekimen honen bultzatzailea. Bere semearentzat teknologiarekin lotutako jarduerak bilatzen aritu zen, Ameriketako Estatu Batuetan daudenen antzekoak, eta ez zuen halakorik aurkitu. Hori dela eta, 2011n Camp Tecnológico sortu zuen.

Egitasmoa hiri ezberdinetara zabaldu da (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Bartzelona, Iruñea, Madril, Santander eta Logroño) eta aurten Goierrira helduko da. Iaz 1.000 gaztek parte hartu zuten udaleku hauetan.

Kanpamenduak hiru areatan banatuta daude. Bata robotikarena da. Bertan, parte hartzaileek robotek nola funtzionatzen duten ezagutuko dute eta nazioarteko lehiaketetan parte hartuko duten robot konplexuak egingo dituzte. Talde honek mekanika eta ingeniaritza landuko ditu.

Animazio tailerretan parte hartzeko aukera ere izango dute. Neska-mutilek istorioak sortzen ikasiko dute. Horretarako, Stop-Motion teknika erabiliko dute. Azkenik, CampTecnológico-k mugikorretarako aplikazioak eta bideo-jokoak diseinatzeko aukera ere eskaintzen du.

Helburua gazteak estimulatzea da: teknologia kontsumitzaile huts izatetik, teknologia sortzaile izatera pasa daitezela. Egunero erabiltzen dituzten aplikazio edo jokoen atzean zer dagoen ikusiko dute eta ezagutza, sormen eta esfortzu pixka batekin sortzaileak izan daitezkeela jabetuko dira. Informazio gehiago nahi dutenek, camptecnologiko.com helbidean topatuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>