Ihesalditik agerira

«Hamazazpi urte nituela ihes egin beharra gertatu zitzaidan. Nire anaia bikiak, Miguel Angel-ek, Lurdesek eta lauok egin genuen ihes.?Garai zailak ziren». Xabier Arin iheslari ataundarraren hitzak dira. Beste askok bezala, arrazoi politikoak zirela medio familia eta jaioterria utzi eta muga zeharkatzea erabaki zuen 70eko hamarkadan. Gaur egun 500 bat iheslari politiko daude munduan zehar barreiatuta; horietatik 100 inguru?Ipar Euskal?Herrian, eta gainontzekoak atzerrian, ezkutuan, errefuxiatuta edo konfinatuta. Konponbideari begira zabaldu den egoera berriaren aurrean, ezkututik atera eta hitz egitea erabaki dute, beraien egoerak ere konponbidea behar duela aldarrikatzeko.

Ipar Euskal?Herrira ihes egin zuten aurrenekoetakoak izan ziren Ataungo lau gazte haiek.?Geroztik, askoz gehiagok hartu izan dute bide bera. «Gu gazte-gaztetatik oso konprometituak geunden zegoen egoerarekin, Burgosko prozesua, ondoren izan ziren manifestazioak… epaiketa izan genuen Loiolako koartelean, gerra kontseilu bat, 16-17 urte genituela. Ordurako hasiak ginen euskal arazoari erantzun bat eman nahian, hartu genituen gure engaiamenduak eta erakundean sartu ginen». Beasaingo?CAF lantegian egindako ekintza baten ondorioz hasi zen polizia haien atzetik. «Guardia Zibilak herria hartu zuen, tiroketak eta hilketak izan ziren, eta ihes egin beharrean gertatu ginen, oso egoera zailean, ze gogoan dut bi mila Guardia Zibilen hanka tartetik atera ginela herritik».

Iparraldera iritsi zirenean, bizimodu berri bati ekin behar izan zioten, zerotik hasita. «Dena utzi genuen: familia, gurasoak, anai-arrebak… dena utzi eta beste bizitza berri bat». Gogoan du iritsi orduko bertako jendearen babesa eta laguntza jaso zutela. «1974an ez zegoen iheslari askorik, baina baziren bakan batzuk, eta haiei esker, laguntza izan genuen, bai etxea eta bai lana. Hemengo jendeak momentu zailetan asko lagundu digu. Beti sentitu izan gara babestuak, baita momenturik zailenetan ere.?Azkenean, herrian egon gara eta herriko jendeak lagundu gaitu».

Urterik beltzenak
Xabier_Arin_iheslaria1975. urtetik aurrera iritsi zen «garairik beltzena», urte haietan hasi baitziren ETAko militanteen kontrako atentatuak.?«Lehendabizi AAAren izenean, eta gero denok ezagutzen dugun GAL famatu hori. Gauza gogortzen hasi zen eta neurri handiak hartu behar izan genituen, geure burua arriskuan ikusten genuelako». Eta arriskua benetakoa zen, gertutik bizi izan baitzituzten kide eta lagunen hilketak. «Lagun pilo bat gelditu ziren bidean; ezin da ahaztu Estatu espainolak lagunduta edo bultzatuta, eta Estatu frantsesaren kolaborazioarekin, hemen 20 lagunetik gora erahil dituztela, eta kasu horiek ez direla inoiz argitu».

Baina atentatuez gain, izan zen bestelako ‘zigorrik’ ere iheslarientzat. «Modu askotako neurriak egon dira. Atentatuak ez baziren kanporatzeak. Atentatuak gelditu zirenean, Estatu frantsesa hasi zen buru belarri Espainiari laguntzen, eta ehunka iheslari izan ziren kanporatuak, Estatu espainolera edo atzerrira, bai Afrikako uharteetara eta bai Hego Amerikako herrialdeetara».

Arinek berak ere ezagutu zituen neurri haiek, bai konfinamenduak eta baita kartzela ere. Alpeetan eta Yeuko uhartean denboraldiak pasa behar izan zituen, eta espetxealdia ere ezagutu zuen. «Hura bereziki gogorra izan zen, semea jaio berria zelako, hiru hilabete zituen, eta Fresnes Pariseko espetxerik zaharrena zelako».?Bi urte egin zituen han. Behin handik aterata, «gauzak pixka bat lasaitzen» hasi zirela dio. «Nire bizitza ere ‘normalizatzen’ hasi zen. Lanean jarraitzen dut, 23 urte badira lanean ari naizela». Gaur egun Azkainen bizi da, eta bertakotuta dago erabat. «Iparraldekoa naiz, nahiz eta nire sorterria Ataun izan. 39 urte egin ditut hemen, han pasa nituenak baino askoz gehiago, 17rekin etorri bainintzen». Hangoa du emaztea eta bere bi seme-alabak ere han jaioak dira. Herriko kantu taldean eta mendizale elkartean dabil, baita udaletxean eta ikastolen mugimenduan ere. «Baina beti bada nahi bat, edo esperantza, egunen batez itzuli ahal izatekoa. Ze oso gogorra egiten zait 40 urtean Iparraldean bizitzen egon eta Hondarrabiara edo Donostiara joateko aukerarik ez izatea, eta jakitea ez dudala joateko aukerarik izango».

Ihes egin zuenetik pasa diren ia 40 urteotan jasotako babesa eskertu nahi izan du, batez ere familiak emandakoa.?«Lehenik aipatu nahi nituzke aita eta ama, beti izan dute esku bat luzatuta, beti izan dugu haien laguntza eta izugarrizko exenplua eman digute; anai-arrebak, nola ez, kontuan izanda haietako bi izan zirela hemen nirekin, eta arreba kartzelan, eta beste anai-arrebek ere jasan zituztela une zailak. Horiei esker atera gara aurrera, eta guk geuk ere gauzak garbi genituelako, ze hemen baldin bagaude, gatazka bat dagoelako da, eta gatazka horri aterabide bat eman behar diogulako».

Konponbideari begira
Euskal?Herriko gatazka konpontzeko sortu den aukeraren aurrean, euskal iheslari politikoek pausoa ematea erabaki dute, aurpegia eman eta «hemen gaude» esatea. Haien egoerak ere, presoenak bezala, konponbide bat behar dutela uste dutelako. «Kolektibo bezala nahi genukeena da gatazka honi irtenbidea eman behar zaion momentuan, estatuekin konponbide hitzartu bat behar dela aipatzen denean,  presoekin bezala, iheslariekin ere gauza bera egitea, hau da, bide orri bat markatu, ze egoeratan dagoen jendea eta ze pauso eman behar diren jende horrek etxera etortzeko bidea izan dezan».

Konponbide horren bidean, argi dute eman beharreko pausoak zein diren. «Gure bide orria, iheslariok nahi duguna, Euskal Herri osoan bizitzeko aukera izatea da. Gu Iparraldean gaude, baina ez dugu aukerarik Hegoaldean bizitzeko. Eta azpimarratu nahi dut, kanpoan daudenak behar ditugula etxera ekarri, herrira ekartzeko aukerak jarri.  Ezin ditugu ahantzi. Ze mota askotako iheslariak gaude; bagaude Iparraldean lanean ari garenak, badaude Iparraldean edo Estatu frantsesean gordeta daudenak, badaude iheslariak Ameriketan edo beste uharte batzuetan kanporatuak daudenak, eta horiei denei bidea jarri behar diegu etxera ekartzeko. Hori da gure lehentasuna».

Xabier_Arin_iheslaria(1)

Iheslariek beraien konpromiso eta eskaerak plazaratuko dituzte bihar

Euskal iheslari politikoek konponbidearekin duten konpromisoa agertzeko, eta beraien egoera gizarteratzeko ekitaldia egingo dute bihar, Miarritzen. Eta hainbat eragilek bultzatuta, gatazka honen eta konponbidearen inguruan mugitzen diren Euskal Herriko eragileen laguntzaz antolatutako ekitaldia da, baina beraien nahia, «herriaren babesa, arnasa eta laguntza» jasotzea da, «uste dugulako herriak emango digula aukera etxera itzultzeko, ez digute estatuek emango, guk hartuko dugu, baina horretarako herriaren bultzada eta babesa beharko dugu». Festa giroko ekitaldia izango da, baina aldarrikapen kutsukoa. Goizeko 11:30ean ekitaldi politikoa egingo dute Irati aretoan.?Ondoren herri bazkaria izango da, eta 19:00etan hasita, dohako kontzertuak; Gatibu, Gose, Iheskide eta Ze Esatek! taldeek joko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>