Bat eta bat

Inazio Usarralde
Aizan, Joxepa, edukitzeaz eta ez edukitzeaz arituko al gara? Zorionekoa oraintxe egun batzuk opor gehiago dituena pentsatuko dun akaso. Ba ez, ez noan hortik. Gehiago noan beste honetatik: Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona zioen Xabier Leteren letra gogoangarriak. Eta hori egia izanik ere, pentsatzen jarri al haiz, mundu honetan, sarri, gutxien daukanak erakusten duela irribarrerik loratuena eta daukan apurra elkarbanatzeko prest izaten dela. Denok dizkinagu gogoan miseria gorrian bizi diren munduko leku ezberdinetako bizilagunen gisa horretako argazki ugari.

Honetaz guztiaz pentsatzera iritsi naun, uda honetan Goierrin ezagutzeko aukera izan dugun abeslari bikote batekin momentu eder batzuk bizitzeko zoria izan dugunean. Las dos D ahizpa kubatarrez ari naun. Hura indarra, poza eta bizi-gogoa erakutsi eta transmititu digutena Euskal Herrian barrena eskaini dituzten emanaldietan! Goierrin, Lazkaon ez ezik, Beasainen, Idiazabalen, Ataunen eta Urretxun entzuteko aukera izan dinagu. Ez zaidan berehala ahaztuko Lazkaoko kantaldiaren ostean izan genuen tertulia luzea. Kuban bizi duten egoera larriaz jakitun, sinesgaitza egiten dun ahizpa horien umiltasuna, horien bizitzari begiratzeko modua eta, azken batean, horien klasea! Hitz batean, bizi-poza jaso geninan merke-merke eurengandik eta eurei ere guretik eman genienan. Ni horretan nion.

usarralde_madariagaA, eta bizipoza zabaltzen segitzeko aukera ezin hobea izango dinagu Lazkaon, irailaren 22an, Irrien Lagunak-en eskutik izango dugun festan.

 

Joxepa Madariaga
Musuak, ematea eta hartzea. Irribarreak eskaintzea eta jasotzea. Harri-koxkorrak erreka-zulora bota eta txapla! entzutea. Itsasoaren gorabeherei eta olatuen joan-etorriei begiratzea. Pago azpiko itzalean lo kuluxka egitea. Hodeiekin haizeak egiten dituen marrazkiei begira egotea… Ba al zagok hori baino plan politagorik, zoriontsu izateko? Aipatutakoak denok dizkiagu eskuera, jabetu eta baloratu egin behar, ordea, eta horixe egiten ez zakiagu. Pena.
Pertsona bakarrik ez garenez, ordea, gizarte eta herri ere bagarenez, zerbait gehiago behar diagu zoriontsu izateko, Kubako kantariek erakutsi zigutean bezala. Iraultzak lotzen gaitik bi herriak: Kubako iraultza ondorenean jaioak dituk Daniellis eta Danieuris ahizpak eta Euskal Herriko iraultza aurreko egoera (hala ote?!) ezagutzeko aukera izan diate gure artean eman duten denboran. Gurasoei eta aitona-amonei entzuten dizkieten Kubako kontu asko, Euskal Herrian bizi izan dizkiate. Asko eman zigutek eta guk ere bai beraiei, nonbait. Eskerrik asko eta segi dezagula elkarrengandik ikasten.
Bizipozerako gonbita ere jaso diat, bai, «Sentitu, pentsatu, ekin!», Lazkaon 22an. Elkar ikusiko diagu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>