San Adriango leizeak eta inguruek denborari buruz hitz egiten dute. Adolfo Moraza Aranzadi elkarteko arkeologoaren eta historialariaren arabera, «Euskal Herrian badaude hainbat leku mitiko, eta San Adrian horietako bat da». Izaera mitikoa ez dio bakarrik historiak berak ematen, naturak berez sortutako pasabidea baita, «gizakiak gerora moldatu duena».
Zegamako Udalaren eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren lurretan dago San Adrian. Aranzadi elkarteak azken bost urteetan paraje haietan egindako arkeologia indusketen emaitzak Sandrati, denboran zehar igarobidea erakusketan bildu dituzte. Erakusketa Zegamako Anduetza baserrian ikusi ahalko da, urtebetez. «Ikerketa mota hauetako emaitzak biltegi batean gordetzea da ohikoena; gure helburua orain arte aurkitutakoa gizarteratzea da».
Bi zatitan banatu dute erakusketaren edukia. Alde batetik, informazioa ematen duten bost dorre daude. Lehenengo dorrean leizearen eboluzio fisikoa azaltzen dute, azken urteotako ikerketak aintzat hartuta. Bigarren dorrean orain 14.000 urteko hastapenetatik abiatuta, gizakien egonleku gisa aurkezten dute ingurua. Hirugarren dorreko ardatza gaztelua da, eta laugarrenekoa, galtzada.
Bosgarren dorrean pasabidea abandonatu zuteneko azken faseraino iristen dira, aurreko mendearen hasierara arte, hain zuzen. Informazio hori guztia emateko argazki zaharrak, marrazkiak, mapak eta krokisak erabili dituzte. «Informazio ugari ematen dugun arren, oso bisuala da».
Aurkikuntzak ikusgai
Erakusketaren beste atalean Paleolito aroko piezak (orain 14.000 urte), Brontze arokoak (orain 3.500 urte) eta Erdi Aroko piezak ipini dituzte. «Material originalak dira, bertan aurkitutakoak eta erreprodukzioak». Hala ere, ikusleek igitai zati bat identifikatu ahal izateko igitai osoa jarri dute, adibidez.
Aurreko hori guztia aurkitu daiteke erakusketan. Dena dela, Morazak gomendio bat luzatu nahi die bisitariei: «Lehenengo San Adrianera joan daitezela, eta gero erakusketa ikus dezatela». Bertatik bertara baino ezin baita nabaritu tokiaren ukitu mitiko hori, denboraren giltza denaren sentipena.
Arkeologoaren argota erabili du Morazak San Adrianen egindako aurkikuntzen berezitasun nabarmen bat azaltzeko: seriazioa. «Hau da, une ezberdinetan gizakiaren bizilekua izan da, etenik gabe. Eta han bizi izan direnek hondar aberatsak utzi dituzte».
Aranzadikoek 2008an lanari ekin ziotenean ez zuten espero hainbeste denbora emango zutenik: «Hilabeteko lana zela uste genuen, baina bost urte daramatzagu, eta ez dugu oraindik bukatu». Arkeologoak gero eta sakonago industen ari dira, eta orduan eta atzerago doaz denboran. «Orain arte hiru bat metro egin dugu behera, eta beste hiruzpalau metro geratzen zaizkigulakoan gaude».
Kobaren harri artean zein kanpoaldean paleolitoko ehiztarien eta biltzaileen ebakitzeko, zerratzeko zein karrakatzeko suharrien aztarnak aurkitu dituzte. Brontze aroko nekazarien eta abeltzainen larrua lantzeko tresnak topatu dituzte. Kobaren tuneletan gorpuzkien hondarrekin egin dute topo; tumulu bat ere aurkitu dute, gertu.
Egun, basoan gora dagoen tokian gizakiak orain 14.000 urte zergatik elkartzen ziren azaldu du Morazak: «Denetarik zutelako, erreka, fruituak zein ehizatzeko piztiak». Orduz geroztik, gizakiek nomadak izateari utzi ziotenean ere bizileku izan dute San Adrian.
Gerora toki estrategikoa izateari ez dio utzi. «Pasabide garrantzitsua izan da, baita kokaleku garrantzitsu bat ere, hasi Erdi Arotik eta aurreko mendera arte». Seriazioa 1913an leizean geratzen zen azken etxeak su hartu zuenean eten zen. Mugak zaintzen zituzten mikeleteak izan ziren azken bizilagunak.
Urrezko garaiak ezagutu ditu San Adrianek. «Pasabide nabarmena izan zen. Gaztelua, ermita eta ostatu handia zeuden han, egungo autopistako geralekuen antza zuen», agertu du, grafikoki, Morazak. Gainbehera XVIII. mendean Gipuzkoako Foru Aldundiak Arlabaneko portua Arabara egiteko igarobide nagusi gisa aukeratu zuenean hasi zen.
Aurkikuntza guztien artean urrezko txanpon txiki bat ere topatu dute arkeologoek, iragandako urrezko aroen lekuko. Denboraren berbaroa ez da orain artean isildu San Adriango leizean barrena zein inguruko parajeetan.