Pasa den asteburuan Vichyn (Frantzia) egin den Ironman proban parte hartu du Gema Hernandez triatletak (Urretxu, 1978). Oso gustuko du kirola, eta labide ere bihurtu du. Zumarragako Ispilla kiroldegian egiten du lan eta duatloietan eta triatloietan parte hartzen du.
Iaz, ordea, Ironman proba batean parte hartzea erabaki zuen, eta Frantziakoa izan da lehena. Emaitza bikaina lortu du, gainera: 35 eta 39 urte arteko emakumeen artean Europako txapeldun tituluarekin itzuli da Vichytik.
Zer moduzko esperientzia izan da Ironmana?
Oso esperientzia polita eta positiboa izan da, eta oso gustura geratu naiz. Asko gustatu zait, gainera, proba. Beldur handiarekin joan nintzen, froga oso luzea delako eta aurretik ez neukalako halakorik eginda. Indarrak neurtu behar nituela banekien, eta hasieratik lasai-lasai hartu nuen, eta asko disfrutatu dut. Horrelako froga bat bukatzeak emozionalki ematen dizun poza ere izugarria da, beste proba batzuetan baino gehiago, prestaketa ere gogorragoa izaten delako.
Europako txapeldunorde geratu zara. Helburu zehatzen bat bazenuen denborari dagokionez?
Helburua bukatzea zen, eta beste dena bakarrik etorri da, bila joan gabe; ez nintzen emaitza hori lortzeko asmotan joan. Baina hala gertatu da eta oso pozik nago. Proba hasieran erritmoa hartzea pixkat kostatu zitaidan, baina behin erritmoa hartuta oso gustura aritu nintzen, itomenik gabe, ondo janez eta ondo hidratatuz. Distantzia oso luzeak dira, eta beldurra ematen dute, baina lasai hartuta helmugara iristen da.
Noiz erabaki zenuen Ironman proba egitea? Eta zergatik Vichyn?
Iaz hartu nuen erabakia, orduan ikusi nuen gai neure burua Ironman proba egiteko. Vichyko Ironman erdia egin nuen pasa den urtean eta asko gustatu zitzaidan. Batez ere, bizikletako ibilbidea izan zen erakarri ninduena, laua delako. Hobeto moldatzen da nire ezaugarrietara. Horrez gain, proba udan izateak garrantzia izan zuen aukeraketa egiterakoan, prestatu ahal izateko denborarik ez nukeelako izango bestela.
Izan ere, 5 urteko alaba duzu, eta horrek, besteak beste, entrenamenduak egiteko denbora murriztuko dizu.
Malenek denbora eskatzen du noski, eta Zumarragako igerilekuan lan egiten dudanez, urtean zehar ikastaroak eman behar izaten ditut. Neguan edo udaberrian ezingo nuke horrelako probarik egin, ezingo nuke behar bezala prestatu.
Etxekoek zer esan zizuten Ironman proba egiteko asmoa zenuela jakin zutenean?
Senarrak normaltasunez hartu zuen. Gustuko du kirola orohar, eta alboan izaten dut beti. Nire mekanikaria, argazkilaria… da. Akuilu garrantzitsua da oso niretzat Asier, Itsaso Leunda entrenatzailea bezala. Asko lagundu didate. Gurasoek erotzat hartu ninduten berria jaso zutenean, horrelako probak egitea ez dela batere osasungarria esan zidaten.
Osasungarria izan ala ez, probak eskatzen duen ahalegina ikusita, ez da hain arraroa hori pentsatzea, ezta?
Egia da ondo prestatuta egotea eskatzen duela era honetako proba batek. Fisikoki eta psikologikoki. Baina horiexek dira zehazki gogoko ditudanak, froga luzeak. Bakoitzaren erronka pertsonala da. Gainera, lehiatzea da gustatzen zaidana, ez sailkapenari begira, baizik eta helburu bat jarri eta hori lortzeko entrenatzea. 2007an egin nuen lehen triatloia, proba egiteko, eta begira orain. Gozatzea da nire helburua, oreka mantenduz.
Gozatzeko, ordea, ondo prestatuta egoteaz gain, indarrak ondo gorde edo banatzen jakin beharko da.
Helburuak markatzen du asko hori. Bost Ironman erdi egin ditut eta proba guztietan ikasi dut zerbait. Monegros-eko (Aragoi) proban, esaterako, oso ondo sentitzen nintzen, baina gehiegi fidatzeak larri pasarazi zidan. Ez nuen behar bezala jan eta edan, eta hidratazio faltak proba bertan behera uztera behartu zidan ia. Oso burugogorra naiz, ordea, eta amaitu nuen azkenean. Janaren eta edanaren kontrolak distantziak baino gehiago kezkatzen nau. Norbere gorputza ezagutzea oso garrantzitsua da.
Monegrosen, Valladoliden, Zarautzen, Bilbon… egin duzu triatloia aurten, besteak beste. Triatloiak nahiz duatloiak egiten dituzuenontzako egutegia gero eta zabalagoa da.
Duela urte batzuk triatloia eliteko kirol modura ikusten zen, aukera gutxi batzuek zutela zirudien. Gisa horretako probak egiten zituena beste koska batean bezala zegoen. Gaur egun aldiz, ez da horrela. Zabaldu egin da eta gero eta jende gehiagok egiten du, hortik probak areagotu izana. Are gehiago, hainbat frogatan izena eman ahal izateko azkar mugitu behar izaten da. Emakumezkoen parte hartzea ere goraka doa.
Emaitzei begiratuta, garaipen eta postu on asko dituzu aurten egindako neguko triatloi, duatloi, eta triatloietan. Besteak beste, Espainiako txapelduna zara F35-39 mailan, Euskadiko txapelduna ere bai, laugarren egin zenuen Bilbon…
Ez nituen espero inondik inora. Aurrez ere esan bezala, gozatzea izaten da nire helburua, sailkapena bigarren mailan geratuz. Bilboko triatloiean laugarren egin eta saria jasotzera joan nintzenean tokiz kanpo sentitu nintzen, hura beste baten lekua balitz bezala. Poz bikoitza izan zen. Honetaz bizi naizela uste du jende askok, baina proba hauek egiteko ordaindu egiten dut.
Orain bost urte espero ez zenuen tokian zaude eta Ironmana zer den ere ezagutu duzu. Hurrengo sasoirako probak urte amaieran erabaitzen dituzun arren, Ironmana berriro egiteko asmorik baduzu?
Asko gustatu zait esperientzia eta ia hurrengoa noiz eta non egin pentsatzen ere aritu naiz. Vichytik bueltan autoan senarrarekin netorrela, datak begiratu eta nora joan gaitezken pentsatzen aritu ginen. Gainera, horrelako probak bidaiatzeko ere aprobetxatzen dugu, eta ia hasi gara hurrengo urteko plana egiten. Beraz, ez dut ezetzik esango, eta asko gustatuko litzaidake esperientzia hau errepikatzea.