Olaberriko baserrietan

Ibilbidea__OlaberriaOlaberriko plazatik abiatuko dugu ibilbidea. Hilerrira aldeko bidea hartu eta plater hausketako gunetik aurreraxeago joanda, eskuinera dagoen lehen pistari helduko diogu. Arramendi baserritik Lazkaora doan bidea da berau. Aldapa behera goaz, eta malda handituz joango da pixkanaka. Aurreraxeago, eskuin aldean dagoen lurrezko pista hartuko dugu. Langa pasa beharko da, eta maldan behera eginez, Etxeberri Goikora iritsiko gara. Bide zati horretan lokatza pilatzen da, baina lokazti handia dagoenerako bada beste bide bat, luzeagoa bada ere:  pistan aurrera jarraitu daiteke Arramenditik barrena. Arramendi baserria historia handiko baserria da. Lazkaok eta Olaberriak Areria udala osatzen zutenean, udaletxea izan baitzen. Lazkaora jaitsi eta errepidez jarraitu dezakegu Errekalde auzora.

Errekalde auzoa
Biderik laburrena aukeratuta, Etxeberri Goikoa baserrira iritsiko gara.  Behi esne ekologikoa, jogurtak, oilaskoak, haragi ekologikoa eta baserriko produktuak saltzen dituzte bertan.

Bideari jarraituz, Etxezuri sagardotegiko sagastien artean,  Olaberri eta Lazkao arteko errepidera jaitsiko gara. Espaloi estua dago bidearen ertzean. Eskuinera,  Otsoategi baserri ederraren aurretik pasatzen den bidetik joango gara. Armarria duen baserria da Otsoategi. Olaberriko beste auzo batera iritsiko gara: Errekalde auzora. Bideari jarraituz, ezker aldean, Etxezuri sagardotegia eta bere sagastiak ikusiko ditugu. Egarria duenarentzat auzolanean konpondutako iturria du bertan. Iturritik eskuin alderako bidea hartuko dugu, Sustraitz erreka lagun dugula. Borda baserriraino iritsiko gara. Zuzeneko haragi salmenta egiteaz gain, landetxea ere bada  Borda.

Bidean aurrera eginez, Ammoskategi baserrira iritsiko gara. Atsedena hartuz ur freskoa edateko aukera ere badago Amoskategi baserriaren ondoan dagoen iturrian. Parez pare ikusten da Olaberriko Udala Amoskategitik Aranguren aldera berritzen ari den oinezkoen bidea. Oraindik ere egokitze lanetan ari direnez, Olaberria eta Lazkao arteko errepidetik igoko gara herriraino. Iturri aurrean eskuinera hartuko dugu horretarako. Aldapa handi samarra dago errepidea hartu bitartean. Espaloitik, aldapan gora, berriz ere Olaberriko kaskora iritsiko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>