Musika odolean

Juanito_Idiakez__Ezkio_ItsSanta Zezilia eguna, musikarien eguna da gaur, azaroak 22. Musikari sena odolean eramaten den edo ez esaterik ez badago ere, familiak zerikusi handia izan dezakeela, behintzat, kontu jakina da. Goierrin ere familia asko daude, belaunaldiz belaunaldi, afizio hori ondorengoei transmititu dietenak. Horietako bat da Zumarragako Idiakez familia.

Atanasio Idiakez birraitona, Juanito aitona, Lurdes alaba eta Lourdesen bi semeak musikarekin estu-estu lotuta egon dira, eta daude egun ere. Birraitona eta aitona Ezkio-Itsasokoak ziren eta biak izan ziren elizako organojole. Juanitok, organua jotzeaz gain, eskusoinua eta solfeoa ere ikasi zituen, eta Zumarragara bizitzera joan zenetik herriko haurrei musikan alfabetizatzen eta eskusoinua jotzen irakatsi zien arratsaldetan, goizez

Orbegozon lan egin ondoren.
Bere alaba Lurdesek ondo gogoan ditu etxeko musika-soinuak: «Jaio ginenetik entzun dugu musika etxean. Aitak etxean entseatzen zuen, eta etxeko lanak egiten nituen bitartean nola entzuten nuen gogoratzen dut. Ikasle dezente etortzen ziren etxera solfeoa eta eskusoinua ikastera ere». Musika talde batean ere aritu zen teklatua jotzen. Bodetara eta antzeko ospakizun puntualetara joaten zirela kontatu du.

Hori gutxi ez, eta Ezkio-Itsasoko abesbatza sortu zuen Juanitok duela 25 urte, Orbegozon jubilazioa hartu zuenean. 85 urte zituenean utzi zuen abesbatzaren zuzendaritza, eta egun Xabier Barriolak gidatzen ditu Ezkio-Itsasoko abeslariak. Donostian bizi da egun, eta adin horrekin hainbeste joan-etorri egiteari uzteko unea zela ikusi zuen.

«Musikak asko esan nahi du niretzat, eta nire bizitzaren zati handia da», dio Juanitok. «Nire ustez, denok jakin beharko genuke musika pixka bat, bizigarria delako», gehitu du.
Berak ere gogoan ditu bere aitagandik jasotakoak: «Sei urte nituenean abestu nuen lehen motetea herriko elizan. Moteteak partitura txikiak dira, eta aitak prestatu zidan hura, okasiorako. Aitak organoa jo eta nik abestu egin genuen». Musika hamalau urtera arte ikasi zuen bere aitagandik, eta hamalau urterekin hasi zen Orbegozon lanean. Baina, lantegitik kanpo tinko eutsi zion musikarekiko zaletasunari eta, batez ere, zaletasun hori besteei transmititzeari.

Juanito_Idiakez_bere_hiru_Juanitoren seme-alabek ere jarraitu diote familiako afizioari. Seme zaharrenak, Jose Antoniok, eskusoinua jotzen ikasi zuen aitarekin, eta Pili eta Lurdes alabek pianoa jotzen ikasi zuten.

Jarraipena duen afizioa
Lurdesek, Juanitoren alaba gazteenak, Legazpiko ikastolan lan egiten du, musika irakasle bezala. Pianoa jotzen ikasi zuen gaztetan eta egun Zumarragako Goiargi abesbatzean abesten du, urte askoan. Oso musikazalea da bera ere, eta bere bi semeei ere musikarekin gozatzen irakatsi die.

Alain Beltza da Lurdesen seme zaharrena eta musikalki, honek ere, ibilbide azpimarragarria du. Zumarragako bandan ibili zen hamar urtez oboea jotzen, Legazpiko batukadan hamaika urte daramatza, Batuband taldean aritu zen (batukada, tronpeta eta saxofoia batuz), eta azkenaldian Samba Dzanga taldean ere badabil, Brasilgo musika lantzen, Sanbatik Edanaz.

Bere anaia Markelek ere Zumarragako bandan jo izan zuen zenbait urtez tronpeta, eskubaloiari heldu aurretik.

Alainek, bere amak bezala, «etxean, soziedadean, autoan…» etxekoekin asko abestu izan duela dio. «Aitonak, gurasoek, osaba-izebek…. asko abestu izan dugu, normalean pianto baten bueltan jarrita», kontatu du.

Alainentzat ere musika «oso garrantzitsua» izan da bere bizitzan. Musika, ordea, alde guztietan dagoela dio Alainek. Alfabetatuak egon ez arren ere, «oinez goazenean, txalo egitean… denok sortzen dugu musika, inkontzienteki bada ere».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>