«Kaleko ekintzen helburua artea mundu guztiari helaraztea da»

Julen_Etxezarreta_artista_Julen Etxezarretak (Urretxu, 1986) kolorez eta umorez jantzi ditu Urretxu eta Zumarragako toki triste eta zikinenetako batzuk: Sarralde enpresa eta Sekundino Esnaolako pasabidea.

Zein ikasketa egin dituzu?
Donostian Diseinu Grafikoa ikasi nuen eta Andoainen Argazkigintza Laborategia. Gainera, Lopez de Zubiria argazkilari legazpiarrarekin praktikak egin nituen. Baita Poloniako albiste agentzia batean ere. Oso gustura egon nintzen. Ondoren, Photoshop ikastaroak eman nituen kultur etxean.

Nolatan hasi zinen Arte Ederrak ikasten?
25 urtetik gorakoentzat azterketa egin behar izan nuen, bere garaian ez bainuen Batxilergoa egin. Beti nahi izan dut Arte Ederrak ikasi. Diseinu grafikoak eta argazkigintzak ez ninduten asebete.

Zertan ari zara orain lanean?
Azkenaldian, eskultura ikertzen ari naiz. Materiak nola hitz egiten digun. Dena den, teknologia berriekin esperimentatzea ere gustatzen zait. Albistegi bat grabatu nuen albiste faltsuekin eta Fox tabernan eman nuen, jendearen erreakzioa ikusteko.

Erakusketarik egin al duzu?
Olioz egindako margolan batzuk ditut eta herriko tabernetan eskaini behar ditut. Erakusketa aretoetara joan aurretik, tabernetako bezeroek nola erreakzionatzen duten ikusi nahi dut.

Zer ikusi daiteke zure lanetan?
Normalean lan figuratiboak egiten ditut, baina irakasleek errealismoarekin apurtzeko esan didate. Saiatzen ari naiz eta, egia esan, gozatzen ari naiz. Beharbada zer edo zer interesgarria aterako da hortik.

Kaleko jendeak artea estimatzen duela uste al duzu?
Ez behar bezainbeste. Ez dakit norena den errua. Nire ustez, hezkuntza munduan gehiago egin daiteke artearen alde. Kalean egin ditudan ekintzen helburua hori da: artea mundu guztiari helaraztea eta euren erreakzioa ikustea.

Nola erreakzionatu dute?
Pasabidean, adibidez, Mona Lisa margotu nuen, sudurrean pintza jarrita. Mona Txixa deitu nuen. Apurtu egin zuten. Ondoren, Marilyn Monroe jarri nuen. Hura ere apurtu egin zuten. Ingalaterrako erregina da gehien errespetatzen ari direna! Beste batzuek begiratu ere ez dituzte egiten. Apurtzea nahiago dut ia. Hor behintzat erreakzio bat egon da: egilearen eta ikuslearen arteko komunikazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>