Goierriko labela Bera Bera eskubaloi taldean

Uxue Ezkurdia (ezkerrean), Zumarragan jokatutako Euskadiko Kopan. Argazkia: Gotzon Aranburu

Uxue Ezkurdia (ezkerrean), Zumarragan jokatutako Euskadiko Kopan. Argazkia: Gotzon Aranburu

Bera Bera Euskal Herriko eskubaloi talde garrantzitsuena da eta bertan ere aurkitu daiteke goierritarrik. Edo goierriko labela duenik, behintzat. Uxue Ezkurdiak 19 urte ditu eta donostiarra da, baina bere gurasoak goierritarrak dira: ama ordiziarra eta aita ormaiztegiarra. Gabonetan Euskadiko Kopa jokatu zen Zumarragan eta Ezkurdia bertan izan zen. Bi partidak jokatu zituen eta bost gol sartu zituen guztira.

Aitak Ormaiztegiko taldean jokatzen zuen eta, hala, ez da harritzekoa berak ere eskubaloia hautatu izana. «Eskola kirolean hasi nintzen eta berehala konturatu nintzen eskubaloia nire kirola zela», dio.

Lehen pausoak Aitor ikastolan eman zituen, eta ondoren Egia taldean hasi zen. Bera Bera eta Egia elkartu zirenetik, Bera Bera taldeko jokalaria da. Bera da donostiar bakarra.

Ezker hegalean jokatzen du eta konpetentzia latza du, Eli Pinedok eta Matxalen Ziarsolok ere postu horretan jokatzen baitute. Ezkurdiaren dohain nagusia azkartasuna da.

Gehienetan bigarren taldearekin aritzen da, baina dagoeneko hainbat partida jokatu ditu lehen taldearekin. «18 urte bete berritan estreinatu nintzen Ohorezko Mailan. Maila horretako talde batzuk gurea baino askoz ere apalagoak direnez, bigarren taldekook ere Ohorezko Mailan jokatzeko aukera izaten dugu», aipatu du.
Denboraldi honetan Bera Berak Txapeldunen Liga jokatu du eta Ezkurdiak kluben arteko mundu mailako txapelketa garrantzitsuena ezagutzeko aukera izan du. «Mazedoniara eta Norvegiara joan nintzen eta Donostian partida bat jokatu nuen. Telebistan ikusten ditudan jokalarien aurka jokatzea sekulakoa izan zen», aitortu du.

Ikasketak
Etorkizunera begira, ikasten, gozatzen eta dituen aukerak baliatzen jarraitu nahi duela aipatu du. Enpresa-ikasketak  ari da egiten eta kirola eta ikasketak uztartzea ez dela gogorra dio. «Goizetan unibertsitatera joaten naiz eta arratsaldean entrenamenduetara. Ondo antolatzea da kontua».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>