«Bi eskuekin kolpe ona dut, baina oraindik irregular samarra naiz»

Xabier Erostarbe (Urretxu, 1994) zazpi urterekin hasi zen Goierri elkartearen pilota eskolan. Egun, Amezketako Zazpi Iturri elkartekoekin jokatzen du.

Xabier_Erostarbe_pilotari_Noiz hasi zinen pilotan?
Bost bat urterekin. Zazpi urterekin, berriz, Urretxuko pilota eskolan hasi nintzen. Kirola beti izan dut gustuko, batez ere pilota. Umetan krosa ere egin nuen.

Beti atzean jokatu al duzu?
Umetan aurrean ere jokatu nuen. Bikotearen arabera.

Noiz hasi zinen Amezketakoekin?
Duela bi urte. Han pilotari oso onak dituzte eta hobeto entrenatu ahal izateko joan nintzen.

Zeresan handia ematen ari den Tolosa ere Amezketako taldekoa zen.
Jaka ere bai. Tolosa ni baino gazteagoa da, baina askotan jokatu dugu elkarrekin. Argi zegoen profesionaletan maila ona emango zuela.

Zeintzuk dira zure erronkak 2014rako?
Maila ona ematea eta gustura gelditzea. Otsailaren 21ean Lezamako finala jokatuko dut Altunarekin. Euskal Liga ere jokatzen ari gara, eta dagoeneko finalerdietarako sailkatu gara. Zumarragako txapelketa ere aurki hasiko da.

Buruz burukoan ondo moldatzen al zara?
Gustatzen zait. Aukeran, pilotaleku osoan hobe. Lau t’erdian ere gustura aritzen naiz, baina aurrelarientzat egokiagoa da.

Zeintzuk dira zure dohainak?
Bi eskuekin kolpe ona dut, baina irregular samarra naiz. Ikasten ari naiz. Bakoitzak bere estiloa du eta ni jotzailea naiz.

Kazetari batek Albisurekin konparatu zintuen.
Ez dago konparatzerik. Albisu atzelari onenetakoa da. Nik neurea egin behar dut.

Enpresak zurekin harremanetan jarri al dira?
Prestaketa fisikoa Tolosan egiten dut, Aspeko Justo Lillo prestatzailearekin. Gainera, Aspeko pilotariekin entrenamendu saio batzuk egin ditut. Nire ametsa profesionala izatea da, baina oso zaila da. Maila altua dago eta, gainera, krisia dela eta, pilotari gutxiago daude. Asko hobetu beharra dut.

Aritz Lasarekin debutatzea gauza handia izango litzateke, ala?
Laguna dut eta ikaragarria izango litzateke bera bikotekide dudala debutatzea.

Zein duzu gustuko pilotaria?
Umetan Beloki gustatzen zitzaidan. Egun, Albisu eta Zabaleta gustatzen zaizkit.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>