Fruta-denda ekologikoa

OLYMPUS DIGITAL CAMERAUrte asko dira Asier Aldamak (Zumarraga, 1976) aspaldiko lagun baten ondoan produktu ekologikoen denda bat imajinatu zuela. Orduko ideia, edo amets hura, egia bihurtu zuen orain zortzi urte. Urte hauetan guztietan produktu ekologikoen merkatuan aldaketak nabaritu ditu. Batik bat, bezero mota aldatu dela dio: «Jende nagusia badator, baina aipagarriena da gazte jende gehiago datorrela orain».

Produktu ekologikoak saltzen ditu Txilarra dendan, zerealak, jogurtak, fruitu lehorrak, pasta eta beste hainbat elikagai eskaintzen ditu. Hala ere, fruta eta barazki ekologikoak dira dendaren bereizgarria. «Gurea ez da belar-denda bat, gurea elikadura denda bat da. Txilarra fruta-denda bat da, non ezaugarri jakinak dituzten produktuak saltzen ditugun».

Denda martxan jarri zuenetik, bezeroak gero eta gazteagoak izateaz gain, gero eta gehiago ere badira. «Barazki eta fruta bila datoz, konfiantzazko hartu eman bat sortzen da eta produktuek zigilurik izan gabe ere, bezeroak badaki eramaten duen horrek kalitate bermea duela». Urtetan Zegamako ekoizle batekin lan egin du, eta aurten Legorretako ekoizle batekin ari da. Irun aldetik (Gipuzkoa) ere ekartzen dizkiote produktuak. «Bestela, gure baratzeetatik hornitzerik ez dagoenean Lleidatik (Katalunia) nahiz Malagatik (Espainia) ekartzen ditugu». Produktu ekologikoen kontsumoa «gero eta gehiago zabaltzen» ari dela uste du: «Otarreen kasua esanguratsua da, produktu hauek jasotzeko itxaron zerrendak daude gure herrietan».

Aldama ez da teknologia berrien lagun, eta bezeroari kontua era ekologikoan egiten dio; boligrafoa eskuetan paper gainean ateratzen ditu kontuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>