Idoia Luzuriaga eta Tere Madinabeitia

Idoia Luzuriaga

Naturak batzuetan eskaintzen dizkigun ikuskizun batez gozatzen ari ginen duela egun batzuk. Izadiarentzat egunerokoak diren gauza xumeak baina gu, gure zoramenezko bizitzan, ikusten ezta begiratzen ez ditugun horietakoak. Xarmangarria bere normaltasunean. Ez nintzen bakarra ordea, egunerokotasun horrek kolektiboarentzako beste esanahi bat lortu eta zita bihurtu da momentu hori. Bada, hantxe nengoen, etxekoak inguruan nituela, eta inoiz gertatzen ez den bezala, goiz iritsi ginenez, lehen ilaran. Halako batean atzean nuenari so egin eta Sophia Lorenek Cannesen baino argazkilari gehiago topatu nituen parez-pare. Hara! Denek momentua makinaren atzean ikusi eta betiko eusteko gogoz. Harez gero, eroso sentitzeari utzi nion. Izan ere, nire buruak norbaiten irudiari oztopo egingo ziolakoan geldi-geldi egoteko «beharra» nuen. Ezerotasun hori sentitu izan dut azkenenaldian haurren ikuskizunetan, museo eta paraje berezietan, jende asko biltzen den ospakizunetan, toki guztietan baitaude begi baino argazki kamara edo mugikor supersoniko gehiago. Gure bizipenen momentu oro kamararen betikotasunean gorde behar horrek eta guztiari argazkia atera beharrak ez dakit zeri erantzuten dion. Izan ere, fokuan jartzen dugunaz aparte, ezertaz gozatzen luzuriaga_madinabeitiaote dugun zalantza daukat. Niri ere argazkiak gustatzen zaikit, noski, baina asetasun mugatik gertu nago. Hurrengoan Tere, kamara zuk edo nik?

 

Tere Madinabeitia

Nik, Idoia, duela hilabete gutxi batzuk utzi noin kamara poltsan eramateari. Urteak eta urteak egin ditut, lana tarteko, tramankulo hori hirugarren esku bat balitz bezala neurekin eramaten. Ez zegoen herrian ikuskizunik, festarik edo gertakaririk nik erretratatzen ez nuena. Ez zegoen familiako edo lagunen arteko bilerarik ni kamara atera gabe geratzen ez nintzena. Baina halako batean, agian inguruan ere kamara gehiago ikusten hasi nintzelako, batez ere azkenaldian hainbeste zabaldu diren telefonoak, edo agian ni ere konturatu nintzelako bizitza neure begiekin begiratu beharrean kamararen begiaren bitartez begiratzen nuela, lehenengo lana, gero ohitura, eta azkenera bizio bihurtu zena alboratu nuen. Horregatik, gaur egun kamararik gabe ibiltzen naiz, eta lanerako besterik ez dut ateratzen. Egin ditzatela gainerako guztiek argazkiak! Lasaitasun edarra hartu dut, egia esaten badizut. Gainera, orain neu ere hasi naiz argazkietan irteten, lehen beti beste aldean egoten bainintzen. Eta zer demontre! Gustatu egiten zait! Neu naiz orain besteei argazkiak eskatzen dizkiena, eta ez alderantziz. Nere ordenadoreak ere lasaitasun edarra hartu du, askoz ere irudi gutxiatu grabatu eta gorde behar dituelako. Esandako guztia eta gero, Idoia, zuk eraman beharko duzu kamara gure hurrengo topaketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>