Beasaingo BKL saskibaloi taldea sekulako lana egiten ari da. Inoiz baino talde eta jokalari gehiago ditu eta, gainera, hauetako batzuk Gipuzkoako selekzioarekin jokatzen ari dira. Iñigo De la Hera eta Beñat Garmendia, adibidez. Biek base eta eskolta postuetan jokatzen dute. De la Herak gazte mailako lehen taldearekin eta Garmendiak gazte mailako bigarren taldearekin. Biek postu berean jokatzen dute, baina lagun onak dira. Are gehiago, kuadrilla berekoak dira.
Bi gazte hauek 1999an jaio ziren. De la Hera duela sei urte hasi zen saskibaloian. «Eskola kirolean kirol asko ezagutu nituen eta dibertigarriena saskibaloia iruditu zitzaidan. Futbolean baino askoz ere hobeto pasatzen dut».
Baloia mugitzen ondo moldatzen dela eta jaurtiketa ona duela dio, baina aginduak ematen ikasi behar duela uste du. Ez da selekzioarekin doan lehen aldia. «Entrenatzaileak sistemak irakatsiko dizkigu eta norberaren abileziak zeintzuk diren ikusiko du. Ondoren, Euskadiko txapelketa jokatuko dugu. Gipuzkoako selekzioan maila altua dago eta jokalari onekin jokatzen asko ikasten da», aipatu du.
De la Heraren gustuko jokalaria Sergio Rodriguez da. «Nire talde kutuna Real Madrid da. Lehen Baskonia zalea nintzen, baina Rodriguezek Real Madrilen jokatzen duenez…».
Garmendiari dagokionez, Jose Mari Garmendia BKLko jokalari ohiaren semea da. «Futbola ere probatu nuen, baina saskibaloia gehiago gustatzen zait. Gainera, nire aitak ere BKLn jokatu zuen. Ilusio handia egiten dio nik saskibaloian jokatzeak eta partida guztietara etortzen da. Defentsan gogo gehiago jartzeko eta erasoan lasaiago ibiltzeko esaten dit».
Aitaren aholkua jarraituz, defentsan erasoan baino kemen gehiago jartzen duela dio. «Erasoan pase onak ematea jaurtitzea baino gehiago gustatzen zait. Jaurtiketa hobetu beharra dut». Bere gustuko jokalaria Rudy Fernandez da eta gustuko taldea Baskonia.