Gabiriako errezil sagarra izar

OLYMPUS DIGITAL CAMERABadira hemezortzi urte Erbie Elkartea Gabirian errezil sagar lehiaketa antolatzen hasi zenenetik. Sagar faltagatik urte batzuetan huts egin badu ere, aurtengoan hamahirugarren edizioa egingo dute. Etzi izango da, 10:00etatik aurrera, eta herriko hamahiru ekoizlek parte hartuko dute.

Gabino Murua antolatzailearen esanetan, hiru helburu ditu Gabiriako Errezil Sagar lehiaketak: «Errezil sagarra bultzatzea, baserritarrei beren produktuak aurrez aurre saltzeko aukera ematea, eta Gabiriara jendea erakartzea».

Lehiaketaren helburua ez da inondik inora ekoizleen arteko lehia sortzea. Horregatik, lehenengo hiruak sarituko dituzte, baina maila berean, ordena esan gabe. Saria ere berdina izango da hiruentzat, eta iazko irabazleek ez dute saririk jasoko. «Ahalik eta ekoizle gehienek ilusioa izatea nahi dugu», esan du Muruak. 13:00etan egingo dute sari banaketa.

Muruaren esanetan, Gabiriako mikroklimak ezaugarri bereziak ematen dizkio bertako errezil sagarrari, hala nola, hezetasunak, tenperaturak eta herriaren garaierak. «Adituek, behintzat, hori esaten dute, mikroklima hitza orain asko erabiltzen da-eta».

Aurten, hala ere, urte txarra izan da errezil sagarrentzat. Muruaren hitzetan, euri asko izan zen zuhaitzak loratu zirenean, eta, ondorioz, ale gutxi izan dira. «Dena den, horrek badu abantaila bat: aleak handiagoak direla», adierazi du.

Irasagar ore lehiaketa
Errezil sagar lehiaketaz gain, irasagar ore lehiaketa ere egingo dute etzi Gabirian. Hamabi herritarrek eman dute izena. Bestalde, baserriko produktuen azoka ere izango da. Herriko baserritarrek hemezortzi  postu jarriko dituzte, barazkiak, gazta, ogia, intxaurrak eta abarrekin.

Josu Osa aditua ere azokan izango da, eta txertatze eta kimatze ikastaroa egingo du, 11:30etik aurrera. «Horrez gain, bertaratzen direnen galderak erantzungo ditu», adierazi du Muruak. Azken urteetan Gabirian izaten da Osa.

Goierriko ezti lehiaketa
Hirugarren urtez, Goierri beheko ezti lehiaketa ere Gabirian jokatuko dute etzi. 10:30ean hasiko da, eta hemezortzi eztigilek parte hartuko dute. Horrez gain, azkenaldian hainbeste entzuten den Asiako liztorraren inguruko hitzaldia ere izango da. Etzi goizean, hortaz, izango da zer ikusia eta zerekin gozatua Gabirian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>