Euskal Herriko neskatxa maiteei

Antxiñe Mendizabal Aranburu(Idazlea)

Antxiñe Mendizabal Aranburu
(Idazlea)

Guztiok izaten ditugu, arrazoi bat edo bestea dela, itzuli nahi izaten dugun lekuak. Zuberoan dagoen Altzürükü herriko Epherre ostatua da niretzat horietako bat; eguneroko bizimodutik ihes egiteko, naturaz gozatzeko eta idazteko leku ezin hobea da.
Inguruetan ibilaldi bat egin nahi izanez gero, merezi du Arbaila bailarako basoan barneratzea. «Herensugearen bidea»esaten dioten errepide bihurretik gora autoz abiatzea da erosoena. Bidean, Itheko trikuharriak dauden parajeetan, gure arbasoen hilerriak ezagutzeaz gain, «Zazpi buruko herensugearen harpea»aren bila abiatu daiteke oinez.

Ahüzkiko mendatearen gainean, aterpetxea behealdean utzita, iturri ospetsu bat dago. Gomendagarria da ur tragoxka bat hartzea; diotenez, urak propietate sendagarriak ditu: Bortian Ahüzki, hur hunak osoki dago grabaturik iturrian, Zuberoako ikur den lehoiaren gainean.

Bertsoa, berez, ez dago osorik transkribatuta; kanta herrikoi batetik dago jasoa: «Bortian Ahüzku, hur hunak osoki/neskatila eijerrak han dira ageri/hirur badirade, oi! Bena xarmantik, Basa-Nabarr’orotan ez düte parerik». Hitzok irakurrita, ezinbestean etorri zait burura Zumarragako trikitixak herriko neskak famatzearren kantatzen zuen hura: «Eperrak kantatzen du/Arrate gañian/neskarik ederrenak/ Zumarraga aldian». Emakumeei gorazarre eginez idatzitako kopla eta poema egile asko dago Euskal Herrian. Zuberoan egonda, halabeharrez etorri zait Jon Mirande burura.

Jon Mirande Aiphasorho Parisen jaio zen 1925. urtean. Lan bila utzi zuten gurasoek sorterria; ama Sohütakoa zen, aita Garindainekoa. Hirira iritsi zirenean, apenas zekiten frantsesez. Jon hogei urterekin hasi zen euskara ikasten eta gazte bihurtu zen idazle. Zuberotarraren literaturaz eta pentsamoldez non ikasia badago; zerbait esatearren, esango dut, gure idazleen artean, heterodoxoena, ziur aski, bera izan dela.

Jon Mirandek, bere bizitzan zehar, hainbat bisitaldi egin zituen Zuberora. Ez dakit Altzürükün izan ote zen. Arbailako basoetako trikuharriak, ziur, miretsiko zituen, eta inork herensugearen harpea topatzekotan, berak egingo zuen. Ahüzkiko iturriko urak edango zituen zalantza egiten dut. Baina ziur nago inguruko neskei poemaren bat idaztekotan, ausartagoren bat aukeratuko zuela. Nik ez nuke euskaldun zintzoa asaldatu nahi, –esan nahi baita, XIX. mende bukaerako poeta madarikatu frantsesek esango luketen bezala, «épater les bourgeois»–, Mirenderen idatzi askok horretarako aukera ematen duten arren; horregatik, gaur egun ezein euskaldunik ez asaldatzea espero dudan Neskatxak izeneko hau hautatu dut:

Neskatxak, maite zaituztet,
hamabortz urtheko neska
haur segailok, gazi-gezok.
Zuen begi-aintziretan
ezinbertzez gainbetheak
hondatzen naiz, ithotzen naiz.
Neskatxak, zuek zarete
ezti gozo, esne, gari
ene gose handietan.

Bazabiltzan
ahizpa gazte bi dantzan
(zein eremutan, ahantz dut…).
Haien beso luze-luzeak
niri eresiz ziostaten
ziraun-poema samin bat.
Ur-ezpondan biak zeuden,
elkharri laztanka, maitez
bulkhar zuriak ikhara,
iztar guriak ihesi.

Sorthu orduko urtzen zan
ene gogorapen oro.
Han palmadoi pherde hartan
erori ziren neskatxak
elkharren besoetara.
Nor zan hori? Zer egun zan?
Ala dena gau-amets bat
izan othe da bakarrik?
Herriminez, ezin-minez
erdiratzen zait bihotza
arrats luzetik goizera
lo gabean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>