Pertsonaiaren atzeko lanak

Aurten 80 urte dira Joxe Migel Barandiaranek ‘Euskalerriko leen gizona’ liburua atera zuela, euskaraz.

Joxe Migel Barandiaran zenaren gizairudia, Ataungo Sara etxeko bulegoan.

Joxe Migel Barandiaran zenaren gizairudia, Ataungo Sara etxeko bulego-liburutegian.

Pertsonaiak 125 urte beteko zituzkeen, aurtengo Urte Zahar egunean, bizi balitz. Baina, biografiaz harago, izenak ez ote dio hark egindako lanari gain hartu? Izan ere, aurten beste efemeride borobil bat bete da: Joxe Migel Barandiaranek Euskalerriko leen gizona argitaratu zuela 80 urte dira. Agerkari berezituren batean izan ezik, ia oharkabean pasatu da hori.

Berritasun handia izan zen. Batetik, Barandiaranen lehenengoetariko liburua zen (aldizkarietako artikuluez eta lankidetzako lanez aparte). Bestetik, euskaraz zen, orduan batere ohikoa ez bazen ere; gutxiago zientzia lanetan.

Donostiako Euskaltzaleak elkarteak hauspotu zuen liburua ateratzera, eta Bernardo Estornes Lasaren Beñat Idaztiak etxeak argitaratu zuen, 1934an. Hain justu, Barandiaranen lan harekin hasi zuten Egia Sorta saila. Arrakasta izan zuen liburuak. 4,5 errealean saldu zen (1,12 pezeta; 0,006 euro).

Egunerokoetan euskara erabiltzen geroago hasi zen Barandiaran, gainera. Hiru eguneroko eramaten zituela gogoratzen da Jesus Altuna antropologo eta Barandiaranen ikasle berastegiarra: bat pertsonala; bestea zientifikoa; eta hirugarrena indusketa bakoitza hasten zuenean irekitzen zuena, lankideekin partekatua.

Egunerokoetan data jakin bat bada, gutxi gora-behera, euskara erabiltzen noiz hasi zen esaten duena: 1947. «Ataunera itzuli baino lehentxeago hasi zen euskaraz idazten bere egunerokoetan. Lehen, tarteka baditu pasarte batzuk, batez ere San Gregorioko jaiak zirela eta, herrimina sortzen zitzaion [Lapurdin bizi zen, Ataunera etorri ezinik artean]. Behin hona etorriz gero, eta lehenago, euskaraz idazten hasten da: Ataungo euskaran eta hika, bere buruari», dio Jexux Aizpurua ataundarrak, etnologo herrikidearen ikertzailea bera.

'Euskalerriko leen gizona'

Barandiaranen duela 80 urte argitaratutako ‘Euskalerriko leen gizona’ liburua

Beraz, ia bi hamarkada lehenago Euskalerriko leen gizona euskara hutsean atera izanak balio aipagarria dauka.

Tradizio sortzailea

Errepublika garaian (1931-1936) Euskal Pizkundea deituriko mugimenduaren eragileetako bat izan zen Barandiaran. Gasteizko apaizgaitegian irakasle zen, eta irakaskuntza elebiduna aldarrikatu zuen, apaizek gero  herri euskaldunetan jardun beharko zutela argudiatuz. Arazo ugari sortu zizkion jarrera horrek elizaren hierarkian.

Bestetik, Euskal Herria gorpuzteko, kulturak ere goi mailan egon behar zuela sinesten zuen. Euskal kulturak, alegia. Giro horretan erne zen Euskalerriko leen gizona liburua.

«Liburu hartan erabili zituen hitz askok tradizioa sortu dute. Orduan gai horretan ez zen euskararik erabiltzen, eta hango hitzek-eta gaurko ikertzaileentzat balio izan dute», dio Jexus Aizpurua ataundarrak, Barandiaranen ikertzailea bera.

Goierriko pertsonaia unibertsal bat sortu zenetik 125. urteurrenean, izena zoriontzeaz gain, mereziko luke duela 80 urte egindako lehen liburua irakurtzea. Euskaraz, gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>