Gabonen ondoren

Garbiñe EtxanizGabon jaien jatorria K.a 200. urtean omen dago: erromatarrek Saturnalia izeneko festa ospatzen omen zuten, nekazaritzaren jainko Saturnoren ohorez. Festa hori bat zetorren uztaldien atsedenaldiarekin eta iluntasunarekin amaierarekin, «eguzki berriaren jaiotzarekin». Egun horietan, era guztietako gehiegikeriak baimenduta zeuden, Erroman ohikoak ziren oturuntza publikoak eta orgiak. Erdi aroan, kristautasunaren eskutik, Jesusen jaiotza bat etorri zen neguko solstizioarekin, eta ospakizun paganoekin amaitzeko saiakera egin zen. Hala ere, gehiegikerien tradizioak, batez ere gastronomikoak, gaur egun arte jarraitu dute.

Baina gure gorputza ez da gai gehiegikeria horiek guztiak metabolizatzeko, eta are gutxiago platereko gehiegikeria horiei alkohol litroekin laguntzen badiegu.

Urteekin hondakinak pilatzen goaz, eta gure gorputzak hondakin horiek garbitzeko edo kanporatzeko dituen baliabideak ez baditugu zaintzen eta garbi mantentzen, zikinkeria barruan pilatzen hasiko da.

Metabolizatu ezin dugun horri flema deitzen zaio medikuntza txinatarrean. Eta pilaketa horiek ez dira soilik azal azpian pilatzen zaizkigun gantzak (zelulitisa esate baterako), izan ere urteetako pilaketak arazo larriak eragiten dituzte: diabetesa, giltzurrunetako harriak, gibel eta behazuneko harriak, kisteak, fibromak, miomak… eta minbizia. Horrela hasten dira tumore-patologiak.

Eta nola jakin flemarik dugun? Odoleko azterketa bat egitea nahikoa izango litzateke, horrela jakingo baitugu kolesterola, glukosa, triglizeridoak, azido urikoa, urea, bilirrubina, transaminasak eta inflamazio-markagailuak altu ditugun. Flemak berak jartzen dio izena gaixotasunari: pilatutakoa glukosa bada diabetesa izango dugu; pilatutakoa kolesterola bada, hiperlokesterolemia; pilatutakoa triglizeridoak izanez gero, hipertriglizeridemia; pilatutakoa azido urikoa izanez gero, hiperurizemia; pilatutakoa transaminasak edo bilirrubina izanez gero, hepatitisa… eta arazo horien guztien jatorria metabolikoa da, gure gorputzean gehiegizko kopuruan ageri den sustantzia bat flema baita.

Artikulua eguberri-festak aitzakia hartuta hasi badut ere, bazkari eta afari oparoak ia-ia eguneroko ogia dira gure gizartean, dena mahai inguruan ospatzen dugu, eta lepo egin arte ez gara asetzen. Gutxienez merezi du gure gorputzari zer nolako tratua ematen diogun pentsatzeak, osasun onarekin bizi nahi badugu behintzat, eta, batez ere, zahartzaro osasuntsu bat izan nahi badugu.

Eta beraz, gorputza gazte eta burua argi izateko, garrantzitsua da, alde batetik gorputza zakarrontzi bezala ez erabiltzea, eta bestetik, gorputzak metabolizatu ezin duen hori kanporatzeko bideak garbi izatea. Hori eguneroko lana da, baina hala ere, eta gabon hauetako gehiegikeriekin zer egin pentsatzen ari zaretenontzako, hemen aholkutxo batzuk:

– Gibela garbitu. Oliba olio koilarakada bat har daiteke goizean, baraurik; koilarakada bat limoi-zukua eta gibelari laguntzeko infusio bat (astalikardua, boldoa, salbia). Orokorrean barazki mikatz guztiek laguntzen diote gibelari. Batzuetan pare bat egunetan barau egiteak ere laguntzen du gorputza garbitzen, baina hori beti terapeuta baten laguntzarekin egin behar da, eta ez da komeni baraualdia asko luzatzea.

– Oso komenigarria da saldatxo bat egitea osagai hauekin: tipula, azenarioa, arbia, algak (konbu eta wakame), jengibre xerra batzuk eta misoa (www.garbietxaniz.com orrian duzue errezeta); eta saldatxo hori gutxienez egunean behin hartzea.

– Betekadarekin sentitzen bagara, eta ezin badugu komunera ondo joan, erremedio oso ona da Kudzu-umeboshi edaria. Kudzu koilaratxo bat desegin ur pixka batekin, eta jarri ontzi batean, sutan, nahasketa gardena bihurtu arte; ondoren, nahastu umeboshi pasta, postreko koilaratxo baten erdia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>