Ura onura zenean

Gabiriako bainuetxea

Gabiriako bainuetxea

Osasunarentzat mesedegarri ziren mea-urak hartzeko hiru bainuetxe eraiki zituzten Goierrin, XIX. mendean. Ataunera, Gabiriara eta Ormaiztegira joaten ziren bainulari ugari, eta sona handia hartu zuten tokiek, Gipuzkoak bezalaxe.

Industrializazioari erabat lotutako gertakaritzat hartzen dute historialariek bainuetxeen loraldia. XVIII. mendearen azken laurdenean hasi, eta XX. mendearen hasierara arte, batez ere Gipuzkoak ospea hartu zuen, ur mineral sendagarrien iturburutan oso aberatsa zelako. Hamahiru bainuetxe izatera iritsi zen, eta horietatik hiru Goierrin zeuden: Ataungo Erremedioko Ama bainuetxea, Gabiriako Bainuak eta Ormaiztegiko bainuetxea.

Hain zuzen, Gipuzkoan industria garaiz hedatu izanak ere lagundu zion turismo termalari, Carlos Larrinaga adituak berriki argitaratu duen Balnearios guipuzcoanos 1776-1901 liburuan dioenez. Bainuetxeen arloan, estatuko toki aipagarriena izan zen. Iraultza liberalak, osasunari lotutako turismoaren sorrerak eta lurraren pribatizazioak ere eragina izan zuten horretan.

Bereziki, XIX. mendearen bigarren erdian hartu zuten indarra Goierriko bainuetxeek, eta urrezko aroa bizi izan zuten batik bat azken 25 urteetan. Espainiako koroa Borboitarrek berreskuratu zutenean, Errestaurazio deritzon garaian (1874-1901), Europan zabaldua zegoen ur mineral-sendagarriekiko interesa piztu zen Hego Euskal Herrian ere (Ipar Euskal Herrian Kanbo lehendik zen bainuetxe lekua). Aristokraziako kideek, handikiek eta burges dirudunek denboraldi luzeak bainuetxeetan igarotzeko ohitura hartu zuten.

Medikuntza arloan garbitasunaren aldeko joerek aurrera egin zuten, hein berean, gaixotasunak ekiditen zirelako. Uraren onurak aldarrikatu zituzten mediku higienistek, bereziki termalenak. Baliabide naturalak kontuan hartu, eta zientifikoki aztertzen hasi ziren, XVIII. mendearen bukaeran.

Zientziaren aurrerabidea Bergarako Seminarioan egikaritu zen, Francois Chavaneau kimikari frantziar ospetsua eskolak ematera ekarri zutenean, 1776an. Deba ibarreko ur mineralen lehen analisiak egin, eta bainuetxeak eraiki zituzten.

Bisitariak Goierrin

Uraren propietate sendatzaileen sinesmena asko zabaldu zen XIX. mendean zehar. Hasieran, gizarteko goi klaseek soilik zuten bainuetxeetara joateko aukera. Mendearen azkenerako, eredu higienista hain zegoen orokortua, «txiroek ere ur mineralen ahalmen sendatzaileetarako eskubidea bazutela, doan eta medikuaren agindupean», dio Larrinagak liburuan.

Kontestu horretan sortu zituzten Goierriko guneak. Lehendik ere jakinak ziren ur beltzen edo sulfurosoen iturburuetan altxatu zituzten, ostatu zerbitzua hobetuz. Lurraren jabetza eskubideak aldatu zituen iraultza liberalak, 1811n. Jauntxoen menpe zeuden iturriak erabilera orokorrera pasatu ziren. Hala ere, urak nazionalizatzea pentsatu ordez, pribatizatzea zen asmoa. Haien esplotazioa ere esku pribatuetan gelditu zen, kasu gehienetan.

Ataungo Erremedioko bainuetxea.

Ataungo Erremedioko bainuetxea.

Ataungo Erremedioko bainuetxea, hala ere, udalaren jabetzan geratu zen. Izen bereko baselizaren ondoko iturria baliatu zuten. Antzina ere jendeak hartzen zuen hango ura. XIX. mendearen hasieran, frantsesek deuseztu zuten ermita. Haren lekuan altxatu zuten bainutarako etxea 1884an, hurrengo urtean ireki zuten ofizialki, eta 1888an aitortu zioten bainuetxeari erabilera publikoa, eta udalak errentan eman zuen lau urteko epeetan.

Zornea eta antzeko gaixotasunak sendatzen laguntzen zuen Ataungo urak. Herrikoek 75 zentimo ordaintzen zuten, eta kanpotarrek 1,25 pezeta (egunean 25 zentimo gehiago edateko baldin bazen).

Bigarren mailakotzat zeukaten Ataungo bainuetxea, eta ostatua ere xumea zen. Herritik 6 kilometrora zegoen, 600 metroko garaieran. Idiek tiratutako gurdietan igotzen zituzten bainulariak. 1926an itxi zuten, eta gaur ez dago aztarna besterik.

Ormaiztegi, aitzindaria

Bainuetxe gisa, Ormaiztegiko trenzubi azpian zegoen bainuetxea izan zen Goierrin irekitzen lehenengoa, 1854an. Bizilagun elkargo batek zabaldu zuen, baina 1861erako Zangitu familiaren eskuetan utzi zuten. Karlistaldiko gerra urteetan itxita egon zen, baina kalterik jasan ez zuenez, 1876an berrireki zuten. 110 urteko bizialdia izan zuen, 1964an itxi arte. 1980ko hamarkadan eraitsi zuten (gaur egun kirol pista dago, Urbeltz frontoiaren alboan).

 

Ormaiztegiko bainuetxea.

Ormaiztegiko bainuetxea.

Karlistaldi aurretik urtean 112 bat lagun joaten baziren, asko ugaldu zen bisitari kopurua ondoren. Fonda hobetu, eta aisialdiko zerbitzu luxutsuak jarri zituzten. 1877an 354 bainulari joan ziren. Trenbidea bazuen Ormaiztegik, baina geltokirik ez 1889 arte. Bainuetxeko jabeak eragin zuen eraikitzeko, eta negozioak nabaritu zuen: 1891n 500 lagun egon ziren, bere historiako kopuru handiena.

Gabiria, errotatik sortua

Gabiriako bainuetxearen aurrekaria Bidaurreta barreneko errota izan zen, Oñatiko Santa Anako mojen jabetzakoa. 1815ean hasi ziren ingurukoak burdin-ur sulfurosoak hartzen. Desamortizazio legearekin, 1867an saldu zuen estatuak, eta Esteban Leste jabeak ireki zuen bainuetxea. Gerragatik galera handiak izan, eta hamar urte barru estatuarengana itzuli zen atzera. Pablo Fernandez Izquierdo botikari eta diputatu ohi madrildarrak eskuratu zuen 1879an, aro distiratsua hasiz.

Luxuzko bainuterapia instalazioak jarri zituen Fernandezek, eta 1884ko ekeinaren 14an eraikin handia inauguratu zuen, aurreko bi etxeen segidan, ponpa handiz. Ehun-bat kazetari, mediku, botikari eta agintari gonbidatu zituen inauguraziora, bi egunerako.

Urte onenetan, urteko ia 300 bainulari joaten ziren Gabiriara. Ekainetik irailera zen denboraldia. 1904an itxi zuten, eta 1907tik 1966ra fraide pasiotarrak egon ziren, bainuetxea bezain ospetsua izan zen ikastetxearekin. Salgai dago orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>