GoiBerri aldizkariaren webgunea berrituta dator

Maquetación 1Kazetaritza zein Internet, etengabe berritzen ari diren bi mundu dira, eta beste gauza askotan bezala, garai berrietara egokitzen ez dena, atzean gelditzen da. GoiBerri astekariak hiru urte bete ditu dagoeneko. Goierritarra eta Otamotz aldizkariak elkartzetik sortu zen, 2012ko urtarrilean, eta harekin batera sortu zen webgunea ere. Behin sortzeko eta egonkortzeko epe hori gaindituta, berrikuntzen garaia da orain. Hala, GoiBerriren ataria goitik behera aldatu da, azalez eta mamiz.  Gattiken etxeak diseinatu du webgune berria.

Aurreneko aldaketa, izenean bertan dakar, helbidea bera aldatuko baita hemendik aurrera. Hala, goiberri.hitza.info izateari utzi eta goiberri.eus bihurtuko da, Hitzaren webguneak duela hilabete batzuk hasitako bidea jarraituz. Goierriko Hedabideek hasieratik bat egin zuten PuntuEus egitasmoarekin, eta bide horretan beste pauso bat eman du orain. Aurrerago, Otamotz ataria ere ‘.eus’ bihurtuko da.
Behin webgunera sartutakoan, itxuraz erabat berritutako ataria aurkituko du erabiltzaileak. Lehengoaren aldean, gune berriak askoz ere itxura erakargarriagoa du; irudiak eta koloreak indarra hartuko dute, eta nabigazioa modu erraz eta ulerkorragoan egiteko modua bilatu da. Hala, menu nagusia ere sinpleagoa da, lauzpabost atal nagusirekin. Horien bidez, aldizkariko atal guztiak ez ezik, webgune berrirako propio sortu diren beste batzuk ere modu errazean aurkitu ahal izango dira. Baita GoiBerri aldizkariaren PDFak ere.

Webgune berrirako prestatutako ataletako batzuk dira artxiboa eta multimedia atala. Aurrenekoak, Goierritarra aldizkariaren 22 urtetako edukiak jasotzen ditu. Bigarrena berriz, ikus-entzunezkoen arloan Goierrin egiten diren lanen bilgune izango da.

Goierritarraren artxiboa
Duela 25 urte sortu zen Goierritarra aldizkaria. Bi hamarkadatan, Goierriko erreferente nagusia izan zen euskarazko informazioaren arloan. Azken hilabeteetan, ahalegin berezia egin da aldizkariak egindako ekarpen hori guztia jasotzeko. Izan ere, balio historiko eta dokumental handiko artxiboa pilatu zuen Goierritarra aldizkariak. Hala, zenbaki guztiak digitalizatu eta PDF formatoan jarri dira, nahi duen guztiaren eskura. Zenbaki bakoitzari aurkibide moduko fitxa bat egin zaio, bilaketak egiteko. Urteka eta hilabeteka ere aurki daitezke zenbaki zaharrak. Momentuz, 1989. urtetik 2000. urtera arteko zenbakiak daude; datozen asteetan osatuko da aldizkarien artxibo osoa.

Horrekin batera, Goierritarraren artxiboan formato analogikoan zeuden argazki guztiak ere digitalizatu egin dira, eta gordailu bat sortu da webgunean. Mota guztietako argazkiak topa daitezke: hasi festetatik eta politika, azpiegitura, kultur mugimendu edota nekazal arlokoetara. Baita aldizkarian elkarrizketaren edo erreportajeren bat egindako pertsonaia ezagun ugariren argazkiak ere.

Multimedia atala
Eskualde mailan egindako ikus-entzunezko lanak bilduko ditu Multimedia atalak. Dokumentalak, laburmetraiak, eskualdeko taldeen bideoklipak edota bideo zaharrak aurkitu ahal izango dira bertan.

Webgunearen arduradunek igotako bideoez gain, atal hau jendearen ekarpenekin osatzen joatea da helburua.  Mota horretako bideoren bat izan eta multimedia atalean agertzea nahi duenak,  goiberri@hitza.eus helbidera mezu bat bidal dezake, bideoaren inguruko xehetasunak emanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>