Jon Artola eta Mikel Alvarez

Jon Artola

Greziarrek agian Dionisorekin nahikoa zuten jai aitzakiatarako,  baina gurean San Joanekin hasi besterik ez da egiten santu jaien zirkuitua: Santa Isabelak, San Pedroak, Santa Anak… Denak kategorikoak noski, nik bezain ondo dakizunez Mikel!

Harritzekoa egiten da, ordea, Gipuzkoa bertan generoaren ikuspuntutik halako harrabotsa sortzen duten jaien ondoan (alarde desberdinak kasu), nolako lasaitasunarekin bizi ditugun guk gureak inguruan. Beti iruditu zait istilu falta honen arrazoia hemen gai hori gaindituta genuelako zela, baina garbi asko geratu zait aurten begirada maskulino huts-hutsa nuelako uste nuela hori. Izan ere, zer eta aurrenengoz egin dute dantza aurten neskek Zumarragako Antion. Aurrenengoz! Eta apur bat gehiago pentsatzen jarrita, oraindik ez dituzte egin ez Beasaingo sokadantza ez beste asko!

Artola-AlvarezKasualitatea da batzuentzat emakumeek gizonezkoenak soilik ziren eremu eta eskubide guztiak eskuratzea ondo egotea, baina juxtu beraien herriko ohituretan ezin ahal izatea. Ez al zaizu iruditzen Mikel?

Mikel Alvarez

Errazagoa izaten da beti besteena objektibotasunez ikertzea norberarena baino.  Hau da, batzuk behin eta berriz errepikatzen dute bertakoak ez direnek ez dutela ezer ulertzen, bertakoa izan behar dela horretarako. Bertakoak ez direnek, ordea, erreka jaiotza bateko ura bezain garbi ikusten dute herri horretan egiten dutenak zentzurik ez duela.

Hala ere, eta ongi diozun moduan, kritika egiten duten horiek ez dute beren herrian gertatzen dena garbitasunez ikusten, Zumarragan edo Beasainen kasu. Umeak ginenetik modu mugiezin horretan gogoratzen ditugu ikuskizun edo ekintza horiek eta inork zalantzan jartzen ez dituen bitartean, ez dugu beraien egokitasun edo ezberdinkeriaz pentsatzen.

Onartuko dizut nik ere bekatu hori egin dudala eta ez dudala sekula pentsatu haurren soka-dantzaren desegokitasunean. Hala ere, garbi izan behar genuke baita ere arazoa, ez dela mutil edo neskek gauza ezberdinak egitea ikuskizun honetan edo bestean, baizik eta nesken papera, mutilenen menpe egotea. Eta bai, gurean horrelaxe gertatzen da soka-dantzan parte hartzen duten neskek mutilek gonbidatuta eta beraien bikote moduan bakarrik hartzen baitute parte. Mila esker Artola, gaur arte ez bainaiz horretaz konturatu. Lan asko daukagu oraindik egiteko.

Iruzkinak (3)

  1. Aitor(e)k dio:

    Jon eta Mikel, idatzitako gauza gehienekin bat banator ere, era berean uste dut gehixeago dokumentatu behar dela gauza ezberdinak zaku berean sartu aurretik. Nik Hondarribia eta Irungo alardeak bertako biztanle moduan ezagutu ditut, eta berdin Beasaingo soka dantzaK. Beasaingo kasuan, haurren bi sokadantza egiten dira, bat mutilena eta bestea neskena. Batean, neskak dira “gonbidatu huts”, eta bestean mutilak. Ados egon daiteke ala ez, gauza guztiak bezala, baina modu honetan genero bat ez da bestearen gainetik jartzen, beraz ez du zentzurik Alardeen kasuarekin parekatzeak. Mingarria iruditzen zait idatzi duzuena, Beasainen gaiari buruz hausnartzen eta lanean aritu den jendearengan pentsatuta, eta uste dut Goiberrin bertan zuzenketa egin beharko zenuketela.

  2. Jon Artola(e)k dio:

    Arratsaldeon Aitor,
    Arrazoi osoa duzu gehiago dokumentatu behar denaren kontuarekin. Izan ere ‘0’ dokumentatu naiz oraingoan eta oroitzapenetaz fidatu soilik. Barkatu beraz hankasartzea eta mindu izana. Benetan.
    Korrika eta presaka ibili arren putzu handitan sartzeko gogoa edukitzeak hori du… Baina beno, oso gaizki egina. Barkatu beraz.

    Bestalde, Goiberriko tarte honetan beti gai ezberdinak aipatzen saiatzen gara eta berriz ere honako hontaz aritzea zail… baina saiatuko naiz nire aldetik tarteren bat topatzen egindako akatsa zuzentzeko.

    Milesker zuzenketarengatik eta animo lanean!!

    • Aitor(e)k dio:

      Kaixo Jon,
      eskerrik asko zure erantzunagatik, halakoak idaztean beldur izaten naiz, batzutan beste aldean dagoenari autokritika ez baizik mina sortu izan diodalako, eta ikusten dudanez oraingoan ez da horrela izan. Denok egiten ditugu akatsak, baina zuk egin duzun bezala, onartzea eta ahal den neurrian zuzentzeko prest egoteak, niri oso sentsazio positiboak transmititzen dizkit. Egongo gara edozein egunetan Beasain aldean (edo auskalo non). Oharra: Beasaingo nesken soka dantza, San Juanetan egiten dena da (agian ez zenuen lotuko mutilenarekin, ez delako herriko jaietan).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>