Goierrin bada gaia

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolari, aurkezle, antolatzaile eta epaile goierritarrak. / Arkaitz Apalategi

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolari, aurkezle, antolatzaile eta epaile goierritarrak. / Arkaitz Apalategi

Bertsoak nork kantatua bada, Goierriko bederatzi bertsolari ariko direlako. Gaiak zeinek jarria ere bai, hiru aurkezlerekin. Nork epaitua ere bai, hiru epailerekin. Non aditua ere bai, eskualdean hiru saio izango baitira. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak goierritar ukitu handia izango du, igandetik aurrera. Musika ere bertakoa izango du, sintonia Pello Ramirez ordiziarrak egin duelako. Izarrak bertsolariak dira, ordea, eta denekin hitz egin du Goiberrik.

Iñaki Apalategi, liderra

2011ko txapeldun Aitor Sarriegik ez parte hartzea erabaki ondoren, Iñaki Apalategi (Beasain, 1982) herkideak izango du goierritarren elastiko horia. Laugarren izan zen finalean, eta final-laurdenetan hasiko da lehian: Ormaiztegin, azaroaren lehenean.

«Gero eta gogo gehiagorekin nago. Ekainean hasi ginen, baina gaizki. Ailegatu da iraila, eta pixka bat hobeto, baina nahi bezain ondo ez. Jendea ondo kantatzen entzuten duzunean, norbera ere aktibatu egiten da», laburbildu du prestakuntza fasea.

Hurrengo koskara jauzi egitea, «abantaila» dela aitortu du. «Traba bat eduki dezake, besteak errodatuta datozelako. Baina beti da hobea geroago hastea; nik aukeratu beharko banu, buruz burukoan hasiko nintzateke».

Helburua «pasatzea» du. Edonola: «Ahal bada aurrena. Ezin bada, arrastaka. Zeren gero beti hutsetik hasten da». Laugarren txapelketa du. «Serio hartuko dut txapelketa, eta beharrezko tentsioarekin».

Gorka Azkarate, maisua

Meriturik ez daukala dio, baina izango du erruren bat. Urretxuko hiru bertsolari ariko dira txapelketan (lau gehiago udaberriko fasean): Gorka Azkarate bera (Urretxu, 1977), eta bi ikaskide, ikasle edo lagun. Indarrean da hango eskola.

Beasainen hasiko da, igandean. «Aldarte onarekin nago, saio txukuna egiteko gogoarekin». Laugarrena du Azkaratek ere, «zorte gehiago edo gutxiagorekin». «Helburu jakinik ez dut sekula planteatu. Lau urtetik behingo azterketa edo proba moduko bat da. Aitzakia da gehiago elkartzeko eta bertsotan gehiago egiteko, eta bertso maila hobetzeko balio du. Positiboa da, alde horretatik».

Udako etenaldiak kezkatzen du. «Ikusi egin behar nola hasten garen. Udaberriko lana ere hor dago, eta giroa ere bai».

Maquetación 1Nerea Elustondo, ilintxa

Legazpiarren izengoitia da ilintxa. Eta, esanahiz, erregogorra omen da ilintxa, edo ilintia. Sutan, ilintiak gori-gori izaten du alde bat, eta bestea amatatuta. Txapelketetan garra ateratzen zaio Nerea Elustondori (Legazpi, 1981). Finalaren atarira iritsia 2011n, zuzenean sartu da aurten zortzirenetara. Azpeitian ariko da, irailaren 26an.

«Oraindik bi aste falta dira. Ez daukat burua horretan», zioen, barrez, lehengo ostiralean. Amatatuta dirudien arren, piztuko da. «Helburuak bakoitzak bereak jarriko ditu. Baina txapelketan faktore askok parte hartzen dute, eta hankak lurrean joan behar da. Saio batean jokatzen da dena».

Eta, saio horretan, «altu» jarriko du helburua, pasatzearen ala geratzearen artean «oso muga estua» dagoela jakitun. Laugarren txapelketa du, eta beterano izatea aringarri. Beteranoetakoa, «adinez bai» dioen arren. Txapelketa irekia ikusten du, gazteen indarragatik eta ilusioz datorrenak «sorpresak» eman ditzakeelako: «Porra egiteko zaila dago!».

Gemma Urteaga, ikaslea

Lehenengo txapelketa duen honetan, «gozatu eta ahalik paper txukunena» egin nahi du Gemma Urteagak (Beasain, 1995). «Nire buruarekin gustura geratu nahi dut. Ilusioarekin nago, hasi nintzeneko gogo igualarekin», dio. Bada, lehen bertsoa hiru urterekin bota zuen, osabaren txokoan —ofizialki, 2007an, Ordizian—.

Ikaslea bai, baina asko ikasitakoa. Gipuzkoa Bertsotan-en 18. postuan sailkatu zen (30 igaro ziren). Orain, beste kontu batzuk espero ditu: «Udaberrikoarekin alderatuta, eskakizun eta maila gehiago egongo dela iruditzen zait».

Final zortzirenetako azken saioan kantatuko du, Andoainen, urriaren 11n. Hor erabakiko da kortea. «Puntuazioak ez dit lorik kentzen, bestela ere mila gauza badauzkat buruan», dio Urteagak. Hori mesedeko.

Iban Urdangarin, perkins

Diesela erretzen duten motore sendoak dira Perkins markakoak. Lanerako pentsatuak; luzaro ibiltzeko, kilometroak ugari eta fidel osatzeko. Berotzea kostatzen zaie, ordea, hasieran.

Bere bertsokera «lana librean» egitekotzat dauka Iban Urdangarinek (Ataun, 1985). «Herri batean, bazkal edo afal ostean, bi ordu eta erdi segidan igual egiten ditugu. Niri berotzea kostatzen zait. Eta txapelketan, hasi ere egin gabe, ia bukatu da saioa. 8-10 bertso dira, eta hor jo behar da».

Baina moldatu beharra dagoela badaki. «Neurria emateko moduan jartzen saiatzen gara. Baina ez da erraza». Ilusioaren turboa urteekin apaltzen joaten da. «Arraro doa aurtengoa, sentsazio arraroak dauzkat. Urte asko dira, dena aldatzen da…». Laugarren txapelketa du; lehenengoak 18 urterekin «harrapatu» zuen.

Hala ere, daukana emango duela zin egin du. «Beti joaten naiz ahal dudana egitera. Baina ez dut sekula egiten. Hori da marka!».

Maquetación 1Amaia Iturriotz, zorrotz

Zirujauaren zehaztasuna atsegin du, Medikuntzako ikasle izaki, Amaia Iturriotzek (Urretxu, 1993). Udako geldialdiak bertso eskolako jarduna geratu duela eta, «beldur puntu bat» dauka orain; «egin zitekeen guztia egin ez izanaren sentsazioa». 2011n, 18 urterekin, sailkatze fasetik aurrera igaro zen. Ezagutzen du gorputza, baina arimak kezkatzen du.

«Lau urtean asko aldatu da. Bertsoarekiko harremana oso desberdina dut orain. Orain ere oso sartuta nabil, baina lehen askoz gehiago». Saioan lan ona egitea da giltzarria: «Momentu ona pasatzea da helburua; gozatzea, edo txukun egitea behintzat, gure buruarekin ez haserretzea». Animotsu dago, «dena» emateko asmoz. Donostian, Antiguoko gaztetxean aritzen da bertsotan, orain. Saioa Azpeitian du, 26an.

Aitor Irastortza, jauzilari

Jauzi asko ikusten dizkio Aitor Irastortzak (Zaldibia, 1995) Gipuzkoako Txapelketan lehen aldiz aritzeari. «Eskolartetik txapelketara badago salto nagusi bat. Aurre fasetik final zortzirenetara ere nabarituko dela uste dut. Eta, pertsonalki, uste dut gazteei besteei baino pisu handiagoa bakarkako lanetan eroriko zaigula, bitik hirura luzatzen delako».

Lehenik eta behin, «esperientzia» bat gehiago izango da txapelketa, eta «esperantzaz eta gogoz» dago Irastortza. «Badakigu zaila izango dela aurrera egitea, eta gure mugak aurki izango direla. Gure tokia benetan zein den hor ikusiko da», ebatzi du.

Pausoa hartzen hasi den labealdi berriko kidea da zaldibiarra, 95-96koena. «Hemendik lau-zortzi urtera, belaunaldi aldaketa ematen denean, agertuko diren izenak izango dira». Lasarten ariko da, 27an.

Antton Fernandez, zain

Zer datorkion «ikusteko zain» dago Antton Fernandez (Urretxu, 1982). Hirugarren txapelketa du berez, baina «kontu berria» da aurtengoa, «fase honetan ez dudalako sekula kantatu». 2003an «urruti» geratu zen, 2011n «gertu», eta 2015ean barruan da, udaberrian 30. postuan sailkatuta.

Zain, ea berak nondik joko duen. Eta, zain, faseak zer emango duen. «Berdintasun ikaragarria dago». Entzutera joaten denari «poz pixka bat» ematea hartu du zeregin.

Fase berria izanda, prestakuntza berriak ere saiatu ditu Fernandezek. «Uda honetan lehen aldiz koaderno batean idazten hasi naiz, errima batzuk apuntatzeko eta». Sistema horrek, behintzat, eman du jada erakusteko zeukana: «Koadernoa non dagoen ere ez dakit».

Andoainen kantatuko du, urriaren 11n, azken saioan.

Maquetación 1Aratz Igartzabal, jotzaile

Tirabidean jartzen den potoa jotzeko izaten da. Izengoitiz Potto deitzen dioten Aratz Igartzabal (Gabiria, 1996), ordea, bera da jotzailea. Goierriko bertsolarien artean gazteena, «ezer galtzeko ez» daukanaren ausardia dauka; lotsarik gabe, ziria eta haria prest beti, «probatzera» doa txapelketara.

Eta, gaztearen dohaina, udako oporrak gogoko duenerako erabili ditu: «Udan beti etenaldia izaten dugu bertso eskolan, baina aurten eutsi diogu jardunari. Herdoilagatik ez da izango», ohartarazi du. Zurak ez baitauka herdoilik, «ahal dela, egurra ematera» doa gabiriarra Arrasatera (urriak 10).

Eskolartetik irten berritan, Gipuzkoa Bertsotanetik 17. igaro zen, eroso. Orain, baina, kartzelari dio «beldur handiena». «Ez dugu askotan egiten eta. Beldur handiena horri, baina gero igual aterako zaigu ondoena… Auskalo».

Beasainen hasiera

Txapela dagoen herrian bertan hasiko du txapelketak bidea, igandean (Usurbe antzokian, 17:30ean). Orokorrean, parte hartuko duten 43 bertsolarietatik bederatzi dira goierritarrak. Beste bik ere bazuten aritzeko eskubidea —eta txartela—: Aitor Sarriegi txapeldunak eta Iker Zubeldiak (finalaurrekoetan aritzeagatik, 2011n).
Sei mutil eta hiru neska, 19 eta 38 urte bitartekoak. Bertsozaleen egarria aseko dutenak.

Lehendakaria, koordinatzailea eta laguntzaile ugari, lanerako prest

Zenbaki eta neurri handiak ditu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Hiru hilabetean 15 saio izango dira, 43 bertsolarirekin. Antolakuntza talde mardula du atzetik lau urteroko hitzorduak. Gai jartzen 9 lagun, epaitzen 19, idazkari lanetan 3, eta saio bakoitzeko azpiegiturak zutitzen eta kentzen, sarrerak zaintzen, berri ematen eta izapideak egiten, saldo bat gehiago.

Gipuzkoako Bertsozale Elkartea da herrialdeko txapelketaren antolatzailea, eta Saroi Jauregi (Zaldibia, 1978) haren lehendakari. Beste zaldibiar bat ariko da koordinatzaile: Edurne Soraluze (Zaldibia, 1982).

Gai jartzaile eta aurkezle taldean ere presentzia aipagarria du Goierrik. Lau goierritar ibiliko dira zeregin horretan: Asier Iriondo (Beasain, 1973; Legazpin bizi da), Itziar Etxezarreta (Ezkio-Itsaso, 1978), Lazkaon bizi den Inazio Usarralde (Aginaga, Usurbil, 1967) eta Saroi Jauregi bera.

Itzalpeko langileak ere emango ditu bailarak. Bertsoak epaitu, puntuak banatu eta bertsolarien lana baloratzen, epaile gisa, hiru lagunok jardungo dira: Maite Sukia (Ataun, 1981), Martin Aramendi (Ataun, 1970) eta Mikel Urteaga (Beasain, 1982).

Guztia borobiltzeko, Pello Ramirezen musika. Piano soilez hasi, eta tresna gehiago batuz intentsitatez nahiz orkestrazioz ‘in crescendo’ doan sintonia. Txapelketaren eta bertsoaren ispilu.

Goierritarrak, azkeneraino

Aurten 11. aldia du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. 1959an jokatu zen lehenengoa, finala Eibarren zela. 60ko urteetan beste hiru egin ziren: 1962an Hernanin, eta 1964an eta 1967an Tolosan azkenak. 24 urteko lehorraldiaren ondoren, 1991tik gaurdaino beste sei izan dira, lau urtero hutsik gabe. Lau final Donostian jokatu dira (belodromoan, Gaskan eta Illunben), eta Azpeitian eta Irunen bana.

Orain arteko hamar finaletan, batean izan ezik, beste denetan goierritarrak edo Goierriratuak present izan dira. Bi txapelketa, gainera, eskualdeko bertsolariek irabazi dituzte: Lazkao Txikik 1964koa, eta Aitor Sarriegik 2011koa.

Eta hutsik geratu den aldi bakar horretan ere, baldintza bereziengatik ez zen goierritarrik. 1999an, txapelketaren formatua aldatu egin zuten: herrien arteko gisa, «herrikoiago» egin nahian eta aspaldian lehiaketatik aparte zebiltzanak inguratu nahian. Hiru bertsolariko taldeek parte hartu zuten. Finalera bi talde sartu ziren, Goierrikorik ez. Kanporaketetan aritu ziren Goierri-Beasain, Goierri-Zaldibi eta Goierri-Ordizia taldeak.

1959ko finalean Akilino Izagirre Zepai (Azpeitia, 1906 – Idiazabal, 1971) izan zen ordezkaria. Idiazabalen bizi zen, 1946an ezkonduz geroztik. 1962ko finalean ere kantatu zuen; Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki ere bazen orduan.

Goierriko bertsolaritzak lehen gailurra 1964an jo zuen. Lazkao Txikik jantzi zuen txapela, Tolosako Leidor zineman. Bi urte lehenago, buruz burukoa jokatzera iritsi zen, Mitxelenarekin. Baina txapeldunorde izendatu zuten.

Finalak

Bertsolari goierritarrak Gipuzkoako Txapelketaren finaletan izan dira; batean izan ezik, denetan.

Aitor Sarriegi eta Lazkao Txiki, 1992. urtean.

Aitor Sarriegi eta Lazkao Txiki, 1992. urtean.

1959-11-8. Eibar, udaletxeko plaza. Akilino Izagirre ‘Zepai’. Txapeldun: Manuel Olaizola ‘Uztapide’.
1962-12-12. Hernani, Aitor zinema. Zepai eta Lazkao Txiki (txapeldunorde). Txapeldun: Joxe Joakin Mitxelena.
1964-12-13. Tolosa, Leidor. Lazkao Txiki (txapeldun), Jose Intxausti segurarra (5.).
1967-5-4. Tolosa, Leidor zinema. Jose Intxausti (5.). Txapeldun: Txomin Garmendia.
1991-12-22. Donostia, Anoeta belodromoa. Iñaki Murua gabiri- arra (6.), Mikel Mendizabal itsasondoarra (8.). Txapeldun: Anjel Mari Peñagarikano.
1995-12-17. Donostia, Gaska. Mendizabal (4.), Murua (5.) eta J.R. Elortza ormaiztegiarra (8.). Txapeldun: Aitor Mendiluze.
1999-12-29. Azpeitia, Izarraitz. Taldeka. Goierritarrik ez. Txapeldun: Zarautz Jai Txiki. Txapeldunorde: Erniope.
2003-12-14. Irun, Artaleku. Ekaitz Goikoetxea beasaindarra (7.). Txapeldun: Maialen Lujanbio.
2007-12-16. Donostia, Illunbe. Aitor Sarriegi beasaindarra (6.), Iker Zubeldia zegamarra (8.). Txapeldun: Aitor Mendiluze.
2011-12-18. Donostia, Illunbe. Aitor Sarriegi (txapeldun), Iñaki Apalategi beasaindarra (4.).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>