«Jakin aldizkariko leihoak irekitzen ari gara haize berria sar dadin»

Lorea_AgirreBost urte zituela, halako batean, begiak zabal-zabal, aurrean zituen marrazki haiek letrak zirela jabetu zen Lorea Agirre (Beasain, 1968). Hizki horiek guztiek elkarrekin istorioak kontatzen zituztela konturatu zenean mundu paralelo bat ireki zitzaion. Orduz geroztik, letretara lotuta egon da ezinbestean. Kazetaritzan jardun da eta unibertsitatean zein ikerketan aritu da. Iazko udaberriaren atarian, Joan Mari Torrealdaik naturaren esnaera aroak Jakin aldizkarira lore berriak ekarriko zituela iragarri zuen. Maiatza aldean Lorea Agirre izendatu zuten zuzendari.

Zergatik kazetari?

Azken urteetan banago atzera begirako jarrera batean eta nire buruari askotan egin dizkiot halako galderak. Printzipioak, usteak eta dogmak deseraikitzen ari naizen honetan, egin ditudan gauzak zergatik egin ditudan galdegiten diot nire barruari. Kuriositatea da erantzun nagusia. Jakin-goseak etengabe bultzatzen nau; hor aurrean zapata konpontzaile bat balego, hurbiltzeko bulkada sentituko nuke. Bigarren arrazoi bat ere badago: ausardia. Talentua baino gehiago, zer edo zer egiten jakin ez arren, baiezkoak emateko joera dut.

Ausardiari buruz ari naizenean, hanka sartzeko ausardiari buruz ere ari naiz. Pentsa nezake hobe hau edo hori egin ez banu, baina egin ez ditudan gauzekin damutzen naiz gehiago. Egindakoetatik, ondo edo gaizki, beti atera dezakezu zerbait. Orain, Jakin aldizkarian berria naiz eta gauza berriak probatzen ari gara, hanka sartuko dugu edo ez, baina berriak izateak lizentzia hori ere ematen digu.

Lorea AgirreKazetaritza ikasteko hautua egin zenuenean zeintzuk izan ziren aurrean zenituen ereduak?

Akorduan daukat Rosa Zufia ETB1en euskaraz zuzeneko bat egiten ikusi nuela. Ordura arteko eredu guztiak señora-k edo gizonezkoak ziren. Zufia txupa bakero bat soinean ikusi nuen. Orain, konturatzen naiz zeinen inportanteak diren erreferenteak. Neskatila batek andrazko astronautak ikusten ez baditu ez du pentsatuko bera astronauta izan daitekeenik.

Goierrin eman zenituen lehenengo urratsak, gero Argia, Egin eta Egunkaria.

Goierritarraren lehenengo aleetan kolaborazioak egin nituen eta Ordiziako Arlote irratian ere literatur saioak egin nituen. Kazetaritza ikasten ari nintzela, bigarren edo hirugarren mailan, Bilbon Argiak lantalde bat osatu zuen eta fakultateko hainbat lagun bertan hasi ginen: Imanol Murua, Luistxo Fernandez, Joxe Anjel Aldai… Talde handi samar bat osatu genuen eta geuk egiten genuen garai hartan Egin egunkariak astelehenetan argitaratzen zuen A ze astelehenak zortzi orrialdeko gehigarria. Argiako talde hartatik mordoxka bat joan ginen Egunkariara.

Euskarazko lehenengo egunkaria egiten ikastea benetako kazetaritza fakultatea izan al zen?

1990ean Bilbotik Argiako Donostiako bulegora joaten ginen arratsaldeetan. Gaupasa bat baino gehiago egin genuen artikuluak idazten. Besteak beste, Koldo Izagirre egoten zen gurekin boligrafo gorri bat eskuetan. Fakultatean ezer gutxi idazten genuen. Pentsa, idatzi nuen lehenengo artikulua titularrik gabe joan zen! Euskarazko kazetaritza egiteko hizkuntza bat sortu behar zen, kazetaritza estilo propio bat, deontologia bat… Estilo Liburua berebizikoa izan zen Egunkaria zer zen eta zertarako jaio zen definitzerakoan.

Aletuko zenituzke zer eta zertarako horiek?

Euskara, kultura eta lurraldea. Euskarazko kazetaritza euskal hiztun komunitateari zuzendu behar zitzaion. Hizkuntzaren eremu horretan zentratuta euskarazko kultura erdian jartzea genuen helburu; hau da, Zuberoan euskaraz egiten zen antzerki xume bat Bilboko Arriagara zetorren antzezlan bat baino inportanteagoa zen. Lurraldetasunari dagokionez, beste komunikabide askok Espainiarekin zein Frantziarekin zuten mendekotasuna gaindituta, Euskal Herria munduan kokatuko zuen. Egunkariaren ekarri handiena izan da euskaldunok gure burua hor ikusi dugula, komunitate bat bezala.

Egunkarian beti kultura sailean lan egin zenuen. Gero unibertsitatera salto, eta han ere esparru berean aritu zinen. Jakin-minak etengabean elikatzeko gogoa al dakar?

Bai. Albistetik erreportajera eta hortik saiakerara jotzen duzu. Antropologian egin nituen doktoretza kurtsoak eta kultur sorkuntzan zentratu nintzen. Elikatzeko beharra daukat.

EHUko kazetaritza fakultatetik eta Mondragon Unibertsitateko Huhezitik pasa eta gero, Jakin zuzentzeko gonbitea iritsi zen…

Bai. Tesia egiteko epe bat hartua nuen unibertsitatean. Hasieran, Jakinekoa tesiarekin konbinatu ahalko nuela esan nion nire buruari. Autoengainua izan zen azken urtean aldizkarian buru-belarri aritu naizelako eta tesian oso gutxi. Gaur-gaurkoz ez dakit tesiarekin aurrera egingo dudan.

Jakin aldizkariaren ale bat ontzeko prozesua zein da?

Hamalau lagunek osatutako lantaldea urtean hiru aldiz biltzen gara. Bi hilabetean behin ale bat argitaratzen dugu eta urte amaieran, gutxi asko, urteko sei zenbaki horiek zer izan daitezkeen badakigu. Gaiak mahai gainean jartzen ditugu; zenbaki bat ez beste guztiak ale monografikoak izaten dira. Gaiei nondik heldu, zeren bila goazen eta aleen hezurdura bilera horietatik ateratzen da. Sentsazioa izaten dugu kontatu beharko genukeen guztia kontatzeko papera falta zaigula…

Gero Xabier Eizagirre erredakzio buruak eta biok ale bakoitzaren eskema erreala egiten dugu eta egileekin kontaktuak egiten ditugu. Egile horiekin egoten gara eta artisauen modura lanak jaso, eta berriro egoten gara egileekin kontrastatzeko.

Lorea Agirre-1«Egindakoez baino, egin ez ditudan gauzetaz damutzen naiz gehiago»
«‘Egunkariak’ Euskal Herria munduan kokatzeko xedea izan zuen»
«‘Jakinen’ kontatu beharko genukeena kontatzeko papera falta zaigulako sentsazioa dugu»

«Artikuluak laburragoak eta, sinpleagoak ez, baina ulerterrazagoak egin nahi izan ditugu»

 

Gauza berriak probatzen ari zaretela esan duzu. Zer berri dago Jakinen?

Jende berriari ateak irekitzea, beste sinadura batzuk ekartzea, emakumezkoei zein gazteei lekua egitea… Artikuluak laburragoak eta, sinpleagoak ez, baina ulerterrazagoak egin nahi izan ditugu. Unai Iturriagari kontrazalerako komiki bat egiteko gonbitea egin genion. Ez ote zen sakrilegioa izango Jakinen komikia sartzea? Hala ere, aurrera egin genuen ideiarekin. Iturriagari monografikoaren gaia aipatzen diogu eta berak bere begirada ironikoa gehitzen dio. Asmatu dugulakoan nago, gure buruari ironiaz begiratzeko aukera ematen digu, baita horren potoloak ematen duten gaiak hain potoloak ez direla jabetzeko parada ere.

Finean, Jakin bide berrietara zabaldu nahi dugu, leihoak ireki haizea sar dadin. Bide batez, idazle berriak gonbidatuta, irakurle berriak erakarri nahi ditugu.

Zenbakiak kalean daudeneko une horri ere arreta berezia eman diozue solasaldiak eta bestelakoak antolatuta.

Atera berri diren aleen zabalkundea egitea ez da batere erraza. Gure asmoa paperean dagoen horri ekintzen bidez bizitza luzatzea da.

Korrikak Euskal Herrian zehar eskuz esku eraman zuen mezua idatzi zenuen. Euskara, orduan, auzi politikoa al da?

Dena da politikoa, ez hizkuntza bakarrik. Hizkuntza harremanak egiteko tresna da, tresna eraikitzailea da. Hizkuntzaren ezaugarri bat da indibiduala edo konpartitua izan daitekeela. Hizkuntzak interakzioa baliatzen du, berezkoa du interakzioa. Horrenbestez, mundu politikoaren, hau da, plazaren erdi erdian dago.

Hizkuntza aniztasuna dago gurean, gero eta gehiago dira gurean entzun ahal diren hizkuntzak. Bi hizkuntza hiperhegemonikoren arten burua altxatzen ari den hizkuntza da gurea. Hizkuntza horri eusteko hautua egiten da eta hautu hori eginez gero, ondorio eta ardura indibidual zein kolektibo batzuk sortzen dira.

Hizkuntza txikia izatearen ondorioak al dira?

Ingelesaren alde nago esateak edo euskararen alde nago esateak inplikazio ezberdinak ditu. Hizkuntza minorizatu baten alde egitea komunitate baten alde egitea da. Horregatik diot euskararena auzi politikoa dela. Hegemoniarekin, mendekotasunarekin eta botere errealarekin oso lotuta dago. Elkarbizitzari ere lotzen zaio, eta hor dator interakzioa. Elkarrekin bizi behar dugu eta helburu batzuk jarri behar dira menderatua dagoen hori normalizatu dadin. Kultura besteari lekua egitea dela esana du Koldo Izagirrek eta Mari Luz Estebanek emakumeari lekua egitea dela esanez eraldatu du esaldia. Kultura besteari aulki bat eskaintzea da, batzuetan gutxiago duenari eskaini behar diozu edota zu altxatu behar zara aulkia uzteko.

Demokraziaren ikurra da plaza eta Korrikaren mezuan hortxe kokatu zenuen hizkuntza.

Bai. Hizkuntza plaza publikoan jokatzen da eta plaza horretan bertan demokrazia jokatzen da. Inportantea da hala dela esatea. Azken finean, elkarbizitza publiko horren erdian jartzen denak egingo du aurrera eta aurrera balio batzuk oinarri hartuta egin beharko du. Gure gizarteetako balio kapitalistek pobrezia, kulturak eta hizkuntzak baztertzeko moduak areagotu ditu. Hizkuntza minorizatu baten alde egiten duzun lanak pertsona bezala hazteko balio dizu. Abegikorragoa izango zara kanpotik datorrenarekin, mundu hobeago bat egiteko bulkada sentituko duzu. Minorizatuta dagoenak badauka sentsibilitatea. Izan ere, gu bizitzaren beste esparru batzuetan hegemonikoak garen arren, txikiagotuak izatea zer den badakigu.

Euskaratik bersortu eta ahaldundu diozu mezuaren hondarrean. Eraikitzea bezain inportantea al da deseraikitzea? Diskurtso feministaren muinean kokatutako ahalduntzea euskarara ekarri daiteke?

60ko eta 70ko urteetan pentsamendua berritu nahia agerikoa izan zen. Orain bada beste une bat zeinetan, beharbada, diskurtsoetan beste buelta bat sumatzen den: feminismoa, prekarietatea, gizarte oparoaren amaiera… Hizkuntza modu isolatu batean ez hartzeko joera dago. Pentsakera berritzen dagoela esango nuke. Pertzepzio nagusi batzuk etortzen zaizkigu: normalizazioan atzera eta aurrera egiten ari garela, egunero negoziatu behar den errealitate bat dela, ez dela isolatutako kontu bat, praktikak oso lekuan lekukoak direla –Eskiula, Enkarterriak, Zumarraga ez dira errealitate berbera–, bide bakarra ez dagoela… Arrazoia dugula esan dezakegu, baina ez da nahikoa. Zor zaigula pentsa dezakegu, baina hori ere ez da nahikoa. Uste guztiak zalantzan jar ditzake inork eta hori ere ez da txarra. Buelta eman, hobeto formulatu eta ikasi. Finean, nire ustez, kontua da ikustea gure hizkuntza ahoan gizarte hobexeago bat nola antolatu dezakegun.

Aurtengo Jakin batean nazioa, estatua, herria eta euskara hartu dituzue hizpide. Euskarak nazioa eta estatua behar al ditu?

Hizkuntza batek dena behar du. Proiektu kulturalista bat behar du eta estatu bat behar du. Bestela ito egiten da. Biak halabeharrez elkarrekin joan behar dira. Kataluniak gaur-gaurkoz jarri gaitu tesitura batean non gure buruari galdetu ahal diogun: estatu bat izango bagenu zer egingo genukeen? Euskal Herrian ehunetik gora hizkuntza hitz egiten dira egun. Horietatik bi dira hegemonikoak. Estatu bat bagenu nola jokatuko genukeen beste hizkuntzekin? Ez genuke nahi ba besteekin gurekin jokatu duten bezala jokatu, ala? Ariketa hori oso potentea da.

Kataluniako hauteskundeen atarian gaude. Ba al dugu zer ikasi?

Egiteko moduetatik lezio asko har ditzakegu, maniobratzeko eratik. Gure harrizko herri hau biratzeko zaila da eta bi herrion errealitateak ezberdinak dira arlo askotan, baina, jakina, badaukagu zer ikasi. Nago Kataluniak bidearen erdia egingo digula. Demokrazia lezio handia ematen ari dira, izan independentziaren aldekoa edo kontrakoa.

CUPek daukan diskurtsoak sortzen dit interes gehien. Alegia, independentzia bai, baina justizia soziala etorri behar da bide beretik.

Zer irakurtzen ari zara?

Irakurle amorratua bezain anarkikoa naiz. Gauza asko irakurtzen ditut aldi berean, hamar liburu eduki ahal ditut zabalik: saiakerak, tesi bat, euskal literaturak ematen duena…

Zer entzuten duzu?

Anari zalea naiz, baina dositan neurtu behar dut on asko egiten didan bezala kalte ere egiten didalako. Boladak izan ditut musikari toki handiagoa egin diodana… Joan den udan kontzertuak ikustera joan naiz aspaldiko partez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>