Ametsak edo AMETSAK

Itxaro MendizabalGaur ere pasatu zait, ametsetan nengoela esnatu eta errealitatea eta ametsaren artean bereiztea kostatu zait. Gauzak nola diren konturatzean ordea, berehala saiatu naiz berriro ametsari eusten, hain gustura nengoen… baina ez… ezinezkoa izan zait berriro amets goxo horretara itzultzea. Burua nola den, gau batean atzera itzuli, bizipenak berreskuratu eta galduta duguna bizitzeko aukera ematen digu. Pena ezin dugula ordenagailu bat bezala programatu! Programatzea balego, gauero sentitu ahalko genuke ez daudenen presentzia, gauero izango litzateke gurekin ez daudenekin egoteko aukera berri bat. Hala ere, hau horrela balitz, bat baino gehiagok lo jarraituko luke kasu hauetan, etenik gabeko lo goxo batean.

Eskerrak esna gauden bitartean amets egiteko aukera ere badugun. Zer litzateke egunerokotasuna ametsik izango ez bagenu? Ametsek aurrera jarraitzen laguntzen digute. Ametsak dira gure ‘zergatia’.

Bizitzari benetako zentzua eman nahi badiogu,  bakoitzak gure arrazoiak bilatu behar ditugu. Gure ametsa zehaztu behar da. Amets honek ez du beti berdina izan behar, denbora pasatu ahala aldatzen joan daiteke, gurekin eboluzionatu behar du. Bizitza honetan ditugun beldur, neke eta estresak errazago gaindituko ditugu amets bat izan, eta beragatik borroka egiten badugu. Amets bat, proiektu bat, aurrera ateratzeko indarra, ez dagoen lekutik ateratzen da. Amets horri forma ematen hastean, zoriontasunak zoriontasuna erakartzen duenez, espero ez duzun gauzak gertatuko dira, dena amets horri forma emateko bidean.

Bizitzan zehar denok ditugu momentu txarrak. Une horietan dugun indar apurra galdu eta desesperazioa agertzen da. Momentu limiteak dira. Lan postua galtzea, harreman bat puskatzea, familian arazoak izatea, maite duzun pertsona bat galtzea… Munduko pertsonarik zorigaiztokoenak garela sentitzera irits gaitezke, gure bizitzak zentzurik ez duela eta agian bertan egongo ez bagina hobea litzatekeela. Momentu horiek dira gakoak. Gauden kiribil suntsitzaile horretatik atera nahi badugu, aurrera jarraitu ahal izateko arrazoiak bilatzea ezin bestekoa da. Lurretik altxatu eta aurrera jarraitzen lagunduko diguten arrazoi hauek bizitzan gure betebeharra zein den definitzen lagunduko digute. Arrazoi hauekin aurrera jarraitu ahal izateko proiektu bat ‘sortu’ behar dugu. Proiektu hau izango da gure ametsa.

Hala ere kontuz ibili behar gara. Amets bati forma ematen hasten garen unean, beti agertuko baitira ‘amets-lapurrak’.  ‘Amets-lapur’ hauek zure ametsak eta itxaropenak lapurtzen saiatuko diren pertsonak dira. Eta ez dute zertan etsaiak izan behar. ‘Amets-lapurra’ ondoan duzun, eta asko maite zaituen, familiako edo lagun bat izan daiteke. Ez du helburu gaiztoa izan beharrik ere. ’Amets-lapurrek’ zure ametsa utopia bat dela esango dizute.  Ilusioak ez egiteko eta erotuta zaudela ere esango dute.

Ez utzi inori zure ametsak lapurtzen. Ez utzi inori amets bati forma eman ezin diozula esaten. Benetan sinisten baduzu, ametsa errealitate bihurtuko da, eta zure bizitzak beste argitasun bat izango du..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>