Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Hitzak haizeak eramaten omen ditu, baina badira zenbait adierazpen, buruan eta bihotzean ongi hiltzatuta geratzen direnak. Azken egunotan bolo-bolo dabiltza enpresarien ardura daraman gizonezko batek esandakoak, eta nire ustez, ez dira gutxiagorako. Hautsak harrotzeko gai izan dira adierazpen hauek baina entzungor egiteko ere, gogorregiak direla iruditzen zaizkit.

Historian zehar belaunaldi bakoitzak bere «papera» izan duela esango nuke: batzuk lantegi zaharrak martxan mantentzeko euren eskubideen alde borrokatu behar izan zuten. Haiek egindakoa deusezten ari direla ikusita, ondorengoi dagokigu lortutakoa ahal den neurrian ez pikutara bidaltzea, eta bizitzak eta urteek esango dute datozen belaunaldiek zer egin beharko duten.

Itxura guztien arabera, atzerrira joatea izango da aukera hautatuenetako bat, babak eltzetik ateratzeko diru apur bat lortu nahi bada, edota ikasitako horrekin lotutako zerbaitetan lan egitea bada helburua. Ez dut uste hainbat urtez ikasketa batzuk aurrera ateratzen jardun ostean, inork bere etorkizuna etxeko sofan etzanda irudikatzen duenik. Ez dut uste eguna joan eta eguna etorri diru-sarrerarik gabe, zer eginik izan gabe, lana topatzen saiatu eta ezer lortu gabe inor gustura bizi litekeenik.Gorrotxategi-Munoa Nini ezizenez ezagutzen diren horiek baino niniago ez ote da azaldu, zentzugabekeria galant horiek esan dituena?

Ion Muñoa

Aho handiz eta beroz egindako adierazpen onartezinak dira inolaz ere. Eta ez antzeko hitzak behin baino gehiagotan entzuten ez ditugulako tabernetan edo tertulietan, baizik eta Gipuzkoako enpresen elkarte nagusiko ardura goreneko pertsonak prentsaurrean egindakoak direlako. Arduragabekeria eta arinkeria ikaragarria erakutsi du Gibelalde jaunak, baina zer esana eta zer pentsatua jarri duenik ezin zaio ukatu.

«Lehengo garai guztiak hobeak ziren» logikapean dihardu. Oraingoa ulertu beharrean, lehen norberak egindakoaren prismatik errealitatea begiratzeak gehiegi murrizten du errealitate hori. Ez dakit nik Adegiko buru jauna zenbat gazterekin egoten den bere egun normal batean; ni dozenaka gazterekin egoten naiz egunero eta esan dezaket gazte zoragarriak ditugula: arduratsuak, langileak, ameslariak, konprometituak, argiak… alfer eta axolagabe hutsak ere baditugun bezala. Lehen ez zen horrela?

Beste kontu bat da ekintzailetzako pausuak ez emateko dituzten frenuak nolakoak diren, funtzionario izatea edo Caf-en lan egitea aspirazio gorena duen gizarte batek nola bermatu dezakeen bere etorkizuna. Horiek kezka iturri izatea normala da, baina gazte guztiak zaku berean sartuz, egoera ez da asko aldatuko.

Zorionez nini gutxi ditugu gure artean eta ez dira hainbeste atzerrira lan bila alde egin behar izan dutenak. Espainiako komunikabideek etengabe darabilte gai hau, baina Euskal Herriko datuak beste batzuk dira. Edozein modutan, gazteentzat lan aukera sendoagoak sortzea serioski hitz egin beharreko kontuak dira. Serioski eta arduraz, Gibelalde jauna!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>