Euri tanta banintz

Lan bikoitza plazaratu dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek denboraldi berrian. Baserriaren inguruko ‘Amalur’ diskoa eta ikuskizuna;eta Joxan Ormazabalen olerki musikatuen ‘Euri tanta banintz’ diskoa.

Legazpiko haurrak pribilegiatuak direla esan daiteke. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoan ikuskizun berria ikusten lehenak izaten dira urtero. Pasa den astean ere, Amalur ikuskizun berriaz gozatzeko aukera izan zuten legazpiarrek.

Baserriaren gaiari heldu diote berriz ere Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Orain dela dozena bat urte baserriaren gaia landu zuten, Amona Josefinaren baserrian. «Baina iruditzen zitzaigun bertsio gaurkotu bat egin beharra genuela. Aldaketa asko izan dira Euskal Herrian, eta baserri munduan ere bai. Garai hartan Amona Josefina izan genuen bezala, eta atzera begira jarri ginen bezala, orain, aurrera begira jarri nahi dugu», zehaztu du Jose Mari Agirretxe Porrotxek.

Haurdun dagoen Ilargirekin barneratuko dira pailazoak eta ikusleak baserrian. Marimototsek baserritar izan nahi du eta Ilargiren baserrira joan da ikastera. «Modu baikor batean landu dugu baserriaren gaia, baserriak dituen onura guztiak azpimarratuz». Ikuskizuna presta- tzeko, besteak beste, Jakoba Errekondoren eta Lazkaomendiko Iztueta baserriko laguntza ere izan dute. «Gu guztiontzat baserria zein garrantzitsua den nabarmendu nahi dugu».

Ilargiren haurra, Amalur, jaioko da ikuskizunean. «Umetxoa da Amalur; bizi garen lurra ere  ama lurra da. Denok gara lurraren seme-alabak», argitu du Aiora Zulaikak Pirritxek. «Amak zaintzen gaituen bezala, guk zaindu behar dugu lurra. Amalur, Amalur gure besoetan zaude, Amalur, amalur, zure eskuetan gaude dio abestiak».

Era berean, baserritarraren lanari aitortza egin nahi diote. «Baserritarra sendagilea, albaitaria, astronomoa, eguraldi iragarlea, ekonomialaria, lorazaina, euskararen zaindaria… da». Txakurra, tximeleta, lorea, txerria, ardia, behia, porrua, babarrunak…. «Baserriko protagonista guztiak azalduko dira, bi hankakoak ez direnak, baina bizirik daudenak». Azokara ere joango dira baserriko produktuez osatutako otarreak eramatera. «Joxan Ormazabalen astoak otar bat eramango du eskolara».

Pirritx, Porrotx eta MarimototsJoxan Ormazabalen omenezko diskoa

Protagonismo berezia izan du Joxan Ormazabal zenak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berrian. Duela bost urte hil zen zegamarra omendu nahi izan dute Euri tanta banintz diskoarekin, eta Ormazabalen olerkiak musikaz eta doinuz jantzi dituzte.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek azaldu dute zergatia: «Orain dela bost urte hil zenean, arantza bat geratu zitzaigun sartuta bihotzean. Bera ezagututa, ez genuen ordura arte, bere olerkirik musikatu. Eta bera hain eskuzabala zenez, aspaldi esan zigun bere olerkiak nahi genituenerako erabiltzeko, baina ez genuen erabili eta arantzarekin gelditu ginen».

Xabier Zabalak jarri die doinua Ormazabalen hitzei. «Hiruzpalau olerki musikatuak bazituen Xabier Zabalak, baina guk bere olerkirik, ez genuen erabili».
Arantza atera dute orain pailazoek. Ormazabalen hamabi poema abesti bihurtu eta diskoan sartu dituzte. «Oso idazkera jostaria dauka, oso ulerterraza, oso umeena eta oso gurea. Gai sozialak ere lantzen ditu, injustiziak, gerrak, munduaren norabidea, maitasuna, askatasuna… oso modu jolastian», dio Pirritxek.

Familiaren laguntza

Ormazabalen familiaren pailazoek. «Gauzak nola diren, bere semea, Txoan, Tolosako Bonberenea gaztetxetik ezagutzen genuen. Elkarlan bat izan da, familiaren, bi semeen, emaztearen eta gure artean. Hirurek parte hartu dute. Oso aberatsa izan da beraiekin lan egitea», argitu du Porrotxek.
Familia arduratu da olerkien aukeraketaz. «Txoanek egin ditu olerkien arteko loturak eta sarrerak. Jatsuk parte hartu du bere ahotsarekin ipuintxoetan, eta Ana emazteak, Iniminidad ipuintxoan ahotsa jarri du».

Astoa ikusi nuen

Amalur ikuskizunean eta diskoan Ormazabalen beste hainbat kanta ere sartu dituzte.  Astoa ikusi nuen kantu historiko famatua esate baterako. «Joxeanen astoak ikuskizunean agertuko dira. Astoak eramango du baserrian prestatutako otarrea ikastolara», zehaztu dute pailazoek.

Ohi bezala, Zaldibiako Oneka Garmendiaren eta Ordiziako Musika Eskolako Zaldibiako eta Ordiziako haurrek eta gazteek hartu dute parte. Lau bakarlari goierritarrek, gainera, protagonismo berezia izan dute Ormazabalen diskoan. Sara Etxabe Ametsak abestiko bakarlaria izan da; Oneka Aiestaran Infinitu abestikoa, Irati Aiestaran Hiru hitz: urruti, zubia, maitasuna abestikoa eta Saioa Munduate Maitasuna abestikoa.

«Aurten pailazook asko abestu dugu, Porrotxek eta Marimotsek ere bai», baina Euskal Herriko hainbat eta hainbat musikariren eta lagunen laguntza izan dute: Eñaut Elorrieta, Petti, Onintza Enbeita, Maialen Iriarte, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Alex Sardui, Imanol Urbieta, Ramon Agirre…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>