Movember, biboteen aroa

MovemberProstata eta barrabiletako minbiziaren inguruko kontzientzia lantzeko sortu zen Movember egitasmoa, Australian. Urte gutxiren buruan, mundu osora zabaldu da, eta Ordizian, bosgarren urtez bat egin dute kanpaina honekin.

Ingelesezko Moustache (bibotea) eta November (azaroa) hitzen artean sortutako akronimoa da Movember, eta Australian sortutako mugimendu bati ematen dio izena. Hainbat lagunek, bibotea uztea erabaki zuten, prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruko kontzientzia sortu nahian.

Urtebeteren buruan, Australia osora zabaldu zen mugimendua, eta handik, munduko hainbat herrialdeetara. Ordiziara, Ampo Ordizia errugbi taldearen bidez iritsi zen. Paul Healy entrenatzaileak 2011n egindako proposamen batetik sortu zen ideia, eta hainbat jokalarik bat egin zuten kanpainarekin. Errugbi taldea ekimen honen bultzatzaileetako bat izan da harrezkero.

Dagoeneko bosgarren urtez egingo dute Movember egitasmoa Ordizian. Kalera atera besterik ez dago, gizonen artean normalean baino bibote gehiago ikusten direla konturatzeko.

Kontzientzia sortuz

Movemberren helburu nagusia, minbizia mota honen inguruko kontzientzia sortzea da. Gaiaren inguruan naturaltasunez hitz egitea eta gaitza garaiz atzematea da lortu nahi dutena. Horretarako, diru bilketa ere egiten dute, ikerketa laguntzeko. Ordizian bertan, ia 4.000 euro bildu zituzten iaz. Aurten ere, asmo berarekin, 50 itsulapiko jarri dituzte herrian zehar, eta 1.000 pegatina eta beste hainbeste txapa atera dituzte; euro batean daude salgai.

Herriko hainbat elkartek ere bat egin dute kanpainarekin. Tabernariek, esaterako, bibotedun pintxoak jarri dituzte. Bestalde, herriko lau bizargin biboteak doan txukuntzen ari dira. Ordizian Merkatari Elkarteak berriz, Miss eta Mister Movember lehiaketa antolatu du. Bibotearekin argazkia atera eta Facebook sare sozialera igotzen dutenen artean, bi lagunentzako afaria zozkatuko dute.

Errugbi taldeko kideek eta Ordiziako gaztetxeak elkarrekin egindako pankarta bat ere atera zuten Altamira zelaira, Quesos Entrepinaresen aurkako partidan. Horrez gain, jokalariek sinatutako kamiseta bat ere zozkatuko dute.

Movember egitasmoko ekitaldiak bukatzeko, hilaren 28an Basic talde donostiarrak kontzertua egingo du, plazan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>