«Euskadiko Kros txapelketan marka ona egitea dut helburu nagusi»

Irati_Zubizarreta_korrikalHilaren 31n Euskadiko Kros Txapelketan parte hartuko du Irati Zubizarretak (Beasain, 1998). Bertan marka ona eginez gero, Espainiako Txapelketarako sailkatuko da. Bizitza guztian korrika irudikatzen du bere burua Irati Zubizarretak. Korrika egitea askatasuna da beretzat.

Zer moduz ikusten duzu zure burua datorren astean jokatuko duzun txapelketarako?

Oso ondo. Azkenaldian asko gozatzean ari naiz lasterketetan eta hori garrantzitsua da ondo aritzeko. Buruak asko eragiten du, eta motibaziorik gabe ateraz gero, lasterketan gaizki ibiliko naiz seguru.

Lasarten jokatuko da Euskadiko txapelketa hilaren 31n. Nolako proba espero duzu?

Gogorra izango da, lokatz artean egin beharko baitugu korrika. Hala ere, nik gustuko dut hori. Espainia aldeko lasterketak ezberdinak izaten dira, eremu lehorragoetan aritzen gara eta gu ez gaude horretara ohituta.

Eta sailkatuz gero, Espainiako Bakarkako Kros Txapelketara.

Espainiako txapeldun izatea ez da nire helburu nagusia, baina bakarkako honek ilusio berezia egiten dit. Bertan egoteko sailkatzea nahiko nuke.

Krosean eta pistan aritu zara azken denboraldian.

Ordiziako Txindoki Atletismo taldean nago, 1. DBHtik. Txindokin sartzea nire lekua aurkitzea izan zen. Iaz krosean eta pistan aritu nintzen. Azken  hau, hala ere, ez dut oso gustuko. Niri korrika egitea gozatzeko gustatzen zait. Pistakoan konpetentzia gehiegi dago, eta gozatzeko baino, marka on bat egiteko presio gehiago dago. Ni distantzia luzeetan motzetan baino hobeto aritzen naiz, eta pista utziko dut aurten, mendian saiatzeko.

Zergatik mendia?

Mendira korrika egitera joatea niretzako askatasuna da, naturarekin bat egitea. Mendiko lasterketaren bat aipatzekotan Zegama-Aizkorrin parte hartzeko gogoa badut aspalditik, gainera aurten junior mailan lasterka egiteko azken urtea izango dut.

Beasaingo San Silbestre lasterketan hirugarren amaitu duzu.

Oso gustura nago. Ez nuen espero. Hasieratik egon nintzen hirugarren postuan, baina ez nintzen benetan kontziente. Nire burua ondo ikusi nuen eta hirugarren postua lortzeko sufritzea erabaki nuen. Andoni Eskalona eta Aitor Ormazabalek asko lagundu zidaten azken kilometroetan. Maila horretako korrikalariekin podiuma egiten nuen lehen aldia izan zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>