Aitor Calvillo
Ardi batzuk hartuta, Aralarren artzain? Ez litzateke plan txarra, akaso! Hala pentsatuko zuten ziurrenik Ordizian joaneko artzain egunean transhumantzia delakoa ikusten aritu ziren zientoka gaztek. Aitortza eta sariak ere tarteko, ez dirudi lanbide txarra, ez horixe! Eguneroko lanean zertan jarduten duten galdetu behar, ordea, artaldeen jabe diren artzain horiei guztiei. Niri irakatsitakoaren arabera, gauzak asko hobetu diren arren, lanbide nekeza baita artzain izatearena eta bejondeiela esan beharrean nago artzain eskolatik pasata lizentziatzen diren gazte horiei guztiei.
Artzaintza lanbidea tarteko beste bi kontu ere badatozkit burura. Emigrazioaren gaia batetik eta bizi baldintzena bestetik. Ahaztu egin al zaigu orain gutxi Euskal Herritik Amerikak egitera joaneko garai horiek? Hori bai izan zela ardirik gabe Atlantikoa gurutzatu eta Amerikan artzain ibiltzea. Bertan ezin ofizioa aurrera atera eta atzerrira joan behar, orain Afrika eta Asia Ekialdeko herritar ugari egiten ari den moduan. Bere garaian euskal herritar artzainak hartu zituzten euren lurraldeetan, gaur Europak ateak itxi dizkie honelako beste askori. Atzeak erakusten duela aurrea nola egin baino…
Bestetik, lan kontuak direla eta, gaur egun kanpora joan behar duten gazte askoren azalean jarri eta artzain horien bizikerak datozkit burura. Erosotasuna, lan baldintza onak, dirua barra-barra… Ez dut uste! Eta hara Burgosko mutil gazte batek kontatutakoa: «Ikasketak amaitu berri nituela ezin bertan lanik aurkitu eta petrolio-findegi batean, itsas-plataforma batean mantenu lanak egiteko eskatu zidan bertako enpresa batek. Bihar banoa lanera». «Eta nora ba?» galdetu nion nik. «Uzbekistan aldera, hiru hilerako oraingoan» berak erantzun. «Turismo egiteko aukera paregabea, ezta?». Horixe pentsatu nuen nik bat-batean. «Zuri hala iruditzen bazaizu», erantzun zidan, «12 orduko lana jarraian eta beste 12 aisirako». Aisi hitza entzunda segituan datorkigu burura turismoa, parranda… baina kasu honetan keba! Hala erantzun zidan: «Alkoholik ez, drogarik ez, sexurik ez… eta hau guztia hiru hilabetez lurretik zientoka kilometrora, itsas-plataforma batean eta askotan hizkuntza arazoak tarteko inor gutxirekin hitz egiteko aukerarik gabe». Garai bateko euskal artzainen pare?
Asier Iriondo
Hamabi ordu aisirako? Loa aisian sartuko du, orduan? Ametsak ere bai, beraz. Baita ameskeriak ere. Juan Carlosek, espainiarren errege zela, kimera deitu zien gure ametsei.
Kimera izaki mitologikoak jendea izutu eta artaldeak jaten omen zituen. Ez da irudi egokiena artzainen aisia betetzeko. Txakur-ametsa, ordea, izan daiteke. Gure hiztegi guztiek dakarte termino hori, fantasia izendatzeko. Hamabi ordu txakurra lagun eta beste hamabiak txakur-ametsetan, loa barne.
Euskarazko wikipediak bi artzain ezagun nabarmentzen ditu: Fernando Aire Xalbador eta Erramun Martikorena. Ederra behar du Xalbadorren eta Erramunen hamabi orduko aisiak. Ez dezatela esan bizitza beti txakurra denik..