Ion Muñoa
Elkarri galderak egiten diogu orriotan. Batek puntua jarri eta besteak erantzun, emaitza bi baino gehiago izan asmo duen batuketa egiten dugu. Orain, galdera propioa formulatu ordez, goierritarroi erantzuteko aukera jarri diguten beste galderaren gainean hitz egin nahi dut: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?
Gure Esku Dagok bultzatuta, Goierrin ekainean egingo den galdeketan erantzun beharrekoa izango dugu, hala deritzogun 70.000 goierritarretako bakoitzak. Jakitun naiz, galderak baino gehiago balio duela prozesuak eta galdeketa egiteak; mobilizazioak, moduek, ilusioa sortzeak, batzeak… Badakit balio juridiko-legalik ez duen galdeketaren helburua ez dela galdera edo erantzuna bera, baizik eta horretatik gure buruari, beste euskal herriei eta munduari oro har erakutsi eta irakatsi behar dioguna. Hori badakit, baina zalantza batzuk sortzen dizkit galderak berak ere. (Ez dakit zilegi den galdera prestatzeko prozesu irekian parte hartu ez duenak zalantza horiek publikoki adieraztea; barkatuko didazue, baina ezin ixilik egon!).
Zer ulertzen du gutako bakoitzak «euskal estatu» entzutean? Eta zer ulertzen dugu «burujabe» diogunean? Eta zer da «nahi» izatea? Lurraldetasunaren korapilo potoloa oraindik askatu gabeko gaia dugu euskal herrietan, «burujabe» kontzeptuaren esanahi politikoa asko aldatu da azken hamarkadetan, eta «nahi» izateak desioaren mundura garamatza, baina ez praxis-aren planora. Ziurrenik planteatzen ari naizen kezka hauek txikikeriak dira, eta garrantzitsuena ez dute oztopatzen, baina ekaina pasako da. Eta erantzunak eta ikasketa egongo da. Eta segi beharko dugu «euskal estatua»ren definizioa lantzen, «burujabe» izateari edukia ematen eta «nahi» izatetik egi izatera pasatzeko «prest» ote geundekeen pentsatzen.
Gure maisu jakintsu batek zioen, galderak ondo planteatuz bakarrik egiten duela gizakiak aurrera.
Eneritz Gorrotxategi
Bada, egia aitortuko dizut:?txoko honetan puntua erantzutea errazagoa egiten zait, puntua jartzea baino. Eta puntua aipatu dudanez, azpimarratu behar dut ekaineko galdeketa horretan garrantzitsuena galdera egiteko puntura iristea izan dela. Ezberdin pentsatzen duen jende ugari batu da, helburu jakin batekin, prozesu parte-hartzaile batean lanean. Horrek ere, badu bere balioa. Gure Esku Dagok geurea den eskubide bat gauzatzera garamatza; geure etorkizuna geuk erabaki ahal izatea alegia. Guk hemen erabaki beharko genuke zer nahi dugun. Ez diezagutela beste batzuk esan zer eta nola bizi behar dugun. Zehaztutako galderak bi erantzun posible ditu; bakoitzak bere hausnarketa egin beharko du; nola ulertu Euskal Estatua, burujabetasuna, nahia,… Balio juridiko-legalik izango ez badu ere, balio historiko edo emozional handia izango du kontsulta hori egiteko aukera izateak eta gauzatzeak.
Beste kontu bat izango da galdeketa horren biharamunetik aurrerakoa. Euskal Estatu burujabea nahi dugula erantzuten badugu goierritarrok, orduan hasi beharko da nolakotasuna definitzen: zer-nolako Estatua nahi dugun eta horretarako zein aukera dauden, zein bide jorratu beharko diren… Aurretik baina, bide luzearen ondoren, izan dezagun geure etorkizuna geuk erabakitzeko aukera. Ekaineko galderari ilusioz erantzungo diogu, eta nik badut bai erantzuna.