Asier Iriondo
Azken urtetxoan, euskaltegian, neska-mutikoak izan ditut ikasle. Gehientsuenak kultura musulmanekoak. Ez nuke hori, hala ere, bereziki nabarmenduko. Hogei urtetik gora dira katoliko-kristau kulturakoei eskolak ematen hasi nintzela eta, gela barruko jarreran, ez dut alde handirik antzeman izan. Umeak ume.
Izan dira, ordea, koloka jarri nauten uneak. Katoliko-kristau kulturakoekin ere erlijioa airean da, baina, ez naiz ohartu izan orain arte.
Koloka txikietatik hasita, behin apaiz bat agertzen zen ipuina kontatu nien. «Zer da apaiza?», galdetu zidaten. Beste behin, herriko toki jakin batera joateko azalpenak eman behar zituzten eta elizarekin topo. «Zertarako da eliza?». Gazta-tartaren errezeta ere eginak gara. «Guk ezin dugu gelatina jan».
Handiagoetara joanda: «Neska hori atea da, ez darama zapirik buruan». «Guri moros» deitzen digute eta guk eurei «cristianos». «Gelan esan digute ramadana tontakeria dela» edo, umeen jakiteko minaren hizkeran egindako Parisko atentatuen inguruko aipamena. Ez neurri txikian, ez handian, beti irudipen antzekoa geratu izan zait, ez dudala erantzunetan asmatu izan.
Nolanahi ere, horretan bezala, gai ugaritan naiz ezjakina eta ikasle hauei, gainerakoei bezala, mutu utzi izan nautenetan, segundogarrenera desagertu izan zaie harridura eta «hurrengo gauza pinpilinpauxa». Esan bezala, umeak ume dira eta ni haserre ikusi nauten izaki bakanetakoak ere bai.
Aitor Calvillo
Jakinduria azokan perretxikuen modura salduko balute, Asier!. Orduan… Ah! Orduan ere izango zen zerbait! Baina noan harira. Ume/gaztetxoekin ez baina guri ere egokitu zaigu helduagoekin sinesmen eta ohitura kontuak direla eta kudeatzeko hain errazak izan ez diren zenbait egoera. Kanpotik etorritakoei bereziki prestaturiko oinarrizko euskara ikastaroetan esaterako, erlijioz musulman direnei eskolak ematea tokatu zaigu maiz. Gure ohiturei jarraituz, irakaslea hautatzerako garaian generoari begiratu ez eta gizonezkoa egokituz gero a ze gauza bitxia, klasera sartu eta emakume guztiak aurpegiak zapiaz estalita! Euskara nori irakasten ari zaren ondo jakin gabe ere, aurrera! Bitxia, emakumezkoa izango banintz guztien aurpegiak ezagutuko nituzkeen baina…
Jan kontuekin ere gertatu zaizkigu zenbait bitxikeria erlijio kontuak tarteko (uiiiiii! San Tomas egunean!). Baina janari kontu hauek hobeto kudeatzen ditugulakoan nago. Beraiengandik ere asko ikasitakoak gara, gainera! A ze otorduak pakistandar, marokoar, ekuatoriar edota bestelako herrialdeko ikasleak klasean izan ditugunean! Eta sukaldaritza ikastaroetan! A ze sukaldariak!
Baina ni honekin guztiarekin gauza garrantzitsuenarekin geratuko nintzateke. Erlijioak erlijio, ohiturak ohitura, euskaltegietan hizkuntzak batzen gaituela, euskarak. Edota ez al dizu zuri poza ematen San Tomas egunean txistorra jan gabe geratu baina egun kalean salerosketak euskaraz ere egiten dituen senegaldarra ikusteak? Gure ezjakintasuna oraindik ere handia da, baina guk ere noizbehinka haserretzeko eskubidea izango dugu, ALA?