Irati Oiarzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiarzabal

Begirada mesfidatiak ete erdeinua. Laguntzeko borondatea eta bidegabekeriarekiko amorrua. Txanpon beraren bi aurpegiak ditugu hauek, azken boladan ihesean datozen milaka errefuxiatuen inguruan. Batzuk begi txarrez ikusten dituzte, eskuin muturreko –eta ez hain muturreko– alderdiek igorritako izu eta gorroto mezuak erabat barneratuta. Horren aurrean, pertsona hauek bizi duten egoera krudelaren jakitun, badira taldean antolatu eta ahal duten neurrian laguntzea erabakitzen dutenak. Denbora eta borondaterik onena muxutruk emanez. Legazpin, Zumarragan eta Urretxun baditugu halako adibideak, baita Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere. Herri onen balorerik onenak erakusten dituzte halako ekimenek. Kezkagarria ere bada, halaber, erakunde publikoek egiten ez dutena herritarrek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek egin behar izatea. Jakinik, gainera, ez dela gaitasun eta eskumen arazoa; borondate arazoa baizik. Gogoan gordeta gelditu zait duela gutxi Arantza Amezagari egindako elkarrizketa, Elgetan gerra eta frankismoko emakume erresistente eta errepresaliatuei egindako omenaldian. Hark ongi daki zer den erbestea, Argentinan jaio baitzen gurasoek gerratik ihes egin ostean. Hunkituta kontatu zidan euskal erbestea oso antolatua izan zela eta harrera oso ona egin zitzaiela, bazekitelako askatasunaren eta bizitzaren aldeko borrokak eraman zituela hara errefuxiatutako euskaldunak.Oiarzabal-Belastegi Eta galdetzen diot neure buruari, zer aldatu da?

Nagore Belastegi

Ezer ere ez. Familiako talde Whatsappa sutu zitzaigun beste egunean gai honen inguruan aritu ginenean. Euskal Herritik batzuk, Madrildik besteak eta Frantziako txoko batetik azkenak, denek iritzi berdina genuen baina denok hitz egin nahi genuen. Nire familia emigrante familia da bertakoekin primeran nahasten ikasi duena. Nire abuelo eta abuela Extremaduratik Altsasura, eta gero Legazpira etorri ziren aukera baten bila. Nire osabak Madrilera alde egin zuen ondoren lanak tiraka. Izebari, ordea, bihotzak egiten zion tira eta Frantziara jo zuen. Bakoitzak bere lekua aurkitu zuen, eta beraiek bezala munduan leku bat bilatzen jarraitzen dute milioika pertsonek. Askok ez dute zirrara, esperientziak, lana, maitasuna… bilatzen, lasai bizitzea baizik. Gerretatik ihes egiten dute, potentziek sortutako gerretatik. Dirua besterik ez dago odol guzti horren atzetik; interesak, botere nahia, garai batean bezala. Eta orduan bezala ere, orain bizitza batzuk beste batzuek baino gutxiago balio dute. Desiro dut gertatzen ari dena berriro ere ez errepikatzea, bizitza ziklikoa den arren, baina karma dela sinisten badugu, noizbait Europak Afrikaren beharra izango du eta laguntza eskaini ordez bizkarra emango dio urte luzeetan eragindako minaren ordainetan. Ezer, Iraia, ez da ezer aldatu, baina norbanakoek egin dezaketen indarrarekin saiatu gaitezen denon artean gauzak pixkanaka aldatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>