Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Joan den asteburuan eskubide bat bageneukala jakitetik,  eskubide hori gauzatzera pasa ginen. Goierriko herritar askok eta askok, Debagoiena, Azpeitia eta Ispasterrekin batera gure iritzia emateko aukera izan dugu. Geure etorkizunaz geuk erabaki nahi genuela adierazi izan dugu giza-kate, mosaiko, kantu edo bestelako keinuen bidez, baina azkenean eman dugu lehen pausua. 34 herritako olatuaren atzetik ordea, badirudi beste olatu are eta handiago bat datorrela: Tolosaldea, Donostia… 60 herri baino gehiago behintzat bai. Ea pixkanaka Euskal Herri osora zabaltzen den olatu handi hau.

Gipuzkoako herriak izan dira lehen pausu honetan zutik jarri diren gehienak. Baina bada garaia zutik eutsi eta bigarren pausua emateko ere. Badira beste hamaika gai, galdetzea komeni direnak, are gehiago herritarron osasunean eta poltsikuan eragiten baldin bada eta ahal bada, zaborrak ke bihurtu baino lehen.

Bilbon hautsak harrotu dituen albistea ere izan dugu: Athletic-eko neskek liga irabazi dute. Lehen mailako kirolariei omenaldia egitea zilegi egiten zaigu, baina gizonezkoei bakarrik? Non geratu da Gabarra ateratzeko gogoa? Gorrotxategi-MunoaEmakumezkoen tituluak gizonezkoenak baino gutxiago balio ote du? Non da parekidetasuna?

Ion Muñoa

Galdera ona. Non da? Nonbait ba al da? Futbolean argi dago ezetz. Eta badirudi Athletic-ek erabaki duela Gabarra ez duela aterako emakumezkoek irabazi duten Liga ospatzeko. Justua den ez dakit; pauso handi bat emateko aukera galdu ote duten ere ez dakit. Baina Bizkaiko futbol federazioaren datuek erakusketan dute Bizkaian 1.000 emakumezkok jokatzen dutela futbolean federatuta (adin eta maila ezberdinetan), eta aldiz, ia 11.000 direla futbolean federatuta aritzen diren gizonezkoak. Futbol profesionalean ere nabarmenak dira emakumezkoen eta gizonezkoen taldeek eta ligek dituzten eragin ekonomiko eta sozial ezberdinak. Parekidetasun eta berdintasun gutxi dago hor. Aldeak ere, hamaika oraindik!

Igandeko galdeketen gainean ere, hamaika dira irakurketak eta balorazioak. Ez naiz ni gai esateko olatua ote den, eta are gutxiago olatu horren tamaina zer nolakoa den. Baina irakurketa zintzoa egin nahiko bagenu, uste dut testuinguruko beste hainbat datu ere kontuan hartu beharko genituzkeela. Adibidez, zenbat boto lortu dituzten alderdi abertzaleek gure herrietan aurreko hauteskundeetan eta ea atzoko datuekin nola erkatzen diren; edota adibidez, igande gauean Euskal Autonomia Erkidegoan La Sextan eman zuten Rivera eta Iglesiasen arteko eztabaida ikusten galdeketan parte hartu genuenak baino lau aldiz euskaldun gehiago zeudela; edota igande goizean bertan Errenterian Extremaduraren eguneko ospakizunetan zirela Gipuzkoako alderdi sozialistaren liderrak; edota Podemos-ek erabakitzeko eskubidea arlo guztietara eraman nahi omen duelarik, aukera izan duenean zein jarrera izan duen… Ez dakit! Irakurketa testuinguru zabalarekin egin beharko genuke eta galdeketak sakralizatu eta demonizatu gabe. Modu naturalean herritarroi galdetzea ondo dago, beharrezkoa da, demokratikoa da; baina ez dezagun pentsa galdeketen bitartez dena soluzionatuko dugunik. Hamaika kolore dituen gure herri honetan, zertarako gai ote ginateke hogeita hamaika eskutik bagenu bezala jokatuko (ez) bagenu?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>