Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

‘Caja numero trece’ entzun, pantaila elektronikoan letra gorritan 13 zenbakia ikusi, eta ilaran nire aurretik zegoena han joan da dozenaren hurrengo zenbakia itsatsita duen kutxara, orga bete erosgai hartuta. ‘Caja numero dieciocho’ esan du jarraian ahots metalizatuko aparatuak eta ondo ikasitako giza-abere bat gehiago izaki, han joan naiz ni ere eskuartean ozta-ozta helduta ditudan dozena-erdi gauzarekin dagokidan ordain-postura. Carrefour-go kutxetako ilaren antolamendu inteligente, efiziente, justu-zale eta azkar-asmoko sistema berrian (jada ez hain berria) errenkadan dauden erosleei kutxak libratu ahala hots egiten diete. Horretarako pantailan zenbakiak erakusten dituzte eta aldi berean ahots robotizatuz kutxaren zenbakia adierazi. Zenbakiek ez dute hizkuntzarik behar pantailan erakusteko, bai ordea ahoskatzeko. Eta Olaberriko Carrefour-en gaztelania, eta gaztelania bakarrik erabiltzea hautatu dute.

Berriro ere, «gaztelaniaz esanda denok ulertuko dugu» araua nagusitu da azkartasunaren, efizientziaren eta praktikotasunaren izenean (edo erabakia hartu duen sistemaren zentralitateak eraginda, edo erabakia hartu duenaren sentsibilitate faltagatik, edo batek daki zergatik!). Kontua da, 2016an Goierriko saltoki handienean kutxara gaztelaniaz bakarrik deitzen digutela. Titiko umeei ere ingelesez kontatzen irakasten zaien garaiotan, 1-25 arteko zenbakiak euskaraz esanda norbaitek ez du ulertuko agian, pantailan tamaina handian zifra hori agertuta ere.
Gure esku ez dauden munduko injustizia guztiak konpontzeko sinadurak biltzea hain modan dagoen honetan, Munoa-Gorrotxategiez dugu ezer egingo Carrefour-en euskaldunok zor zaigun duintasunez trata gaitzaten?

Eneritz Gorrotxategi

Zenbakiak pantailan erakusteak ez du audiorik eskatzen derrigorrez ez, baina kontuan izan behar da, zu kokatzen zaren ilara horretan mota guztietako jendea jarri ohi dela, eta horietako batzuen begien ezinak, belarrien ahalmenak asetzen dituela. Horiei, beraz, derrigorrezkoa zaie pantailan adierazten dena zein zenbaki den helaraztea.

Diozun bezala, ordea, gazteleraz adierazten dute. Ezin ahaztuko dugu supermerkatu kate hori frantsesa dela izatez, eta hizkuntzen bidegurutzean topatuta, gazteleraren hautua egin dutela. Akaso Euskal Herrian tokatzen diren supermerkatuetarako, ordenagailuari euskaraz erakustea, garestia izan liteke? Hor antzematen da bezero euskaldunarekiko duten jarrera: euskaraz zuzentzen diren edo gaztelania euskarara itzulita moldatzen ote diren.

Baina erosketa gune handietan euskararekin izandako hanka-sartzeak ziur gogoan izango dituzula; lehenengo landarearena esaterako. Bada, zuk diozun horretan ere, badira horrelakoak (beheko solairutik sartu ordez, goikotik sartuz gero, bolada batean behintzat ikus zitekeen, aldagelak behar zutenak, saiagelak zirela). Saiakera egin dute, baina bistakoa da oraindik aldatzeko asko dagoela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>