Ekain amaiera eta uztail hasiera berezia izaten da Zumarragan, Santa Isabel festak izaten ditugu herrian eta makina bat ekintza bideratu izaten dira guztion gozamenerako. Badira jarduera asko eta asko, urteak igaro ahala, jende ugari bereganatzen dutenak –Santa Isabel eguna bera, haur zein helduen danborrada…–, baita bestelako ekitaldi batzuen bidez, ikuslego leiala erakartzen dutenak ere –bandaren ekarpen berriak, errekortadoreak, Goiargi abesbatzaren kontzertua, saloi dantzak, ilunabar literarioa, gaztetxearen jarduera anitzak…–, hauek bezala, herriko talde askoren emanaldiek poza eta ilusioa sortzen dute, bestelako dinamika herrian sortuz, zinez txalogarria.
Goiko ekintzek poza eragiten badidate, bada urtez urte harridura sortzen didan ekintza bat: San Joan egunetik hasi eta uztailaren 2ra arte, Zumarragan, Antioko baselizan, egin ohi den bederatziurrena. Goizeko 6:30ean, hau da harrigarriena, batzuk oinez, besteak autoz, edo duela bi urtetatik hona autobusez, jende mordoa hurbiltzen ikusiko duzu baselizara, Ama Birjinaren aurrera errezatzera. Aurten, esate baterako, asteko lehen egunetan, 200 pertsonatik gora gerturatu direla jakin dut, eta azken egunean, entzun izan nuenez, 345 pertsona, zinez, harrigarria.
Baseliza bitxi honetara gerturatzen direnek, presbiterioan ezarria dagoen Ama Birjinaren irudia ikus dezakete. Gotiko estiloko irudi bikaina da, gorputza ezkerreko aldera makurtuta duena eta eskuineko eskuan sagar bat daukana. Irriño bat ihesten utziz, ezkerreko eskuz Jesus Haurra eusten du Amak, imajina guztiz hunkigarria eta atsegin eginez.
Irudi horri begira, belaunaldi desberdinetako pertsonak ikusiko dituzu, bakoitza bere lekua hartuta, dagoen tokitik Amaren irudia ondo ikusteko eta elizkizuna ongi aditzeko. Elizkizunak aurrera egin eta berea eman duenean, amaierako unea iristen da, Antonio Amunda-
rainek bertako Ama Birjinari egindako ereserkia abesteko, eta hala, ahots ezberdin guztiek bat eginda, bukaera ematen diote une gogoangarri horri eta bertaratuek egunari ekiten beraien betekizunetan.
Krisi espirituala den garai hauetan, bada ezer hara bertaratzen den pertsonei Ama Birjina horrek eragiten diena. Jakina da bestelako toki batzuetan, Arantzazu eta Itziarren, adibidez, bestelako martxak egin izan direla jende franko leku horietara etorraraziz, baina Antion bezala, bederatzi egunez, ordu horietan, eta gero lanera joateko, halakorik ez.
Zinez, denok dakigu Antio bera eta bere alderdiak paisai-multzo eder izateaz gain, gune espiritual, kultural eta aisialdirako aproposa ere badela. Historia maite dutenek zein ikus-entzunezkoak egiten ari direnek badute Zumarragako gertakari honen inguruko ikerlan polita egiteko aukerarik, halakorik egitera animatuko nituzke, uste dut zeresan handirik badagoela honetan guzian eta herritar ugarik halako egitasmoan esku hartuko luke.
Goiberriko zutabe honen aukeraz baliatuz, bertako Antioko Anaidiako kideei, ostiralero garbitzera joaten diren emakumeei zein Antioko baselizaren inguruan azalpenak ematen duen bertako langileari eskerrak eman nahi nizkieke baseliza hobeto ezagutzeko okasioa ematen digutelako. Hauxe guztia ez litzateke gauzatuko haien lan eskerga egingo ez balitz.
Amaitzeko, baseliza ezagun ez duzuenok aukeraren atea irekia duzue, sartu eta zeuon iritzia eman. Ezagun duzuenok, berriz, gogoz gozatzen jarraitu, egokiro goratu eta gorde. Mendetan eder dena, hala izan bedi. Bitartean, gure arnasak, ahotsak, bihotzak hauxe, etengabe, dio: zureak gara, Antio!
Besarkada handia guztioi!