Asier Iriondo
Kaixo AItor. Zer moduz zure bizitza? Aldian-aldian Goiberrik elkartzen gaitu, baina, aurrez aurre, oso gutxitan izan gara aspaldian. Azkeneko aldiz, ekainaren 18an, Ordiziako Herrikoan egin genuen topo, gu Tximistako bazkariari tiraka eta zuek arratsaldeko po-
teoan. Goierriko Gure Esku Dago lantaldearen otordutik altxatu berri, bertan sortu den giro bikainak ginderabiltzan gu, baina, zu ez zintudan horren umoreko sumatu. Kezkaren bat bazenuen.
Badakit Ahizeko posta elektronikoa aldatu egin duzuela, eta, lehengo .org orain .eus izan arren, Goiberrikoek .org-ra idazten jarraitzen dutela. Hala ere, ez zen hori kezkatzen zintuena.
Ordiziako pintxo-poteak hiru aste baino ez omen zituen aurretik. Hala esan zenidan, baina, tonuagatik ez zitzaidan iruditu garrantzirik eman zenionik. Beste xomorro bat ari zitzaizun tripakiak jaten.
Goierriko Bertso eskolan jaietarako tonbola prestatzen ari zineten eta txandak osatu gabe zenituzten oraindik, baina, ez zenuen zalantzarik osatuko zenituztela. Hori ere ez zen, beraz.
Ampo Ordizia datorren denboraldirako fitxaketen berri ematen hasia zen, eta pozik ematen zenuen, Julen Goia etxera itzuli delako.
Umea gaixorik Beasaingo larrialdietara eramana zenuten, baina, umearen osasuna, dagoeneko, ez zen umore-txartuta zintuena. Ala bai?
Zer gertatu zitzaizun? Eta pasa al zaizu kezka?
Aitor Calvillo
Ongi antzeman zenuen zuk bai nire aldartea! Izan ere hamaikagarren aldiz suertatu baitzitzaigun honelako egoera normalizatu gabea jasatea. Berdin Osakidetza, Carrefour, Eroski… XXI. mendea aurrera doakigula baino euskararen normalizazioan atzera begira jarri behar askotan oraindik. Euskalduntze planak nonahi, normalizazio plana Osakidetzan (bigarrena jada), baina zenbait gauzek (euskara kontuek batez ere) lehengo lepotik burua.
Aipatu egunean semearekin Beasaingo anbulatoriora jo behar izan genuen (ordiziarroi hala dagokigu aste barruko zenbait ordutan eta asteburuetan) larrialdi zerbitzura. Mediku kontsultan sartu eta gure azalpenak ematen hasi orduko «en español» erantzun zigun egokitutako sendagileak. Alajaina! Ni ixilik geratu nintzen (arraroa oso!) eta bikoteak eman zizkion azalpenak espainolez, semea ere mutu zela. Egin beharrekoak txukun eginda nire txanda iritsi zen eta hamaikagarren aldiz erreklamazio orria bete nuen, ohi bezala euskaldunon eskubideen aldarrikapena eginez. Harrerakoa ezaguna nuen eta harrituta galdetu zidan ea gaizki artatu gintuzten. Nik ezetz, primeran, baina espero ez bezala, espainolez. Eta oraingoan bai, jaso nuen erantzuna bertako zuzendari gerentearen eskutik. Hauxe: «Beasaingo anbulatorioko Unitate Buruarekin hitz egin ondoren, zure umea artatu zuen medikua sustituzio bat burutzen ari zela esan digu. Mediku euskaldunak bilatzen saiatzen garen arren, beti ez dugu hau lortzen. Gure erronka da hau lortzea, baina poliki-poliki burutzen ari den lan bat da». Zer pentsa asko eman dizkit erantzun honek baina ez noa orain guztiak kontatzera. Hori bai, erreklamazioak jartzeko ohitura handirik ez dugu sobrare herritarrok, anbulatorioan erreklamazio orriak ezin aurkitu ibili baitziren!