Irakurketa bakarka, norberak bere baitan egiten dugun jarduera da. Bai behintzat literaturazaleok liburuak geure gogoz irakurtzen ditugunean. Inoren agindurik gabe irakurri eta irakurritakoaz inori azalpenak eman beharrik gabe aritzen garenean.
Ez gara hasiko hemen literatura irakurtzearen plazeraz inor konbentzitu nahian (esaldi tipikoa, bestalde, topikoaren seinale). Literaturak dagoeneko harrapatuta dituelako, irakurle taldeak osatzen dituztenak ditut oraingoan hizpide. Eskola garaiak eta derrigorrezko literatura irakaskuntzak bizi dituztenek ere badute tokia, noski, baina jeneralean, adin horretatik eta esperientzia horietatik dagoeneko aldendu direnak dira, herriz herriko irakurle taldeetan dabiltzanak. Literaturazaleak, alegia. Nik dakidanez, Urretxu-Zumarraga, Ordizia, Beasain, Lazkao, Idiazabal, Segura eta Gabirian behintzat, badira irakurle taldeak Goierrin.
Orain Ataunen ere irakurle taldea sortze-lanetan gabiltza. Baina ez gara hutsetik abiatzen: gutako batzuk Ordizian, Beasainen… urteak daramatzagu hilero-hilero, irakurri dugun liburuaz beste batzuekin hausnarketak partekatzen. Ataunen bertan ere aritu zen bere garaian lagun-taldetxo bat. Gainera, bada herrian talde bat urteak daramatzana Liburu Azoka Atauna inguratzen. Ba, talde horietako hainbat lagun elkartu gara eta baietz, aizue! Aukera ikusten genuela Ataunen ere hilero elkartzeko prest geundekeen taldetxoa osatzeko: Ataungo Irakurle Taldea. Badakigulako asko garela liburuak atseginez irakurtzen ditugunok, zorion-iturri zaizkigulako. Eta horietako batzuk gogo onez joango liratekeela liburua esku artean, bakar-bakarrik bizi izan duten esperientzia (bizitza) hori, beste batzuek nola bizi izan duten jakitera.
Inori azalpenik eman beharrik gabe bere borondatez irakurtzen aritzen den hura, noizbehinka inoren altzora gerturatzeko tentazioz egon daitekeelako. Jabetzen delako, literaturara behartuta edo helburu ludikoz edo beste hamaika arrazoiengatik inguratu bazen ere, orain, irakurtzeko gaitasun literario maila jakin baten jabe egin dela. Bere izatea eta inguratzen duen mundua ulertzeko modua baldintzatu diola irakurzaletasunak, nahitaez. Eta, bukaerarik ez duen bizitzen ikaste-prozesu horretan, berak bere kabuz bakarrik ikasitakoa aberastea beste arriskurik ez duela hartuko irakurle taldean.
Irakurzaleen topaguneak jakin-minari erantzuten diolako: irakurle bati edozein generotako literatura-testu batek irakatsi dionari, testu horrek berak beste bati eman diona gehituko diolako. Edmund Wilson idazleak esana omen da, ez daudela bi pertsona, liburu bera irakurri dutenak!
Egiaztatu nahi al duzu hori? Irakurzalea, nahiz oraindik sekula liburu bat irakurri gabea, edozein dago gonbidatua Ataunen aurki lehenengo aldiz elkartuko garen irakurle taldera. Adi, beraz, lehen hitzordua noiz izango dugun herritar guztiak jakinaren gainean jarriko dituen oharrari. Handik aurrera, elkartuko garen guztion artean erabakiko ditugu zein liburu irakurri, zenbateko maiztasunez eta bestelako kontuak.
Gainontzeko herrietan ere beso zabalik hartzen gaituzte, baina topagunea zenbat eta gertuago, jende gehiagorengana iritsi gaitezke. Beste asmorik ez dugu: Atauna edo noranahira, baina Goierriko irakurzaleak, herriz herri martxan diren irakurle taldeetara gonbidatzea.