Gorka Erostarbe
Txikitasunaren amua jaurti zenidan aurreko alean kalekide alproja horrek, eta bai koxk egin ere neuk. Bada, bilo bereko hariari tira egingo diot oraingoan ere. Auzo berekoak gara biok, eta egin nahi nuke auzoaren aldarria, txikitasunaren metafora bizi eta argiena delakoan. Baina ez soilik auzoa jende edo biztanle jakin bat bere baitan hartzen duen kokagune fisiko bezala ulertuta. Ez, ez. Auzoari izaera mental bat erantsi nahi nioke, abstraktua, suprafisiko eta suprageografikoa, eta egun ia gauza guztiek kategoria politikoa dutenez, baita izaera suprapolitikoa ere. Gure auzotik kanpora goazenean ere, auzo egitea (espresio berria to!) izan behar genuke etengabeko desira. Denaren hasiera eta helmuga, bilgune, jaigune, eztabaidagune, plazergune. Gune!
Urteak dira, edo are, hamarkada pasatxo igual, estatu-nazio kontzeptua gainbeheran zela entzuten hasi nintzenetik. Eta neurri batean egia dela frogatu da. Merkatuak, konpainia transnazionalek, eliteen aristokraziak, sosaren gobernuak aspalditxo hartu zioten gaina estatuaren kontzeptuari; baina hara non, azken bizpahiru urtean estatuaren kontzeptua gartsuki eta indar biziz entzun dudan berriro ere hainbaten ahotan. Ez da aldarri berria jakina, eta ez diot oker daudenik ere. Zenbaitek arrapostu egingo dit nola ote litekeen bestela posible herri independente bat. Nik ez dakit. Horra egia. Baina zalantza asko ditut estatuaren kontzeptu klasikoa ote den gure arazoen panazea berria. Enfokea aldatzea datorkit burura, baldin eta gizarte ustelkirasdun hau errotik eraldatzeko esperantza bizirik izan nahi badugu. Eta auzo mental, abstraktu horiek balira gure estatuak? Auzoz auzo eratuko bagenu gizarte berri hori? Akaso auzo guzti horiek sinbolikoki batuko lituzkeen estatu moduko zerbait izan bai, baina harreman eta kudeaketa guneak auzotik auzorakoak eratuko bagenitu?
Tira, bota dizut matraka, Josu. Auzolotsak utzi, jaitsi auzoko tabernara, eta segiko dugu auzo egiten…
Josu Aztiria
Hegoamerikako ezker mugimenduan bizi egon den eztabaida da: munizipalismoaren eta estatu-egitura zaleen artekoa, zapatismoa eta hegemonia elektorala defendatzen dutenen artekoa. Uste dut estatu-egituren papera ez dugula gutxietsi behar, izan ere, funtzionatu dezake ematen zaion norabidearen arabera, behetik gora datozen bizitza-alternatiba berriak hauspotzeko. Baina, behin hori esanda, subiranotasuna auzo eta herrietatik eraikitzea bezainbesteko ideia bizigarririk ez zait bururatzen.
Baina nola eraiki harreman – eta kudeaketa– guneak auzotik auzora? Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zait, zaintzari eta harremanei zentralitatea ematea produkzioaren kaltetan. Zer egin dezaket egunero nire kontsumoa murrizteko eta, aldi berean, nire inguruarekin ditudan harremanak sendotzeko? Hori bai litzate-keela iraultza! Baina, iraultza hori, harreman eta zaintzaren zentralitatea gauzatzeko, errotik desagerrarazi beharko genuke gure herriotan oraindik nagusi den kontrol soziala eta auzokidearen bizitza-aukeren epaiketa moral etengabea.
Gakoa: bizitza ona auzolanean sortu eta norbere bizitza bizitzen uztea.