Eureka! Zientzia Museoan izan nintzen aurreko asteburuan. Oso gustura, egia esan. Eta energia, gorputz, indar, animalia eta elektrizitate artean, aspaldian ahanzturaren zakuan sartuta neukan gai bat etorri zitzaidan akordura: magnetismoa. Alegia, nola imanen poloen eraginez eremu magnetiko bat sortzen den, eta nola izen desberdineko poloak elkartzen ahaleginduz gero, elkar erakarri egingo duten, eta izen bereko poloak elkartzen ahaleginduz gero, berriz, elkar aldaratu. Urruntze eta hurbiltze horiek magikoak dirudite, txikiak ginenean mago ilezuriak kapelatik untxi bizia ateratzen zueneko egoera bezain magikoa. Umeok, nola ez, zur eta lur. Imanetan, behin zeinua ikusitakoan zer gertatuko den badakigun arren, hurbiltze saioa begiak itxita eginez gero, patuak ekarriko diguna ikusteke dugu.
Eta, zer diren gauzak! Gure mundutxo honetan begiak itxita ibiltzeko sekulako ohitura dugu. Bai, bai… ez ikusiarena egitea trikimailu erabilienetakoa da gurean. Guztiok dakigu hori. Hori bai, zenbaitetan begiak majo irekitzen ditugu sare sozialetan dantzan dabiltzan hainbat bideo ikusteko. Euskal futbol talde bateko bi jokalari eta neska bat azaltzen diren bideo ezagunaz ari naiz. Horrelakoetan, begiak itxita izatea hobe litzateke denontzat, baina…
Ezin, antza. Gertatutakoa baloratzeari uko egin ezin diogun moduan. Eurenak egin du! Zertan ari ote ziren pentsatzen? Nola utzi dute bideoa zabaltzen? Neskak nahi ote zuen grabatzea? Mutilen futbol ibilbidean zer eragin izango du honek guztiak?… eta beste hainbat iritzi zein galdera barra-barra botatakoak. Gertatu dena gertatu da, eta ez dago atzera bueltarik, baina bakoitzari berea: egitea libre da (guztion oniritziarekin bada, jakina); grabatzea, buru gutxi izatea; eta zabaltzea, zer esanik ez. Orain, ordea, ondorioak etorriko dira. Eta benetan espero dut neska ez izatea ondorio txarrenak jasan behar dituena, espero dut bera ez izatea hatz erakusle ororen itua. Neskarenak izaten baitira, horrelakoetan, galtzeko guztiak.
Italiako beste kasu bat datorkit burura. Mutil lagunak beste batekin sexu harremanak eduki zitzan eskatu zion neskari, baita grabatzen uzteko ere. Bideoa lauzpabost laguni pasa zien mutilak berak, kontua hor geratuko zelakoan, baina zakurraren putza! Uste eta nahi baino askoz ere gehiago zabaldu zen bideoa, behin txoria libre uzten duzunean batera eta bestera hegan doan modura. Neskak jaso behar izan zituen irainak eta trufak izugarriak izan ziren. Hainbesterako, hilabete eta erdira bere buruaz beste egin zuela. Auzi guztietan bezalaxe, galtzaileak beti galtzaile.
Newtoni sagarrak buruan emandako kolpeak Grabitazio Unibertsalaren Legea ezagutzea ekarri zigun, baina nago bestelako ondorio batzuk ere ekarri zituela, magnetismoak gauza on eta txarrak ekarri dituen moduan. Galde diezaietela, bestela, izen desberdineko poloen eraginez erakarri, grabatu eta sua bezala zabal hedatu diren bideoetan agertu diren pertsonei. Izan ere, nork esan digu munduan begiak itxita ibiltzeko dugun ohitura santua aldatzeko? Eureka!