«Gazteari edari errazago bat eskaini nahi diogu, ardoa edaten hasteko»

MIKEL_ELOSEGI-3

Zabala da Mikel Elosegi Vallejok (Ormaiztegi, 1968) Elosegi Ardotegiak enpresan duen bulegoa, Olaberriko Ihurren. Ardo salmentan mundu zabaleraino iristen da, handik, jarduera. 1883an hasi ziren Elosegitarrak. Aurrekoen bideak irekiz, 1998tik da zuzendari nagusi. Laugarren belaunaldikoa da.

Familia-enpresa batean lau belaunaldi. Nola lortzen da hori?
Lan asko eginda, eta gogo askorekin. Gustatu egin behar zaizu egiten duzuna. Eta helburu bat eduki, beti. Helburura ailegatzen zarenean, beste bat jarri. Beti zer edo zer eduki behar da pizgarria, aurrera segitzeko.

Historia luzeko enpresa da.
Enpresa birraitonak sortu zuen. Handik bi semek segi zuten, eta haietatik beste bi irten ziren. Orain, aurreko bietatik beste bi irten gara. Jose Antonio Elosegi birraitonak Gabiriako bainuetxean lan egiten zuen, eta han hasi zen ardoa saltzen. Gabiria izan zen hasiera, gero Omaiztegi, Goierri eta Gipuzkoa.

Jauzi handia egin zenuten gero.
Desberdina. Logikak esango luke Gipuzkoaren ondoren Bizkaira eta Arabara zabaltzea, eta estatu mailan segitzea. Gu Ipar Euskal Herrira joan ginen, hango banatzaileekin hasita. Supermerkatuetan sartu ginen, eta pixkanaka Frantzia osoa lortu genuen.

Ardoaren munduan Frantzia giltzarria da, ezta?
Bai. Jauzi-lekua da Frantzia. Munduan ardo gehien Frantziak saltzen du. Agente pilo bat daude han. Baina muga bat dute: kosta egiten zaie prezio batetik behera kalitatezko ardoak topatzen.

Frantziako merkatuan jarraitzen duzue?
Une honetan, gure %70 Frantziako merkatua da. Beste %25 munduan zehar, eta %5 Gipuzkoan eta orain hasi garen Bizkai eta Araban. Hurrengo pausoa estatua izango da, baina nahiko zaila dago, egoera ez delako ona, nahiz eta esan hobetzen ari dela. Bartzelona, Madril eta Mediterraneoa kenduta, beste dena oso-oso geldirik dago.

Zuek ardo merkea merkaturatzen duzue. Zer da hori?
Bai, low cost dei genezakeena. Gure ardo oinarria Manchatik ekartzen dugu. Aurten, gutxi gora-behera, 22 edo 23 milioi hektolitro ardo aterako dituzte han. Espainiaren ekoizpenaren erdia da, eta Europako bigarren herrialdea ekoizpenean. Hor aukera handia dago, bai kantitatean, bai kalitatean. Momentu honetan, dauden kooperatibekin eta dauzkaten instalazioekin, nahita egin behar da ardo txarra, bestela ezinezkoa da.

Arlo horretan ere krisia izan da? Pentsa liteke prezio txikiagokoen eskaria handituko zela.
Herrialde batzuetan gehiago saltzen hasi da. Guk esaten dugu ez daukagula ardo txarrik, besteek baino hobea daukagu. Jendeari ardoa gustatzen zaio, eta kontsumoa galtzea kosta egiten da. Ekonomia gaizki doanean, beste alternatiba batzuk bilatzen ditugu. Gure erronka zera izan da: ardoari, soldadutzan bezala, balorea berezkoa suposatzen zaio. Ardoak ona izan behar du, zuzena. Gero, aurkezpen aldetik-eta itxura on bat eman behar zaio.

Negozioa nola doa, oro har?
Orain, Donostiako taberna bati kaxa bat ardo eramatea edo Kaliforniara edukiontzi bat bobidaltzea, guretzat lan berdina da, eta kostuz ere ez dago alde handirik. Frantzian nahiko sartuta gaude; Espainian hazteko lana daukagu oraindik. Munduan, merkatu oso handiak badaude, Frantziatik aparte. Txinan ari gara, baina berezia da, bezero fidelak edukitzea oso zaila delako. Korean badaukagu bat, eta urtean eramango ditu hamar-bat edukiontzi. Hego Amerikan ari gara, pixkanaka: Uruguai, Dominikar Errepublika, Venezuela, Kolonbia…
Ardotan erronkarik inportanteena Amerikako Estatu Batuak da. Kontsumitzaile natoak dira, edozein gauzatan. Han sangriarekin nahiko ondo kokatuta gaude. Bezero bat dugu Kalifornian eta beste bat orain hasteko, bi New Yorken.

Sangriarekin?
Bai. Aspalditik bada Europan araudi bat, eta sangria izendapena Espainian eta Portugalen egindakoak bakarrik izan dezakeela zioen. Inork ez zion kasurik egiten, eta sangria mordoa egiten zen, mundu guztian. Orain dela bi urte Europa nahiko gogor ipini zen, eta hortik kanpora ari zirenek ezin dute jada sangria izena erabili. Hor aukera handa aurkitu dugu.

MIKEL_ELOSEGI-6«Ardotan, erronka inportanteena AEBak da. Gu han ondo kokatu gara, sangriarekin»
«Munduan, ardo txuri kontsumoa geratu egin da, beltza behera doa, eta gorria gora»
«Arabako Errioxa izendapen bereizi izatea ondo ikusten dut»

Elosegi Ardotegiak, banatzaile izateaz gain, ekoizle ere bada.
Guardian upategi txiki bat daukagu. Hori da gure ekoizpen bakarra. Ardo gehiena erosi eta botilaratu egiten dugu.

Olaberrian 25 urte daramazue, 1991tik. Nahiz eta munduan ibili, Goierrin segitzen duzue.
Bai, eta buelta asko eman ditugun arren, hemen jarraituko dugu. Lehen Beasainen geunden, herriaren erdian. Handik irten beharra zegoen. Hona lehenengoak etorri ginen, industrialdean ezer ez zegoenean; Praxair, besterik ez. Hazten joan ahala, pentsatu izan dugu beste pabiloi handiagoren batera joatea, baina hemengo kokagunea topatzea oso zaila da.

Nola moldatzen zarete ekoizpena mundu osora barreiatzeko, logistikari dagokionez?
Logistika aldetik dena asmatuta dago, eta enpresa pilo bat daude. Ardoa hemen betetzen dugu, eta logistikakoek beraien biltegietara eramaten dute, bezeroari zerbitzatu arte. Bestetik, hemen aukerarik ez dugu ekoizteko, eta Toledoko bi upategirekin akordioa dugu, han bertan guretzat betetzeko.

Ardoaren panorama aldakorra da. Kontsumitzeko ohiturak aldatu dira, ekoizteko moduak ere bai. Kaltea ala onura eragiten dizuete mugimendu horiek?
Guk bi negozio dauzkagula esan liteke. Alde batetik, jendeak betidanik edaten duen ardoarena, kontsumitzaileak aldatzea nahiko zaila dena. Hor urteko ardoa, ondua, erreserba bat behar dira. Eta izendapen desberdinak. Horri winery [ardogintza] deitzen diogu.
Beste negozioa inventory da [asmakuntza]. Ardoarekin prestatutako produktuekin aritzen gara. Duela hiruzpalau urte produktu ildo bat atera genuen: ardo gorria pomelo aromarekin, beltza mugurdiarekin, txuria melokotoiarekin… Orain ardo urdin batekin ari gara probak egiten. Sangria mota pilo bat ditugu, bermuta ere bai. Ardoa gatzarekin sukaldeentzako… Beste bezero mota bat dago. Helburua da gazte jendeari edari errazago bat ematea, ardoa edaten has dadin. 20-22 urtekoari zuzenean ardoa ematea zaila da, ez zaio gustatuko. Entrenatu egin behar da.

Txuria modan dago.
Bai, baina hori hemengo arazoa da. Munduan, aspalditik, gehien edaten dena ardo txuria da. Gure tradizioan ardoa, ardo beltza da. Baina erlatiboa da. Txuriaren kontsumoa, munduan, geratzen ari da; beltza behera doa, eta gorria gora. Gazteak gorria edaten duelako.

Hona etorriko da gorri moda?
Bai. Hemen beltzaren modarekin galdu egin da, eta pena da. Zeren aspaldi egin zen lan hori Nafarroan, ardo nafar gorriarekin. Itzultzen baldin bada, izugarrizko aukera da, gaztea gorriaren bila dabilelako. Horrek eramango du beltza edatera.

Arabako Errioxako ardoak Errioxa jatorri izendapenetik ateratzeko mugimenduaz zer iritzi daukazue?
Nik ulertzen dut. Errioxan 250-300 milioi litro egiten dira. Bodega oso handiak daude, eta oso txikiak. Mundu mailan saltzen ari dena Errioxaren izena da, nahiz eta ardo, enpresa eta neurri desberdinak izan. Bodega txiki bati ezinezkoa zaio lehiatzea. AEBetan, adibidez, ikusten dute dendan Errioxa bat 2 euroan, eta ondoan beste bat 5ean. Zergatik? Esplikazio gehiegi eman beharra dago, printzipioz produktu berdinentzako. Mugimendua hortik doa: ados, Errioxa izango da, baina nik nire nortasuna nahi dut, eta nire produktua saldu. Ondo ikusten dut, nahiko ados nago mugimenduarekin. Bideragarria da, bestela bodega txikientzat oso zaila izango delako. Errioxaren edozein promoziotan denak batera sartzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>