Asier Iriondo
Duela gutxi, euskaltegirako eskola bat prestatzen ari nintzela, aspaldi Goienkarian argitaratutako albiste bat berrirakurri nuen. 2004ko maiatzaren 11koa zen eta Sonia Coto arrasatearra zuen protagonista. Orduan 32 urte zituen eta oso gaixotasun berezia: kataplejia. Horrek eraginda, barre eginez gero eskuetan eta masailezurrean ahultasuna sentitu eta zorabiatu egiten omen zen.
Barrean pentsatze hutsarekin ere gertatzen omen zitzaion eta zenbait egoera aipatzen zituen: supermerkatuan laguna orgaz nahastu izana, esaterako, eta halako une irrigarriak. Umerik ezin omen zuen besotan hartu eta emozio handiko sentimendurik izan ere ez.
Ariketa forma eman eta gelara eraman nuen artikulua. Ariketaren atal batean, egunero izaten zituzten une barregarriak zerrendatu behar izan zituzten. Zerrenda ikusteak Soniaren gaixotasunaren gogorraren neurria eman zigun. Bederatzi lagun ziren taldean eta ia ehun egoera zerrendatu zituzten, ordu laurden eskasean.
Pertsonari, heldu ahala, barrea asko urritzen zaiola askotan entzun izan dugu. Ez dakit neurketa horiek nola egingo dituzten, baina, gure taldearen kasua hori bada, umetan makina bat karkar egindakoak dira. Eta, zuen inguruan, Aitor, zein neurritan daukazue barremetroa?
Bestalde, hamalau urte pasa dira eta, Sonia, espero dut gaixotasunari neurria hartuko zeniola eta, barre egin gabe baldin bada ere, zoriontsu izango zarela.
Aitor Calvillo
Barremetroa zein neurritan dugun hemen? Semaforoa gorri esango nuke nik. Politika kontuek ez digute aspaldian barre askorik eragin, ezta euskararen ezagutza eta erabilerari dagozkienek ere (Ataun batean ezagutzaren datua %85era jaitsi da); eta maila pertsonalean kuadrillako laguna galdu berri dugun honetan zer esango dizut ba! Ezin barrez lehertzen hasi!
Tira, ez dugu dena hain ezkor jarriko eta, beraz, bat-batean burura etorritako poztasun une batzuk kontatuko dizkizut: barrez lehertzearen eraginez semeak praketan txiza egin zuenekoa, Kike eta Joxerramonen txisteak kasetean entzuten genituenekoak… Non geratu dira orain honelakoak? Beste hizkuntzetan nonahi (El club de la comedia, Vaya semanita…), baina euskarazko saioak, aldiz, urri eta errepikakorrak (Wazemank…). Inguruan AEK-k antolatutako txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa aipatuko nuke, baina besterik? Argiako eta Arantzazuko egutegietako txisteak, Argia aldizkarikoak… Zer gehiago?
Amaitzeko, Soniaren gaixotasuna aipatu duzularik, semearekin ere orain gutxi egokitu zait etxerako lanetan laguntzea eta gaixotasun arraroren bat topatu eta klaseratzea zuen helburu. Hutchinson-Giford sindromea aukeratu genuen, izena bezain arraroa den gaixotasuna. Zelulen zahartzearekin lotutakoa da eta irudi lazgarriak wipipedian agertzen zirenak. Baina zenbat halako topatu genituen zerrenda luze-luze-luze batean?