Urolako treneko zigortua

Alejandro_ErratzuGipuzkoako Foru Aldundiak frankismoaren garbiketa prozesua pairatu zuten Urolako treneko 123 langileak omendu ditu abenduan. Omenduen artean Alejandro Erratzu zegoen, Anjel Erratzu urretxuarraren aita. Alejandro 1902n jaio zen, Azkoitia eta Zumarragaren arteko mugan: Altxiber baserrian. Garai hartan inguru hura Azkoitia zen eta egun Zumarraga da.

Erratzuk oso lotura estua zuen Urolako trenarekin, trenbidearen eraikuntzan lan egin baitzuen eta ondoren burdinbidean lan egiten jarraitu baitzuen. «Sasoiko mutila zen, nonbait. Trena martxan jarri zutenean, kaltzadore lanetan aritu zen. Harriak jartzen zituzten trenbide-trabesak eta errailak eror ez zitezen», gogoratu du haren seme Anjel Erratzuk.

Burdinbideko langileek lanean jarraitu zuten gerra hasi zenean. Altxatuak Irun eta Donostian sartu zirenean, ebakuazio agindua eman zuten eta Urolako treneko 79 langilek agindua bete zuten: hainbat bagoi eta lokomotor Bizkaira eraman zituzten eta burdinbidean sabotajeak egin zituzten altxatuek erabiltzea saihesteko. Urretxuko zubietako bat bota zuten, besteak beste.

Altxatuek, iritsi zirenean, bando bat plazaratu zuten: 48 orduan lanpostuan aurkezten ez zen langile oro kaleratua izango zen. Bizkaira alde egin zutenak lanik gabe gelditu ziren. Horiei beste bost gehitu zitzaizkien. Guztira, 84 lagun gelditu ziren lanik gabe. Besteek aldi baterako zigorrak jaso zituzten.

Errepublikaren aldekoa zen Erratzu eta gerra hasi eta berehala frontera joan zen. Preso hartu zuten eta gerraren zatirik handiena langile batailoietan eman zuen. «Extremadura aldean egon zen. Sekulako hormak egin zituztela esaten zuen».

Gerra amaitu zenean libre utzi zuten, baina ez zuen lanik. «Garai hartan Azkoitia oso herri erlijiosoa zen eta herri osoak Errepublikaren aldekoa zela zekienez, Urretxura etortzea erabaki zuen. Abarka-konpontzaile lanean hasi zen. Izan ere, garai hartan abarka gehiago egongo ziren zapatak baino!», adierazi du semeak.

Trenbide ondoan hil

Hiru seme eduki zituen 1940ko hamarkadaren lehen erdialdean. Anjel gazteena da. Aita bera jaio eta bi urtera hil zen: 1947an, bihotzekoak jota, Areizaga kalean. Urolako trenbidearen pasonibelaren ondoan.

Anjelek bere aitari buruz dakien guztia ama zenari entzundakoa da. «Amak askotan hitz egiten zuen aita zenari buruz. Ez zituen hitz onak Franco eta Francoren aldekoentzat. Aitari egin ziotena eta aitaren heriotza oso mingarriak izan ziren, baina ondoren zorte apur bat izan zuen: bigarrengoz ezkondu zen, beste alargun batekin». Aldundiaren omenaldiak «poza eman» diela nabarmendu du Anjel Erratzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>