Txotx garai bete-betean

Txotx

Iaz Urbitarten egin zen irekiera ekitaldian ateratako irudia.

Goierriko sagardo denboraldia abian da dagoeneko. Sagardotegi gehienak asteburuan zabalduko dituzte.

Hedabide gehienek Astigarraga eta Hernaniko txotx irekierak hizpide izaten badituzte ere, Goierri gero eta leku nabarmenagoa ari da lortzen Gipuzkoako sagardogintzan. Abenduaren 8an Donostiako Sagardo Apuruan 2016ko uzta aurkezteko egin zen agerraldian emandako datuen arabera, guztira 12,5 milioi litro sagardo egin dira Euskal Herri osoan, horietatik 12 Gipuzkoan.

Sagarrari, orokorrean, heltzea kosta zaiola nabarmendu zuten, eta sagar biltzea azken urteetan baino beranduago egin dela. «Sagarrak asko irabazi du bildu aurreko azken egunetan, bai tamainan eta bai azukre, gazitasun eta polifenol kopuruaren ere, eta azkenerako izaera eta gorputz ederreko sagardoak izan dira».

Ohi bezala, Legorretako Aulia izan da denboraldiari ekiten lehena –Santa Lutzi egunez–, eta gehien-gehienak asteburuan irekiko dituzte: Ordiziako Tximistan atzo -hilak 12– eman zion irekiera Aitor Furundarena soinu-jotzaileak; gaur, Iñaki Artola pilotari alegiarra izango da Zeraingo Otatzan, eta Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariak Zeraingo Oiharten. Olaberriko Etxezuri ere gaur zabalduko dute, eta Ataungo Urbitarte bihar. Altzagako Olagik, berriz, San Sebastian egunez ekingo dio sasoiari.

Irekiera ofiziala 21ean

Sagardotegi guztiak martxan izango badira ere, Goierriko sagardotegien irekiera ofiziala hilaren 21ean egingo dute Aulian Goiturren ekimenez –2015ean Olagin izan zen, eta iaz Urbitarten–. Han, Goiturreko bazkide diren Goierriko zazpi sagardotegietako ordezkariak –Etxezuri sartu da aurten– elkartuko dira. Irekiera ekitaldia eguerdian izango da, 12:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>