Denboraren amarruak

Antxiñe MendizabalUrte berria estreinatzeko, atal honetan argazki berria erabiltzea pentsatu dut, aurreko argazkia majo zaharkitua baitzegoen horrenbeste urtez baliatu ondoren. Ikusten nuen aldiko anakronismo baten aurrean nengoela iruditzen zitzaidan, zineman esaterako, inoiz gertatzen den bezala, Western batean cowboy-a eskumuturrean Rolex bat duela ikusten dugu-nean, edo antzinako film ba-tean, pertsonaietako bat kiroletako oinetakoak jantzita. Labur esanda, gaurko egunean duela hamar urteko argazkia erabiltzeak denboraz kanpo sentiarazten ninduen. Halere, aipatutako argazkiak poz bat baino gehiago eman didala esan beharra daukat, adibidez, urrutiko senideren batek telefonoz esan izan didanean, nire idatziak irakurri ohi dituela eta «azkeneko urteotan ez naizela batere aldatu, igual-igual nagoela». Guztiz ezinezkoa izan arren, betiko gaztetasunaren ilusioa une batez bizi izateko balio izan dit sikiera. Ilusio hutsala halere, izan ere, esaerak dioen bezala, denbora badoa eta gu harekin. Bestalde, gogoan hartu denboraren aurkako edozein erremedio beti dela okerragoa…

Beraz, onartu beharra dago bizirik dagoen guztia aldatu egiten dela. Heraklito filosofo zaharrak esana utzi zuen orain dela 2.500 urte: «Dena etengabeko jarioan dago, horrexegatik ezin dugu ibai berbera birritan jaitsi, bigarren aldiz ibaira jaistean, ez gu ez ibaia berberak ez garelako». Heraklitoren ikasgaiak, beraz, bizitzan aurrera egiteko bi euskarri behintzat ematen ditu: bat, komeni dela egun bakoitza azkena izango balitz bezala bizitzea, hau da onena ematen; eta, bi, egunero daukagula aukera biziberritzeko eta iragana atzean utziz, egoerei lehenengo aldia izango balitz bezala aurre egiteko. Biak praktikan jarriz lortzen da «oraina bizitzea».

Ez naiz bereziki nostalgikoa; ez dut uste edozein denbora zaharrek hobea ematen duenik. Aldi joanak ez dira inoiz itzultzen. Ez dauzkat idealizatuta ez haurtzaroa, ez gaztaroa, ez ikasle garaiak, ez maitemindu nintzeneko egunak edota seme-alabak txikiak zirene-koak. Ez dut uste, ezta ere, honezkero onenak emanda na-goenik, baina itxaropen guztiak etorkizunean jartzea ere ez zait oso zentzuzkoa iruditzen; lehen hala, orain hola, gero ez dago inoiz jakiterik nola. Halere, argazki zaharrak ikusita, beti etortzen zait gogora beste egia berdadero horietako bat: Gazteak baleki, zaharrak baleza. Ezinezkoa da, ordea, esperientziak eta eskarmentuak, hau da denboraren joanak ekartzen dizkigulako ordainetan irakaspenik baliozkoenak.

Immanuel Kant filosofoak esplikatzen du edozein giza esperientzia bizitzeko beharrezkoak direla espazioa nahiz denbora. Horrenbestez, kronologiak balio du denbora-lerro batean iragana, etorkizuna eta oraina finkatzeko. Halere, denbora-lerro geldiezin eta zurrunari iruzur txiki batzuk egiteko modua izan ohi dugu, argazki zaharrak begiratu eta oroimenetan murgiltzen garenean, adibidez. Iraganera bidaia egitea posible da orduan.

Gaurko argazki berri honi begiratzen diot eta Heraklitoren errekarena aurrean jarriko banintz bezala, pentsatzen dut ez naizela dagoeneko argazkiko pertsona bera, eta bizitzak zeharkatu beharreko errekasto berriak jarriko dizkidala parean. Eskerrik asko Buru une horietako askoren lekukotasuna jasotzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>