Inazio Usarralde
Ipar Euskal Herriaz zoan gaurko gogoeta, Joxepa. Lehen aldiz, 1789an Frantziako Iraultza gertatuz geroztik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa onarpen ofiziala duen instituzio bakarrean elkartu ditun, Euskal Elkargoan hain zuzen ere. Aste honetan izan dun presidentea hautatzeko batzarra. Bai hautatu ere, Jean Rene Etxegarai, Baionako auzapeza dena!
Gertakari honen harira bi ideia egin zaizkidan azpimarragarri. Lehena, presidentea hautatu zuten batzarrean izan hituen hautagai gehiago eta, zehazki, Euskal Elkargoaren aurkako jarrera agertutakoak tartean. Hala ere, bozketa lasai ederrean joan huen, hautetsi guztiak bertan zirela, eta «abertzale konpatiblea» (kazetarien artean hala ezagutzen omen diten Etxegarai) presidente, «zentrista» bat. Tokitan gauden Hego Euskal Herri honetan horrelakoak ikusteko. Nahiago niken horrelako jokabideak ikusiko bagenitu Gure Esku Dago dinamikaren aurka daudenengan, esaterako!
Bigarren ideia hauxe dun: ba al dakin lehen eztabaida zerk sortu duen batzar horretan? Euskal Elkargoan euskara erabiltzeko aukera egon behar duela aldarrikatzeak. Argi erakusten din horrek zein bide luzea gelditzen zaigun geure hizkuntza merezi duen gradura igotzeko. Baina, itxaropentsu nagon horretan ere, azkar lortuko dituztelakoan aurrerapausoak. Herri dinamika bizi-bizirik sumatzen delako: Seaska, Herri Urrats, Etxauzia nafartarren etxearen inguruko egitasmoa, Etxepare Lizeoaren alde sagarrondoak landatzeko kanpaina, Zuberoako Maskaradak, Baigorriko Nafarroaren Eguna… Orain instituzioek laguntzen badute biziberritze prozesua azkartuko dun. Hik zer uste dun?
Joxepa Madariaga
Biba Xiberua!!!, Inaxio. Ederra gaia, mahaian jarri duana.
Aurrerapausoa dela iruditzen zaidak, eman dutena. Adostasunak lortzeko lana egin eta denbora beharko ditek, baina aurrera egingo ditek, ez diat dudarik. Arrazoi duk, herria bizirik zagok. «Iparra galduta» ez al gabiltzak, ordea, gu, hegoaldekook? Ez al diagu muga mantentzen guk geuk, euskaldunok? Ez al diagu muga buruan txertatua? Nahiz eta Hendaiara joan, «Frantziako hondartzara» goazela esaten diagu. «Frantziako dentista» bisitatzen diagu, Donibane Lohizunera joaten garenean… Goierritarroi esan behar, Baionako gazteak Tolosako Inauterietara datozenean, Espainiara etortzen direla eta Iruñeko San Ferminetara etorri eta, alde zaharreko Nabarreria eta Estafeta kaleetan, tabernaz taberna poteatzen, Espainian ibiltzen direla! …
Sortu berri den egitura instituzionala, Euskal Elkargoa, eta lehendik ditugunak, Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernua, erakundeak, beren artean hasiko balira harremanetan, eta elkarlanean saiatu, «zenbat gara, 4, 1, 3, 5, 7?» kantak dioen galderari erantzuteko moduan izango ginateke. Eta erakundeen lanaz gain, herritarrok ere muga alde batera utzi (buruan daukagunaz eta egunero erasotzen gaituenaz ez ahaztu!) eta elkartu beharko ginateke. Seguran diagu aukera, aurten ere, martxoaren azken astean, Iparra-Hegoa kultur ekitaldietan parte hartuz, elkarrekin gozatzeko. «7 Euskal Herriek» bat eginda. Izan ontsa eta bizi uros!, adiskideak.