«Ilustrazioarekin nabil azken aldian, betidanik gustatu izan zaidalako»

Laida-Ruiz-Juarros

Goierrin jaio edo bizi den artisten lana saritzen du Arte Plastikoen Goiart sarietako batek. 2016koa, Laida Ruiz Juarrosentzat (Lazkao, 1996) izan da. Lazkaoko San Benito ikastolan ikasia da.  2014an Bilbora joan zen Arte Ederretako fakultatera, Sorkuntza eta Diseinuko gradua egitera. Hirugarren ikasketa urtean dabil: «Izugarri gustatzen zait egiten ari naizen karrera», dio lazkaotarrak.

Goiart sariketan Goierriko saria jaso zenuen Izenbururik gabe lanarekin. Zer jaso nahi izan zenuen zure koadroan?
Klasean egindako ariketekin aurrera egin nahi nuen. Irudigintzako klaseetan gorputzak marrazten ibiltzen gara ia beti, aurpegiaren espresioak alde batera utziz, beraz hori lantzea pentsatu nuen. Bertan aurpegi bat ikusten da marra beltz trazu ezberdinekin, eta ondoren akuarelaz margotuta. Ez nuen ezer jaso nahi; marrazten hasi nintzen eta lan honetara iritsi nintzen.

Horrelako sariren bat jasota al zeunden aurretik?
Ez, lehenengo aldia izan da lehiaketa garrantzitsu batean parte hartu dudala, eta nahiko ondo atera denez, etorkizu-nean gehiagotan parte hartzea espero dut. Orain arte irabazitako sariak diplomak edo antzeko gauzak izan dira, ilusioa mantentzeko sostengua, baina ez artea egiteko. Diru laguntza bat ez da inoiz gaizki etortzen.

Zein arte diziplinatan mugitzen zara?
Azkenaldian ilustrazioarekin, betidanik gustatu izan zaidalako. Umeen liburuetako marrazkiak asko miresten ditut, zeren ia testurik gabe, bertan gertatzen denarekin istorioa berdin-berdin jarraitu ahal dezakezu. Animaziorekin ere lan egin dut, pelikula txikiak eginez. Mundu oso polita dela iruditzen zait, pazientzia askokoa, eta artisten artean antzemate gutxikoa.

Estilo propioa aurkitu duzu, edo oraindik bilakaeran ari zara?
Oraindik bilaka nabil. Uste dut artistok ez garela estilo batean bakarrik mugitzen, beti garatze prozesu batean gaudela.  Marrazki mota bat beti berdin egiten baduzu, azkenean erronka berriei aurre egitea pixka bat zaila izan daiteke. Baina, hala ere, ondo dago zeure burua non dagoen eta zer egiteko gai den jakitea.

Erakusketarik egin izan duzu?
Nire lanarekin ez, baina lagunekin bai. Azaroan eta abenduan eskultura bat eduki genuen Coavn Bizkaia aretoan, Bilbon.  Orain eskultura bera unibertsitateko ikasleen erakusketan ikusteko gai egongo da, Nuffart-eko taldeak antolatua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>