«Etziko lasterketa berezia izango da etxe ondoan izango delako»

Iker Arizti, mono gorriarekin, eta Joseba Astondoa kopilotua, autoaren ondoan.

Iker Arizti, mono gorriarekin, eta Joseba Astondoa kopilotua, autoaren ondoan.

Iker Ariztik (Legazpi, 1994) rally eta rallysprint modalitateetan 2016ko Euskal Herriko pilotu onenaren saria irabazi du junior mailan. Lehenengo aldiz parte hartu zuen iaz Euskal Herriko automobilismo txapelketan, eta emaitzak ikusita, hasiera ezin hobea eman dio automobilen munduan hasi nahi duen ibilbideari. Aurten errepikatu egingo du, eta etzi izango du denboraldiko lehendabiziko lasterketa XIX. Gabiria-Legazpi rallysprintean.

Pilotu onenaren saria jaso duzu 2016an, junior mailan. Espero zenuen?
Ez, sorpresa handia izan da, ez genuen saria jasotzerik espero. Iaz, lasterketa guztietan ondo ibili ginen, 14 egin genituen guztira: 10 rallysprint eta 4 rally. Igoera bat ere egin nuen, Udanakoa. Lasterketa bakarra utzi behar izan genuen, motorreko matxura batengatik. Guztietan joan ginen, poliki-poliki puntuak batzen eta hortik saria.

Noiztik datorkizu zaletasuna?
Etxean haurra nintzenetik bizi izan dut mundu hau. Aitak moto lasterketetan parte hartzen zuen eta osaba txapelketetako mekanikoa izan da. Beti izan dut gustuko mundu hau. Goitibeheretan ere ibili izan naiz, Euskadiko txapelduna izan nintzen. Baina lanean hasi eta zerbait aurreztu nuenean kotxea erosi eta auto lasterketetan hasi nintzen zuzenean.

Zer kotxerekin aritzen zara?
Citröen Saxo VTS batekin, 16 balbuladun motorra du eta N taldekoa da. Serieko kotxea da, sinplea. Behar beharrezko segurtasun neurriak jarri dizkiot, oinarrizkoena lasterketetan parte hartu ahal izateko.

Joseba Astondoa oñatiarra da zure kopilotua.
Kopilotuaren papera oso garrantzitsua da lasterketetan, bera gabe ez nuke ezer egitetik izango. Kopilotuak esaten dizu zer egin eta zer ez egin lasterketan zehar. Horregatik, bion arteko harremanean konfiantza izatea da oinarrizkoena.

Etzi izango duzu denboraldiko lehendabiziko lasterketa, etxean, XIX. Gabiria-Legazpi rallysprinta.
Bai, etziko lasterketa berezia izango da gauza askorengatik. Etxe ondoan parte hartuko dugulako batetik. Urduritasun puntu bat ematen dit horrek, familia guztia egongo da ikusten. Bestetik, bidea oso ondo ezagutzen dut, eta hori beti ez da oso ona izaten. Lehenengo lasterketa ere bada, emozioa handiagoa da.

Zein helburu dituzue aurtengo Euskal Herriko txapelketarako?
Aurtengo helburua lasterketa guztiak amaitzea da. Rally eta rallysprint guztietan parte hartu nahi dugu. Hiru igoera ere egin nahi ditut. Kotxe berdinarekin hartuko dugu parte, hobekuntza txiki batzuk egin dizkiogu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>