«Kazetaria ez banintz, fisioterapeuta izango nintzateke»

Izaro_InsaustiUnibertsitateko ikasketak aukeratzerako garaian, Izaro Insaustik (Lazkao, 1994) zerrendan lehenengo aukera bezala fisioterapia bazuen ere, bigarren aukeragatik egin zuen apustu eta Kazetaritzan lizentziatu zen iaz, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun  Euskadi Irratian tokitxo bat egiten ari da eta kirol munduan murgilduta dago.

Zertan aritzen zara?
Asteburuetan egiten dut lan Euskadi Irratiko informatiboetan, kirolen atalean. Arratsaldeko txandan aritzen naiz, 14:00etatik 21:00etara, nahiz eta futbolak markatzen digun gehienetan ordutegia.
Irratian sartzerakoan, erredakzioko lanarekin hasten naiz; kirol desberdinetan izan diren partiden emaitzak biltzen batez ere, eta ondoren, ordu erdiro sartzen naiz antenan, emaitzen berri eman eta errepasoa egiten joateko.

Lehenengo aldiz zure ahotsa entzun zenuenean, zer?
Ez zitzaidan batere gustatu, ezin nuen sinetsi hori nire ahotsa zenik. Gaur, oraindik, kosta egiten zait nire ahotsa entzutea. Irratian lan egiten dugun askori gertatzen zaigun zerbait dela uste dut. Kaskoak jarri ohi ditut, ingurukoak irratsaioa entzuten ari badira.

Zein da zure jarraitzaile handiena?
Dudarik gabe, nire aitona. Oso harro dago egiten dudan lanarekin eta ez du bat ere galtzen. Kirola, gainera, betidanik gustatu izan zaio eta lankide dudan Joxemari Apaolaza ezagutzen du, lazkaotarra baita bera ere.

Etorkizunari begira zer gustatuko litzaizuke?
Euskadi irratian oso gustura nago eta bertan jarraituko nuke, baina nork daki. Hizkuntzak lantzeko gogoa ere badut, uste dudalako garrantzitsua dela nire lanbidean. Garbi daukadana da Lazkaon bizitzen jarraitu nahi dudala.

Irratsaio baten gidaritzapean ikusten al duzu zure burua?
Ez dut presarik eta, gainera, oraindik ikasteko asko daukat. Momentuz, gustura nago daukadan lanpostuarekin eta horretan jarraitu nahiko nuke. Hala ere, oso polita izango litzateke nire saio propioa izatea.

Zein da ematea gustatuko litzaizuken hurrengo titularra?
Errealaren eta Athleticen arteko hurrengo derbian, bilbotarrek irabazi dutela hiru gol sartuta. Aitortu behar dut Athleticzale amorratua naizela gipuzkoarra izan arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>