Intxaurrak osasun iturri

Joxe_LizarraldeAberatsak dira gantz osasungarrietan, baita zuntz, azido foliko edo kaltzioan ere. Urte guztian zehar jaten dira, baina urrian izaten da jasotzeko sasoia.

Intxaurrak Asia eta Europa hego-ekialdean du berez jatorria. Forma berezikoa da, giza garuna gogoratzen du. Balio nutrizional handia du, gantz osasungarrietan aberatsa da. Zuntz, proteina begetal, azido foliko, magnesio, kaltzio eta B taldeko bitaminetan ere oparoa da. Gaur egun, Amerikar Estatu Batuetan dago munduko produkziorik handiena.

Intxaurrek, gurean ere tradizio handia dute. Urte guztian zehar kontsumitzen ditugu, zer esanik ez orain, sagardotegi garai bete-betean. Zumarragako Agerre baserrian ondo dakite hori, urteak baitaramatzate intxaurren ekoizpenean. Inguruko baserri gehienetan bezala, behiak zituzten garai batean Agerren. 1989an kendu zituzten, Joxe Lizarraldek esan duenez, eta orduan erabaki zuten baserriko lurretan intxaurrondoak sartzea.

Intxaurrondo motak

Ordu hartan proiektua modu esperimentalean hasi zutela oroitzen du. «Txertatutako intxaurrondoekin hasi ginen. Proba modura baserri inguruan zeuden intxaurrondo onenen haziak landatu genituen, baita kanpoko zenbait barietate ere», dio. Franketa izeneko barietatea landatu zuten batez ere, «Iparraldeko klase bat da, goxoa jateko, mamitsua, erraza puskatzen eta bertako klimara ondo egokitzen dena», gehitu du. Gaur egun ere mota horretakoak dituzte gehienak.

Lizarraldek dioenez, intxaurrondoak landatu eta 2-3 urtetan hasten dira fruitua ematen, baina denak bezala, formazioa behar dute. «Ale asko eta onak emateko 8 edo 10 urte itxaron behar izaten da».  Agerren 400 bat intxaurrondo dituzte lau hektareatan banatuta. Iazkoa urte oparoa izan zen, «ez dakigu zergatik baino ohikoa baino intxaur gehiago eta ona izan dugu», dio.

Urria izaten da intxaurrak jasotzeko sasoia. «Lurrean daudenean jasotzen ditugu, dena eskuz egiten dugu», azaldu du. Ekologikoan aritzen dira, eta horregatik simaurra eta karea erabiltzen dituzte ongarritzat. «Tratamenduren bat behar izanez gero kobre sulfatoa ematen diegu». Gainontzean zuhaitzak inausteari garrantzia ematen diote. «Martxoa izaten da inausteko garaia, lau urtez behin inausten ditugu arbolak, urtero txandatuz». Argia eta haizea zuhaitzaren adar guztietara sartzeko inausten dituzte.

Intxaurrak jaso eta poltsetan bildu arteko prozesu guztia eskuz egiten dute. Jaso eta garbitu ostean, sailkatu egiten dituzte, ondoren, ganbaran 30 bat egunez sikatzen uzteko. Azken sailkapena egin eta poltsetan sartzen dituzte saltzeko. Gehiena baserrian bertan saltzen dute. Aurten kontsumo taldeetara ere bideratu dituzte. Bide berriak arakatze aldera, intxaur olioa egiten hasi dira orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>