Negu gorririk ez aspalditik

Maquetación 1

Zeru urdin-urdinekin eta tenperatura atseginekin agurtu zen aurtengo negua martxoaren 20an, goizeko 11:28an. Atzean geratu zen abenduaren 21ean hasi zen 88 egun eta 23 orduko urtaroa, eta ekainaren 21era arte luzatuko den 92 eguneko udaberriari eman zion erreleboa.

Eguraldiari dagokionez, Legazpin, Ordizian eta Zegaman jasotako datu meteorologikoak aurrean, negu gorririk ez da izan aurten ere, egun batzuetan hotz handiak egin baditu ere, eta zero azpitik egun asko jarraian. Beste muturrean, uda giroa ere izan da urtaroaren amaierako hainbat egunetan, tenperatura beroekin. Bestalde, elurrik ez du egin, mendi tontorretan izan ezik, eta euria ere ez garai horretarako nahi zitekeen beste.

Hotza eta izozteak

Ormaiztegiko igerilekua izoztuta urtarrilaren 20an . / J.L. Otaegi

Ormaiztegiko igerilekua izoztuta urtarrilaren 20an . / J.L. Otaegi

Dudarik ez da: aurtengo urtearen hasiera hotza izan da. Tenperatura erregistroak begiratu besterik ez dago. Urtarrilean, 16 egun izan dira termometroa 0 azpitik ibilitakoak, 12 egun Legazpin (iaz hiru izan ziren negu osoan).  Marka utzi dute, gainera, tenperatura horiek, azken urteotako minima bajuenak jaso baitira: -5 gradu Ordizian urtarrilaren 7 eta 8an, -4,5 gradu Legazpin urtarrilaren 20an eta -4,3 gradu Zegaman urtarrilaren 18an. Azken egun horretan, gainera, tenperatura maximoak ez zuen 0 gradura iristea lortu, eta -2,8 gradutan geratu zen termometroaren marratxoa Legazpin (Zegaman -2an eta Ordizian 0an). Izozteak izan ziren tenperatura baju horien ondorio zuzena, ez bakarrik urtarrilean zehar, baita otsaileko egun batzuetan ere. Erreka eta putzu ugari izoztu ziren orduan, baita igerilekuak ere, Ormaiztegikoa kasu –urtarrilaren 20an ateratako argazkian, eskuinean–. Urte amaiera ere ez zen makala izan, eta abenduaren 29 eta 31 bitartean -1,6 eta -2 gradu artean ibili ziren minimak. Hala ere, eguraldi bikaina izan zen egun haietan eta hartaz gozatu ahal izan zuten, esaterako, Urtezahar egunean Aizkorriko gainera igo zirenek –goiko irudian–.

Egun hotzak bai, izan dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ere ezarri du behin baino gehiagotan tenperatura bajuagatik, baina erregistro horiek ez dute garai bateko negu gorriaren arrastorik ere utzi. Izan ere, beste muturrean, egun beroak ere izan dira neguan zehar, batez ere amaieran. Hala, 26-27 gradu ere neurtu dira, uda-udako tenperaturak, martxoaren 10-11ren bueltan, eta negu osoko maximen artean 15 gradukoa izan da bajuena, hau da, ohi baino altuagoa.

Batez bestekoak elkartu, eta 2016-17ko negua ez da izan, beraz, hotza. Hotza izan zena, 1956ko negua da, Irakurle batek baino gehiagok gogoratuko du ziurrenik, elurte urtea izan baitzen hura. Elurra egunez egin, eta gauez izotza, Goierriko hainbat herritan egunetan egon omen ziren haurrak eskolarik gabe, eta pinuak ere izoztu  omen ziren.  Villlabonan neurtu zen Gipuzkoako tenperatura minimoa otsailaren 3an: -13,6 gradu. Goierrin ez zen urruti ibiliko.

Elurrik ez, eta euri gutxi

Urte zaharrari agur esateko Aizkorrira igo zirenek eguraldi bikaina izan zuten goizean zehar, eguna zero azpiko tenperaturekin hasi bazen ere. / Mikel Aldasoro

Urte zaharrari agur esateko Aizkorrira igo zirenek eguraldi bikaina izan zuten goizean zehar, eguna zero azpiko tenperaturekin hasi bazen ere. / Mikel Aldasoro

Elurra izaten da, hain zuzen, neguraren adierazleetako bat. Azken honetan, aurreko urteetan bezala,  ez du egin, mendietan soilik. Urteak dira, egia esan, herrietako kaleetan, ezta inguruko zelaietan ere, elur geruza sendoak ikusten ez direla. Lehen aipatutako 1956ko elurte haien ondoren, 1985koak izan ziren handienak, Errege egunaren bueltan. Geruza lodia orduan, eta tenperatura bajuek eraginda, iraunkorra gainera.

Euria, berriz, ez du apartekorik egin, alderantziz, ohikoa baino gutxiago. Ordizian 413,9 litro egin ditu guztira, Zegaman 427,2 eta Legazpin, hiruretatik euritsuena, 448,3. Urte osorako aurreikuspenak 1.500 litro ingurukoak direla kontuan hartuta, udaberrian eta udazke-nean bakarrik egingo al du!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>