Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Gure inguruan galtzen sumatzen ditudan ohituren artean, bada bat, oharkabean pasatzen delako edo, iraganaren nostalgikoei inoiz entzuten ez diedana. Gizarteko beste hamaika aldaketa komunikabideetan, iritzi-liderren ahotan edo ingurukoen (bereziki adinekoen) hitzetan behin baino gehiagotan izaten dira solaserako gai: dela mugikorraren erabilera, dela txikitan naturan jolastea, dela elizara joatea… behin eta berriro entzuten ditugu halako eta bestelako iritziak horrelako gaien inguruan. Bada ordea beste fenomeno bat, nahiz eta aldaketa-izarren solasaldien top 10-etik kanpo geratu, erabat galtzen ari dela esango nukeena: etxera bisitan joateko ohitura, inongo arrazoi berezirik gabe auzokoaren edo sendikoen etxera bisita egitera joateko ohitura hori.

Gure herri eta auzoetako bizitzetan, harreman-sareen oinarri-oinarrian egon da besteen etxera bisitan joatea. Ez orain lagun edo familia gisa dauzkagun horien etxeetara arrazoi konkreturen batekin joatea: bazkari bat dela, edo zerbait konkretua ospatzen dela, edo antzekoetan joatea. Baizik eta, auzoa edo sendia (modu zabalean ulertuta) bisitatzera joatea inongo aitzakiarik edo arrazoirik gabe, zer moduz dauden jakin eta elkarrekin solasaldia eginez, arrats eder bat igarotzeko bestelako motibo eta behar berezirik gabe. Zenbat eta zenbat ardo-gazta eta kafesne-gaileta konbinazio ez ote zen egingo gure etxeetan, bisitara etorritakoarekin solasean!

Bizitzako beste ohitura aldaketa batzuekin batera, hau ere aldatu eta ia desagertzear dagoela esango nuke. Eta egiari zor, kezkaz bizi dut aldaketa hau; ez bisitak agortuko direlako, baizik eta bisita horien oinarrian dagoen gizarte-harreman ereduaren indar erraldoia, gizarte kapital eta komunitatearen balio erraldoia, ahultzen ari garelako (seguruenik oharkabean). Munoa-GorrotxategiEta atrebentzia ez bada, Eneritz, zuk noiz egin zenuen azkeneko bisita?

Eneritz Gorrotxategi

Duela gutxi lankide batek aipatu zidan esamoldea etorri zait burura zure idatzia irakurrta. Gaur egun harreman birtualak nagusi diren honetan… (izan lagun artekoak whatsappez, edo lanekoak posta elektronikoz nahiz telefonoz) harremanak desbirtualizatzera egin beharko genukeela. Alegia, aurrez aurrekoari garrantzia eman eta, berreskuratu. Halere azpimarratzekoa da garai batean harremanak plazan, parrandan aurrez aurre ezagutu ondoren hasten zirela, baina gaur, whatsappeko galdera batekin hasten omen dira.

Baina, bada teknologia tarteko gertatzen den fenomeno bitxi bat ere, eta badira horren adibideak: askotan alboko herrian bizi den laguna ikustea baino errazagoa da munduko beste puntan bizi eta whatsappeko talde berean duzun lagunaren berri izatea. Bateko argazkia bidal diezazuke, edo bideoren bat… Egunero izan dezakezu berarekin harremana, bertan balego bezalaxe ia-ia.

Gizartea garatzen dihoan neurrian, kontzeptuen edo hitzen esanahia aldatu egiten da. Lehen etxean bizi egiten zen, etxeko sukaldea zen familiaren solasgune edo biltoki, baina gaur bizimoldeak, lan ordutegiek… etxean lo egiten uzten dute soilik. Egunerokoa aldatzen ari da, beraz askotan etxera etortzea baino nahiago izaten da tabernan, orduaren arabera kafe edo ardo baten inguruan elkartzea. Nik aitortuko dizut sarri egin ohi ditudala bisitak eta horrela eskatuz gero, lasai, prestatu gailetak, laister hortxe izango nauzu eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>